Zuzendari lanetan estreinatu berri da Aitziber Garmendia Zaldibiako antzezle kuttuna, goierritar kutsua duen ‘Kanpora sartzen’ lanarekin. Hala ere, nahiago du taula gaina eta interpretazioa orokorrean. Bi antzezlan ditu esku artean orain, eta batek, Telmo Iruretarekin konpartitzen duen ‘Sexberdinak’ lanak izugarrizko poza eman dio aste honetan, Max sarietan produkzio onenaren aitortza jasota.
Nola hasi zinen antzezleen munduan?
Zaldibiako Lardizabal Herri Eskolan, inauteri jai batean, 11 urte nituela. Kuadrillakoekin batera play-backa egin beharrean, antzerkia egin nahi nuen, eta Aniuska nire lagun minak eta biok testu txiki bat idatzi genuen, Mari Puri eta Euxebio aittona-amonen istorioa. Ni Mari Puri nintzen. Oraindik gogoratzen dut zer sentitu nuen jendea barrez entzun nuenean. Orduan pentsatu nuen hura sentitu nahi nuela bizitza osoan.
Barre eragiten hasi zinen,beraz.
Nire lehen inpultsoa izan zen, natural ateratzen zitzaidana zen jendeari barre eragitea. Gerora ikusi dut erregistro gehiago daudela eta horiek ikasi eta sakondu behar direla. Talentua behar da, baina formakuntza ere beharrezkoa da.
Non jaso zenuen zuk formakuntza?
Beasaingo antzerki eskolara joan nintzen, Rosa Rojorengana. Eskola hartan gezurra esanda sartu nintzen, 15 urte behar zirelako eta nik 13 nituen. Gero, Donostiako arte eszenikoen eskolaren berri izan nuen, TAE, hiru urteko ikastaroa zuena, eta han 15 urterekin lortu nuen sartzea, oso gazte. Goizetan institutura joaten nintzen Ordiziako Oiangurenera, Kisketen bakarrik bazkaldu eta trena hartuta joaten nintzen. Hiru urte izan ziren, eta azkenak bat egin zuen karrerako lehen ikasturtearekin.
Zer ikasi zenuen?
Zuzenbidea. Praktikak ere egin nituen, baina berehala konturatu nintzen ez zela hura nik nahi nuena. Gainera, ordurako lanean nenbilen.
Noiz hasi zinen lanean?
TAEko ikastaroa amaitu eta lana atera zitzaidan antzerkigintza profesionalean, Tanttaka konpainiarekin.
Atera egiten dira lanak, edo bilatu egin behar dira?
Bilatu egin behar dira, eta hasierak ez dira errazak. Baina nik zortea izan nuen, TAEko hirugarren mailan, 18 urterekin, irakasleetako bat Tanttakaren hurrengo lanaren zuzendaria zen, eta begia bota zidan. Deitu ninduten proba baterako, eta handik lortu nuen lehen lana.
Zein izan lehen lan profesional hura?
Historias terraterrestres, Tomas Afan Muñozen testu bat, umore beltza zuena. Nik bat egiten nuen umore klase harekin, eta oso gustura egon nintzen. Nire lehenengo aldia izan zen antzerkigintza profesionalean. Kariño handiarekin gogoratzen dut.
Zein sentsaziorekin igotzen da oholtzara antzezle profesional gisa?
TAEn erakustaldi batzuk eginda nituen, baina lanik egin gabea nintzen. Sentsazioa izan zen ametsak betetzearena, kristoren poza, urduritasuna ere bai. Baina ez da oraingo urduritasuna, orain nolabaiteko erantzukizuna sentitzen dudalako. Orduan ez nion inori ezer zor, eta hark lasaitasuna ematen zidan. Hori faltan botatzen dut gaur egun.
Orain kunplitu egin behar da, ezta?
Orain jendeak maila bat espero du, eta beti daukat zama hori, inori ezin diodala hutsik egin.
Zer etorri zen lan haren ondoren?
Hura egiten ari ginela Euskal Telebistako Martin telesailerako deitu ninduten, eta zazpi urte egin nituen! Tarte horretan hainbat antzezlan ateratzen joan ziren, eta pixkanaka nire lekua bilatzen hasi nintzen. Zikloak egoten dira, eta ordutik lanik gabekoak ere egon dira. Horietan egotea jakin egin behar da.
Nola egiten zaio aurre lanik gabeko ziklo bati?
Oso gogorra da. Gurean, ziurgabetasuna dago, ez dakizu urte honetan lan egingo duzun ere. Onartu behar duzu arte lanbidea horrelakoa dela, eta horrekin bizitzen ikasi behar duzula.
Zuk azkenaldian ez duzu behintzat horrelako arazorik izan.
Azkenaldiko zikloa egonkorra izaten ari da, oparoa, lan askorekin nabil, eta gauza askori ezetz esan behar izan diot.
A ze zortea!
