Manuel Larramendi andoaindarrak 1754an argitaratutako Corografia de la muy noble y muy leal provincia de Guipuzcoa liburuan adierazi zuen Oria ibaiaren sorburua Zegaman zegoela. Gauza bera errepikatu zuten Pascual Madoz eta Serapio Mujika historialariek 1849. eta 1918. urteetako argitalpenetan, hurrenez hurren, gaineratuz Sandratiko koban sortzen zela ibaia.
Informazio hori, zehatza ez izateaz gainera –Sandratiko koba azpian sortzen den ura Altsasu aldera doala garbi baitago– ez dator bat gaur egun ezagutzen ditugun leku-izenekin. Izan ere, ‘oria’ duten elementu geografikoak ugariak badira ere Goierrin, Zegamak ez du alerik eman, guk dakigula. Erreken izenek igarotzen diren parajeen izenak hartzen dituzte, normalean.
Oria izeneko lekuak Goierrin badira. Mutiloako udalerrian, elizatik gertu eta errekaren ondoan, Oria baserria dago. Idiazabalen, Olaberri aldera, Oriaaundia eta Oriaerrotea ditugu, horiek ere errekaren ondoan.
Beste arro batera pasatuz, Eztanda aldera, bi etxe ditugu ‘oria’ osagaia dutenak: Oria eta Uribar, Itsaso herrian. Oria goian dago, elizatik gertu, baina Uribar, hori ere erreka ondoan –ematen du forma horren atzean *Oribar egon litekeela–. Esan beharra dago 1776. urteko agiri batean gaur egun Santaluzierreka izenez ezagutzen den erreka «Río Oria» izenez azaltzen dela, eta bidezkoa da hala izatea Uribar baserria hortxe dagoelako.
Seguran Oriamuño izeneko baserria dago, eta Legorretan Oriar. Azken bi horiek ez daude erreka ondoan. Goierriko adibideekin amaitzeko, Larrunarri edo Txindokiko bidean dagoen Oriaiturri aipatuko dugu, iturri-izena, bistan denez. Seguruenik, osagai hori duten leku gehiago ere izango dira gure eskualdean, baina ez ditugu ezagutzen.
Aipatutako guztiarengatik, ez dirudi Oria ibaiaren sorburua Zegaman bilatu behar denik; bai, ordea, Mutiloa-Idiazabal edo Itsasoko lurretan. Ur-ibilguaren adarrik sendoena Zegamatik etortzea izan liteke nahasketaren arrazoia, nahasketarik badago.
Urari eta erreka-arroari lotutakoa
Esanahiari dagokionez, aitortu behar da iluna dela, han eta hemen azalpen gutxi batzuk argitaratu badira ere –‘ur’ hitzarekin lotzen direnak, ‘horia’ kolorearekin lotzen direnak, ‘aurea’ edo urrearekin lotzen direnak eta pertsona-izenekin lotzen direnak, besteak beste–. Kokaguneak aztertuta, ordea, iruditzen zaigu urari eta erreka-arroei lotutako izenak behar dutela. Gainera, ‘oria’ terminoa, formalki zein semantikoki, ‘hodi’-tik oso hurbil dago, toponimian ‘haran’, ‘erreka-arro’ adierak hartzen dituen terminotik. Mutiloan bertan Oria baserritik kilometro eskasera Odio baserria dago. Salto bat eginez, pentsa liteke Nafarroan eta Estatu Espainolaren mendebaldean kokatzen diren Valoria izenekin zerikusia izan dezaketela.
Larrunarriko Oriaiturri izenak, berriz, Valdegobian, Segovian, Burgosen, Leonen, Asturiasen eta abarretan dauden (H)ontoria eta Fontoria izenen parekoa dirudi.