Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Iparra-Hegoaren bazkal ostean eskuz binakako finala ikusi nahi eta jubilatuen elkarteko terrazan, hankak luzatuta eta zerbezatxo bat hartuz, tribuna printzipalean baino leku hobea aurkitu nuen. Barruan, futbol partidaren bat ikusten dozena erdiren bat lagun. Kanpoan finalari begira, ataundar bikote bat eta ni neu aldamenean. Finalaz gozatzeaz gain, aliritzianerako gaia ere atera zen handik.
Bazkal ondorenek dakarten laguntza tarteko, neska isil antzean, baina mutila solas-adarrerako zegoen. Pilotaz, futbolaz… nahiz eta azken honetan, neure moduan, bikotekideak indarrak konpentsatu hari ere. Dena dela, pilotara ekarri genuen gaia. Emozioz betea baina kaskarra zihoan partida. Txapelketak emandakoari errepasoan alde onak, txarrak eta bestelakoak. Onen artean, final aurrekoan Xabier Tolosaren lesio tamalgarriak eraginda, gainerako kiroletan gutxitan ikusi ohi den alde gizatiarra azalaraziz, aurkariak hunkituta eta lur jota ikustea. Txarretan, berriz, Tolosaren ezbeharraz gain, pilota beste kirol batzuen pare jartzen ari dena, nire gai jartzaileak zioen bezala, pilotaren futbolizazioa. Frontoietan futbol zelaietako musika doinuak entzutea edota pilotariek tantoak golen moduan ospatzea arrunta bilakatzen ari bada ere, aurkariei aurkari hutsa izateagatik txistuka erasotzea ezin da normaltzat hartu. Labriten, zapatu arratsaldetan ezkon-agurrek, parrandazaleek eta ez hain pilotazale batzuek sortu ohi duten giroa mesede kaskarra egiten ari zaio euskal pilotari. Txistu hotsak ez dira berriak frontoietan, baina beti zenbait pilotariren erreakzio itsusiren baten ondorenekoak. Fenomeno lokalizatua eta sektore konkretu batetik datorrena bada ere, hortxe hedatzeko arriskua ere. Pilotak ez du hooliganen beharrik. Ea Tolosako kondearen eguneko futbolizatu gabeko partidan eta txistu hotsik gabe hi ere 22ra iristen haizen.
Etzekiat derbiko apustuarena nola geratu huen. Hurrengo Iparra-Hegoan argituko diagu.