Zortea da, baina pena handiarekin ematen duzu ezezkoa, eta kontziente izanda pribilegiatu bat zarela. Etorriko dira berriz ere ziklo lasaiagoak, eta etorri behar dira gainera. Denbora guztian beti pertsona bat badugu aurrean, nekatu egiten gara, pantailan batez ere. Horregatik, nahiago dut tarteka desagertzeko erabakia nik hartzea, eta jendeak ni faltan botatzen nauela jakitea. Tarte horretan ahazten bazaituzte, gogoratuko zaituzte aurrerago. Ahaztea baino askoz ere okerragoa da aspertzea.
Zinema ere egin duzu.
Filmatu nuen lehenengo pelikula Aizpea Goenagak zuzendutako Sukalde kontuak izan zen, inoiz egin dudan casting txarrena egin eta gero. Baina Aizpeak oso argi zeukan ni izango nintzela. Horrek erakusten dizu zein labainkorra den mundu hau. Zure esku dago bakarrik %30a, eta gainerakoa da zuzendariak daukan irudi hori da, ekoizleek eskatzen dutena, sare sozialetan eskatzen dena…
Zineman lan egitea desberdina al da?
Antzerkia, telebista eta zinema hiru diziplina ezberdin dira. Antzerkiak dauka momentua, ez dago errepikatzeko aukerarik, eta denbora-espazioa aktoreak kontrolatzen du. Telebista da erritmoa, eta bizkortasuna, sekuentziak atera behar dira, programak atera behar dira, eta aktore bezala eskarmentu handia hartzen duzu. Zinemak perfekzioa dauka, posizioaren eta interpretazioaren aldetik, gezurra esateko oso aukera gutxi dago, eta denbora-espazioa ez duzu kontrolatzen. Nik behintzat sentsazioa izaten dut ez dudala kontrolatzen, eta horrek urduri jartzen nau.
Zein gustatzen zaizu gehien?
Antzerkian disfrutatzen dut gehien. Igual da eskarmentu handiagoa daukadala, edo aktore bezala antzerkian jaio nintzela. Telebista eta zinema ere gustatzen zaizkit, baina erosoen antzerkian sentitzen naiz, kontrola nik daukadalako, eta momentuko erantzuna oso benetakoa iruditzen zaidalako. Jendeak barre egiten duenean, barre egiten du, hunkitu egiten denean, hunkitu egiten da eta nik ikusi egiten dut hori.
Eta pertsonaiak, nolakoak gustatzen zaizkizu?
Erregistro komikoarekin ibiltzen naiz askotan, eta horrek oso eroso sentiarazten nau. Oso gozagarria da jendeari barre eragitea, oso zaila ere bai aldi berean. Jendeak ni ikusita barre egin duela esaten didanean… nik horri balio handia ematen diot. Baina niri pertsonaia konplexuak, oso humanoak direnak gustatzen zaizkit, eta hor komedia badago, ezin hobeto. Horrelakoak dira, adibidez, Erlauntza-ko pertsonaia, edo Sexberdinak lanekoa.
Bi lan horiez gain, zein gehiago nabarmenduko zenuke?
Bat aukeratu beharko banu, Erlauntza aukeratuko nuke, baina 2006an estreinatu genuen Emakumeak izarapean ere nire lan kuttunetako bat da. Biak Mireia Gabilondok zuzendutakoak dira. Gero, 2016an Donostia Europako kultur hiriburu izan zenean Kristina-enean egin genuen Uda bateko ametsa nik parte hartu dudan proiektu berezienetakoa izan da. Ezkontza bateko ezkongaia nintzen, eta ikuslegoa banketeko gonbidatuak. Antzezlana mugitzen joaten zen parketik. Zoragarria izan zen.
Sexberdinak aipatu duzu lehen, Max sarietan izan da.
Bai, eta produkzio lan onenaren saria irabazi du. Ikaragarria da! Ni ere emakumezko aktore onenaren sariko finalista izateko hogei hautagaietako bat izan nintzen, lan horregatik. Hautagai izatea bakarrik aitortza handia da, estatu osoko aktoreen artean hautatzen zaituztelako.
Zer izango litzateke zuretzat horrelako sari bat irabaztea?
Amets handi bat. Max sariak oso garrantzitsuak dira, antzerki lan bategatik saritua izatea handia da. Baina topiko bat badirudi ere, nik nahi dudana da lanik ez faltatzea eta proiektu zoragarrietan lan egiteko aukera izatea. Hortik aurrera, sariak etortzen badira, ongi etorriak izango dira.
Etorri dira batzuk…
Bai, eta poza ematen dute, baina hori ez da lehentasun bat niretzako.
Max bat irabaziz gero, zeini eskainiko zenioke jasotzeko momentuan?
Aurrena, ama Joxepiri, beti hor egon delako eta askatasuna eman didalako nik nahi nuena egiteko. Amaren ondoren, familia osoari ere bai, eta inguru osoari, hau da, nik denbora eskaintzen ez diedan horiei guztiei, lagunei, kuadrillari… Eta lankideei ere eskainiko nieke, zuzendariari ere bai, noski.
Denbora kontua aipatuta, nolakoa da aktore baten egunerokoa?
