Irati Garmendia • Irakaslea eta idazlea
Jope… xomorro bat titian… puf! Zortzi begi, hamar hanka… eta besorik? Lapurra gainera! Lapurra?
Haurren begietatik kontatua dagoen istorioa da Xomorro lapurra, Kattalinen begietatik hain zuzen ere. Haurren begietatik begiratzea baino gauza liluragarri edo zirraragarriagorik ba al da? Hausnarketa konplexuak burutzeko gai gara, baina haurrek nola pentsatzen duten ulertzea kosta egiten zaigu. Haurren mundua helduen mundutik begiratzen dugu ezinbestean, eta konturatu gabe gure begietatik interpretatzen eta tratatzen ditugu haurrak.
Kattalinen amatxori xomorro bat sartu zaio titian, xomorro lapur bat. Eta medikuntzan bularreko minbizi bezala ulertzen bada ere, Kattalini horrek ez dio axola. Izan ere, izen bat etiketa bat besterik ez da, garrantzitsuagoa da horren atzean dagoen emozioez betetako mundua. Istorioan zehar ikus daiteke nola xomorro lapurra bere lanetan dabilen, amari irribarrea, jolasteko gogoa, ilea… lapurtuz. Kattalinek egin ahal guztiak egiten ditu xomorroaren jokabidea ulertzeko, bere begietatik noski. Amaieran xomorroak zerbait eramaten du berarekin, eta orduan, konturatzen da xomorroak besoak ere bazituela.
Askorentzat erreminta moduko bat izango da kontakizun hau, bizitzen ari diren egoera euren txikiei kontatzeko tresna moduko bat. Beste batzuentzat aukera bat izango da, familian edo eskolan horrelako gai zail bat sentsibilitatez lantzeko aukera bat.
Gizartean gero eta arruntagoa den gaixotasun hau guztiontzat ezaguna da. Beraz, Xomorro lapurrarekin aurrez aurre topo egin baino lehen Kattalin ezagutzeak ez al liguke bidaia zertxobait erraztuko?