Sagarrondoen txertaketari buruzko ikastaroa eman du beste behin Gabino Muruak Gabirian. Hamabost urte badira horretan hasi zela. Harrera bikaina dute saioek.
Txertaketarako zaletasuna oso gaztetatik datorkio Gabino Muruari (Gabiria, 1956). «Herrian bazen santanderinoa deitzen zioten lagun bat, Santiago Redondo izenekoa, txertaketa eta inausketa kontuetan garai hartarako izugarri zekiena eta hamalau bat urterekin hasi nintzen inguruko baserrietan fruta arbolak inausten eta txertatzen laguntzen Santiri, eta garai horretantxe piztu zitzaidan gaur egun hain gogoko dudan fruta-arbolak txertatzeko eta inausteko zaletasuna».
Gerora Josu Osa ezagutu zuen, gaur egun lagun handia duena. Harekin ere egin zituen pare bat ikastaro orain dela urte asko, eta geroztik bere kontura ikasi du dakiena. «Beste zeregin gehienetan gertatzen den moduan, jardutea bezalakorik ez da zerbaitetan trebatzeko», nabarmendu du Muruak. Gaur egun, Internet ere tresna baliagarria da ikasi nahi dutenentzat, bideo ugari baitago zeregin horietaz.
Saioekin hasteko erabakia
Gabirian Errezil Sagar ugariko herria da, eta ikusita inguruko herrietan hainbat sari lortzen zituztela gabiriarrek, lagun talde bat elkartu zen Erbie elkartearen babesean orain dela 27 urte inguru, eta herrian Errezil Sagar lehiaketa eta baserriko produktuen azoka antolatzen hasi ziren. Arrakasta ikusita, jarduera horren inguruan beste zer gehiago egin zezaketen aztertzen hasi ziren, eta inausketa eta txertaketa saioak antolatzen hastea erabaki zuten. «Lehenengo saioa antolatu genuela izango dira 15 bat urte, eta geroztik, pandemia urtean izan ezik, urtero antolatu izan dugu eta jendearen parte hartzea izugarria izan da. Izan dira urteak 50 lagunek baino gehiagok parte hartutakoak».
Herrian antolatzen dituzten ikastaroetan hiru saio bereizten dituzte: lehenengo egunean saio teorikoa izaten da, batez ere, inausketari lotutakoa (mentugai edo portainjerto motak, formazio desberdinak, gaitzak, tratamenduak, sagarrondoen osagaiak…), eta gero talde txikiagoetan saio praktikoak izaten dira eta horretarako talde handi hori bitan edo hirutan banatzen dute. «Kontuan izan behar da, gainera, era guztietako jendeak hartzen duela parte: batzuek etxean askorik zaindu gabe dauzkaten sagarrondo zaharrak nola inausi ikasi nahi dute, eta beste batzuek, aldiz, gaur egungo inausketa eta formazio nagusiak zein diren jakin nahi dute. Hori guztia kontuan izanik egiten ditugu taldeak». Herriko saioez aparte, inguruko eta Bizkai aldeko zenbait lekutan ere eman izan ditu Muruak hitzaldiak eta txertaketa eta inausketa saioak.
Txertaketaren bilakaera
Txertaketari dagokionez, Muruaren gazte denboratik hona gauzak asko aldatu dira. «Garai hartan ez zen hozkailurik izaten mentuak gordetzeko, gauza jakina baita mentuak leku heze eta hotzean gorde behar direla begiak mugitu ez daitezen gero txertatu ahal izateko. Mentuaren begiak mugituta baldin badaude, oso zail izango da txertoak heltzea». Orduan ez zituzten gaur egun dauzkaten plastiko tira berezirik mentua landareari lotzeko, ezta gaur egungo pasta berezirik ere landareari airerik sar ez dakion zauriak estaltzeko. «Aire pixka bat sartuz gero landareak ez lioke helduko, eta mentua galdu egingo litzateke. Horretaz gain, kontuan izan behar dugu gaur egungo txertatzeko labanak ere oso bereziak direla, horretarako bereziki sortuak».
Txerto motak sasoiaren arabera
Muruaren gazte denboran neguko txertoa egiten zen batez ere Goierri inguruan. «Udakoa, abuztu amaiera aldera egin ohi dena, begiko txertoa deritzona, ez zegoen hain zabaldua, baina baserri gehienetan bazen bakarren bat txertatzen pixka bat zekiena eta sagarrondoen adarrak erditik pitzatu eta menturen bat edo bi sartuz txertatzen zituzten».
Gaur egun lau txerto mota egin ohi dituzte, eta zein egin erabakitzeko urte sasoiari eta txertatu nahi duten landarearen diametroari begiratzen diote. «Mentugaiak erosten ditugunean, martxo aldera edo, saiatzen gara 8 edo 10 milimetro arteko mentugaiak lortzen –nahiz eta ez den batere erraza– eta neurri horretakorik ezin baditugu lortu 12 edo 14 milimetroko mentugaiak ere balioko luke ingeles eran txertatzeko». Neurri hori baino handiagoetan,
4 edo 5 zentimetrora artekoetan, erditik pitzatu eta txertatu ohi dute. «Eta txertatu nahi dugun landareak diametro hori baino handiagoa duenean (30 bat zentimetrora arte edo), azaleko txertoa egiten dugu. Horretarako apiril hasiera aldera arte itxaron behar da, azala harrotzeko ezinbestekoa baita landarearen izerdia mugituta egotea».
Txertatzen ikasteko jakin-mina
Muruaren esanetan, txertatzen ikasteko «jakin-min izugarria» dago gaur egun. Jubilatu berri den jendea, gurasoen lursailetan zerbait aldatu nahi duena edo beste hainbat arrazoirengatik sailak garbitu eta landareak aldatu nahi dituen jendea da, batez ere, Muruaren saioetara joaten dena. Bestalde, baserririk gehienetan daude gaur egun galtzen ari diren edota ia galduta dauden sagar edota beste edozein fruta-landareren barietateak, eta haiek galtzerik nahi ez dutenez, hainbatek jotzen dute gabiriarrarengana aholku eske. «Haien mentuak landare gazteetan txertatzeko bi bide dauzkate: txertatzen dakienari eskatu txertatzeko edo norberak ikasi txertatzen. Horregatik etortzen da jendea ikastaroak egitera. Saiatuz gero lehenengoan beharbada ez dute lortuko, baina jardunez dena lortzen da». Orain arteko azken saioa joan den martxoaren 28an egin zuten Erbie elkartean.
Bi urtez behingo joera saihestu nahi
Azken urte hauetan nabarmen ari da zabaltzen mentugai txertatuak erabiltzeko joera, Muruak adierazi duenez: «Batez ere gutxi hazten direnak, hau da, nanoak, oso urte gutxirekin fruitua ematen hasten direnak. Zabalduenak beharbada M9a eta M7a izango dira, eta oso pixkanaka bada ere, Geneva mentugaia ere ari da zabaltzen, nahiz eta oraindik ere gehienetan Frantzia aldera jo behar den horiek lortzeko».
Mentugai horiekin sagarrondoek berezkoa duten bi urtez behingo joera hori saihestu daiteke. «Sagarrondoei gertatzen zaie urte batean sagar izugarri hartu badute, hurrengo urterako indarrik gabe geratzen direla. Ondorioz, alea ez da behar hainbat hazten, hurrengo urtean lore gutxi izango dute eta izaten duten hori eguraldiak izugarri lagundu ezean galtzeko arriskua dago». Mentugai hauekin alea bakantzeko aukera dago, alea gehiago haziko da, eta urtero sagar kopuru egokia emango dute.