Ni oso zoriontsu egiten nauen eguneroko bat da, asko disfrutatzen dudan lan bat dudalako. Baina egia da denbora falta zaidala nire jendeari eskaintzeko, eta horrek batzuetan triste jartzen nau. Azken txanpa honetan, gaur entsaioa hemen, askotan emanaldia ez dakit non, bihar goizean trena edo abioia hartuta Madrilera filmatzera, eta hura bukatutakoan berriz ere buelta hemengo funtziora iristeko… Horrelakoak dira egun asko. Lan honetan, estualdi une handiak daude, loa kentzen dizutenak, desorduetan jaten duzun uneak…
Orain zertan zabiltza?
Martxoa eta apirila antzerki obren birarekin joango dira, Inoiz ez naiz Dublinen egon eta Sexberdinak, Madrilgo beste bi filmaziorekin bateratuta. Bi plataformetarako serieak dira.
Euskaraz eta erdaraz egiten duzu lan?
Gehiena euskaraz egiten dut, baina erdaraz ere bai. Antzezlan bakoitza bi hizkuntzatan estreinatzen dugu, Euskal Herritik kanpo ere ibiltzeko. Lan bakoitzeko bi testu izaten ditut buruan, eta orain bi antzezlanekin nabilenez, lau ditut buruan… Gehiagorekin ere ibili izan naiz batera.
Zuzendari lanetan ere hasi zara.
Bai, Kanpora sartzen antzezlana zuzentzen ari naiz. Aurretik pieza txikiak zuzendu izan ditut, duela zazpi urtetik zuzentzen dut Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko gala Victoria Eugenian, baina lan oso bat zuzentzeko aukera orain suertatu zait. Txaloko Xabi Agirrek deitu zidan, laguna eta lankidea izandakoa, eta esan zidan obra bat zuela, oso pertsonala eta berezia, eta zuzendaria ni izatea nahi zutela. Xabin Fernandezek idatzitakoa zen, eta komediatik eraman nahi zuen. Testuak bazuen komedia kutsua, baina zuzendaritzatik ere saiatu naiz komedia gehiago sartzen. Hain lan pertsonala da, hain ausarta eta hain berea… Ekipo ia dena goierritarrak gara. Xabi Legorretakoa da, Xabin idazle eta aktorea ere bai, Sara Cozar zuzendari laguntzailea Ordiziakoa, ni zaldibiarra… Lasarteko Intza Alkain adoptatu dugu goierritarren artean.
Ba al duzu harremanik Zaldibiarekin?
Orain dela 15 urte Donostiara joan nintzen bizitzera, baina harremana dut oraindik herriarekin. Familia eta kuadrilla Zaldibian bizi dira gehienak, ama Idiazabalen bizi bada ere. Ez bezainbeste, baina ahal dudan guztietan joaten naiz, etxekoei bisita egin, izeba-osabekin egon, eta kuadrillarekin santafetan… hori ez dut barkatzen. Nire jaioterria da, eta hasieratik oso gertutik jarraitu nauen publikoa da, nire publikorik zintzoena, oso leiala. Zaldibiakoa da ni urdurien jartzen nauen oholtza.
Zer esango zenioke zu bezala gazte-gazte hasi nahi duen antzezle bati?
Aurrena-aurrena, sinisteko balio duela, eta sinisteko egin dezakeela, eta behin hori sinisten duenean, ekiteko horri. Amets egin dezala, eta pentsatu dezala ametsak egi bihurtzeko direla.
Euxebio eta Mari Puri
Euxebiok eta Mari Purik markatu zuten Aitziber Garmendiaren antzezle karreraren hasiera 11 urte besterik ez zituenean. Pertsonaia haiei ateratakoa da zaldibiar honen argazki kuttuna, «dudarik gabe». 1995eko inauteriak ziren, «denetan karnabalik onena», argazkiaren atzean aktore gaztetxo hark idatzi zuen bezala, saria irabazi baitzuten emanaldiarekin, launa pastel. Aniuska, orduko bere lagunik onena izan zen Euxebio, eta bera, Mari Puri.
Argazki hori etxean du enmarkatuta, eta estreinaldi guztietara ere eramaten du amuleto gisa. Ez dauka beste superstiziorik, baina «mania txikiak bai», baditu: «Donostiako Antzoki Printzipalean beti hirugarren kamerinoa hartzen dut».
Zaldibiako eskolako emanaldi hura izan zen aktore honen ibilbide emankorraren abiapuntua. Hogei urte egin ditu aktore profesional gisa, eta antzerkia, telebista eta zinema jorratu ditu, baita irratia ere. «Txiki-txikitatik neukan ohitura Segura Irratira deitzeko, jendea agurtzeko, kantak eskatzeko… Euskadi Irratian ere bazen goizetan programa bat, katuak esnatzeko programa edo… galdera bat egiten zuten eta asmatzen bazenuen, katua esnatu egiten zen… Horren erruz, askotan eskolara berandu iristen nintzen. Ikusten denez, farandula oso txikitatik gainean neraman dagoeneko!».
Segura Irratian egin zuen Garmendiak bere lehen saioa, 9 urte eskas zituela. Gabon batzuen atarian haurrentzako saio berezi batean parte hartzeko deitu zuten, haur bat behar zutelako aurkezten laguntzeko. «Oso esperientzia polita izan zen».