Iker Sukiak (2001) Arantzazuko Artzain Eskolak ikasketak egin eta 18 urte zituenean, Isidro aitaren lekukoa hartu zuen. Maiatzaren 27an eramango du artaldea Aralarrera. Musikaria ere bada lazkaotar gaztea: trikitia eta bateria jotzen ditu. San Prudentzio jaietarako prest dago.
Ardiek utziko al dizute festarako astirik?
Bai, bai.
Oraindik etxe inguruan duzue artaldea. Udan non izaten dituzue ardiak?
Udan Aralarren. Hilabete barru, maiatzaren 27an, daukagu eramateko asmoa.
Lan gutxixeagoko garaia izaten al da hori artzainentzat?
Lasaiago bai alde batetik, baina bestetik, eskulan gehiago egin beharra dago. Gaztandegian makinen laguntzaz egiten dut gazta. Ardiak jezteko makina ere txikiagoa daukagu mendian: gaztandegian 18naka jezten ditut eta mendian, binaka. Hala ere, ardiek ez dute behean adinako esne kantitaterik ematen. Kalitatez hobea da, Aralarreko larreetako belarra bakarrik jaten dutelako. Hemen, larreko belarra baina pentsua eta alpapa ere bai.
Mendian egindako gaztak etiketa berezia izaten du.
Bai, orain sartu gara mendiko gaztan. Ezberdinak izaten dira.
Iazko lehortearekin nola moldatu zineten?
Ni oraindik gaztea naiz, baina horrelako udarik ez dut ikusi oraindik, eta aitak [Isidro] ere horrela esaten du. Urarekin ibili ginen gaizki.
Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko arduradunen esanetan, gaztaren salmentaren aldetik, garai ona bizi duzue.
Bai, aurten bezainbeste, inoiz ere ez dugu saldu. Etxetik saltzen dugu gazta gehiena, etxera bertara jende asko etortzen da. Zorte hori daukagu, zuzeneko salmenta. Geroz eta gazta gehiago jaten dela ikusten da.
Apirilaren 12an inauguratu zen ofizialki Idiazabal Gaztaren denboraldi berria Ordizian. Horrelako ekitaldiak lagungarriak izaten dira?
Gazta egin eta bi hilabetera egoten da jateko prest. Gu abendu hasieran hasten gara gaztak egiten eta otsailean hasten gara saltzen. Ordiziako ekitaldi horrek laguntzen du. Jendea zain izaten da normalean. Iaz ere, Gabonetarako gazta guztiak saldu genituen eta bi hilabetean beste artzain baten gaztak saltzen aritu gara.
Gazta goxoa egingo duzue…
Aitak erakutsitakoa bezalakoa egiten dut nik.
Noiz hartu zenion erreleboa aitari?
16 urterekin Artzain Eskolara joan nintzen, eta 18 urterekin hartu nuen ardura, aita jubilatu zenean. Beti hemen ibili gara eta gustura.
Aita gustura egongo da…
Gustura eta lasai. Aitak inoiz ere ez gaitu behartu, baina nik argi neukan jarraituko nuela. Artzainaren lana sakrifizio handikoa dela esaten dute askok. Lehen bai: uda guztian mendian egoten zen artzaina, inorekin egon gabe… Baina orain ez. Besterik ez dut probatu, baina niretzat hau baino lan hoberik ez dago. Lan lotua da, baina lasaia.
«Nik zortea izan dut, aitak hasitako bidea jarraitu dudalako. Ukuilua eta ardiak banituen»
Artzain Eskolak lagunduko du gazteek artzaintzaren aukera egin dezaten.
Artzain Eskolak lagundu du bai. Nik hala ere zortea izan dut, aitak hasitako bidea jarraitu dudalako. Ukuilua eta ardiak banituen. Gaztandegian hobekuntza batzuk egin ditut: janarentzako zinta, traktorea erosi dut, aterpe berria… Horretaz gain, gaztaren izena ere banuen. Isidro gaztak izen bat badauka Goierrin.
Gaztaren izena mantendu duzu, beraz.
Bai. Argazkia bai, aldatu egin dugu. Lehen aita ateratzen zen eta orain ni.
Musikaria ere bazara. Musikari lanik ba al daukazu San Prudentzio festetan?
Gaur [apirilak 21] hasten dira festak baina atzo taberna baten inaugurazioan jo genuen Hell Riders taldearekin. Aritz Markinezek, Iban Irastorzak eta hirurok osatzen dugu taldea. Bateria jotzen dut; Aritz Markinezek baxua eta ahotsa, Iban Irastorzak gitarra. Punk-rock estilo musika jotzen dugu.
Kontzertu asko izaten dituzue?
Ez. Asko ere ez dut nahi, denbora asko ez dut izaten eta. Hilean behin edo… Oraingoz bertsioak jotzen ditugu. Badaukagu asmoa gure abestiak egiten hasteko.
Trikitilaria ere bazara.
Lehen trikitixa lehiaketetan ibiltzen nintzen, baina ez nuen gozatzen, urduri jartzen nintzen. Lagun artean eta etxean jotzea gustatzen zait. Nire kantuak ere sortzen saiatzen naiz. Zortzi urtez aritu nintzen trikitia ikasten irakasle batekin. Artzain hasi nintzenean denborarik ez eta nire kontura aritzen naiz.
Trikitia bizkarrean hartuta joaten al zara parrandara?
Aurreko asteburutik kalean, taberna batean utzita daukat trikitia. Aurreko astean ere trikipoteoan jo nuen. Gaur, kinto afaria daukagu eta han ere joko dut, kuadrilla egunean…
Kuadrillako animatzailea zara, beraz.
Aritz Markinez pandero jotzailea izaten dut lagun askotan, eta besteren bat ere bai. Aritz Markinezi iaz erakutsi nion panderoa jotzen eta elkarrekin aritzen gara.
Festetan zein duzu egunik gogokoena?
Kuadrilla eguna. Sagardotegian bazkaldu… Egun polita izaten da. Mozorro eguna ere polita izaten da, baina ezberdina da.
Apirilaren 30a, jai bezperan izaten da beti kuadrilla eguna Lazkaon.
Bai. Maiatzaren 1ean Aralarko larreak irekitzeko festa izaten da. Ni ez naiz normalean joaten baina… Behin langa irekitzeko ardura eman zidaten artzain gaztea nintzelako eta lehenxeago erretiratu nintzen. Ardien aurrera joan naiteke lo gutxiago eginda.