Ba al zenekien Segurako Ardixarra edo Don Garci etxea Euskal Herriko hiriguneetako egurrezko egituradun etxebizitzarik zaharrenetarikoa dela? Ardixarra Euskal Herrian existitzen diren etxe bizitzarik zaharrenetarikoa da. XVI. mende hasieran eraikia izan zen eta egurrezko egiturarekin kontserbatzen diren azken etxeetako bat da. Etxe-tailerra da, erdi mailako artisau maisu batek edo merkatari batek eraikia. Erdi Aroa amaitu berritan, hiritar kopuru handiena bizi zen etxebizitza mota da.
Ardixarraren eraikuntzak aldaketa eta transformazio ugari jasan ditu historian zehar. Jatorrizko etxea beheko oina, lehenengo solairua eta oso altuera gutxiko ganbara batez osatua egongo zen. Etxea orain baino baxuagoa eta sakonagoa zen, barrutik horma suebaki batez bitan zatitua. Beheko solairua iraganean, zalditegi, upeltegi eta tailer bezala erabiltzen zen. Etxebizitza lehen solairuan kokatua zegoen eta noizbehinka ganbaran ere lo egin zitekeen.
Etxea osotasunean azterturik, gutxien berritu dena fatxada izan delako, balore handiena berak dauka. Haritz egurrezko egitura dauka, erdian poste ederraz eta taila geometrikoaz dekoratua dagoen mentsula indartsu batekin osatua. Beheko solairuan sartzeko bi ate daude: bata handia, karro eta animalientzako egina, eta bestea, askoz ere estuagoa, egurrez tailaturiko arku konopial bitxi batez osatua, jendearentzako erabilia.
Etxe hau erortzeko zorian zegoen eta Segurako Udalak 1996an bereganatu zuen ondoren bere zaharberrikuntza integrala egiteko, berau 1999an amaitu zelarik. 2004an Erdi Aroko Interpretazio Zentroa ireki zen.