Aspaldiko partez Legazpiko lantegian inbertsio handiak egin eta gero, Bellota enpresak itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari, ehun urtetik gora dituen markaren babesak hauspotuta. Lantegia eta egiten duten lana ezagutzera emateko proiektuan ere murgilduta dago enpresa.
Ehun urtetik gorako ibilbidearekin eta kalitatea lematzat hartuta, Bellota markak indartsu jarraitzen du. Legazpin sortuta eta ondo errotuta, mundu osora zabaldu ditu hegoak, azken urteetan Venanpri talde kanadarraren barruan egoteak eman dion babesarekin.
Bellota Agrisolutions edo nekazaritza alorreko piezen negozioa batetik, eta herritarrek gertuagotik ezagutzen dituzten eskuko erremintena edo Bellota Erremintak, bestetik. Bi negozio, baina marka bakarra dira, Bellota, Patrizio Etxeberriak 1908an abiatutako enpresa abentura handiaren motorra izandakoa, eta «gaurko enpresaren ikurra eta aktiborik handiena», Pertsonak saileko Juanjo Salegik zehaztu duen bezala.
Bellota etorkizunari begira dago orain, eta Legazpiko lantegian inbertsio handiak egin ondoren, proiektu berri batean murgilduta dabil. «Gaur Bellota dena izaten lagundu duten pertsona guztien aitortza du helburua», Legazpiko lantegiak duen historia luzearekin lotutako ondarea zabaltzearekin batera. Fabrika Irekia egitasmoa ere ildo horretan kokatu behar da, «talentua, unibertsitatea, ikasleak… erakartzeko».
Historia luzeko marka
Historia luzea eta gorabeheratsua izan du Bellotak. Patrizio Etxeberria Elorzak (Legazpi, 1882-1972) sortu zuen, jaioterrian 1908n martxan jarritako lantegian egiten zituen altzairuzko erremintentzat. Gizon ekintzailea eta bere garairako aurreratua zen Etxeberria, eta familiaren baserriko atarian jarri zuen errementari tailer txiki batean hasi zuen enpresa ibilbidea 1904an. Lau urtera Seguran, Echeverria y Cia lantegia ireki zuen, hamabi langilerekin, nekazaritzarako, meatzaritzako, arotzeriarako eta hargintzarako erremintak egiteko. Hurrengo urtean bazkideek bakarrik utzi zuten negozioarekin, eta Patricio Echeverria S. A. sortu zuen; ordurako 106 langile zituen, eta enpresaria 1972an hil zenean 3.400 zituen. Haren oinordeko den Bellotak 450 inguru langile ditu gaur egun Legazpin, eta inguruko enpresa handienetakoa da.
Lana, berrikuntza, berritasunetara egokitzeko gaitasuna, hedapena eta nazioartekotzea izan ziren Etxeberriaren enpresaren ezaugarri nagusiak, Bellota markaren sorrera eta horren estalpean egiten zen guztiaren dohainen zabalkundearekin batera. Eskuko erremintekin hasi zen 1908an, eta 1926an nekazaritza makineria egiten hasi zen. Handik aurrera, termino industrialetan integrazio bertikala deitzen dena garatu zuen, hau da, enpresak behar zuen guztia sortzen joan zen lantegian bertan. Horrela sortu zuen altzairutegia 1931n, altzairu berezien fundizioarekin eta laminazioarekin, garai hartan altzairua lortzeko murrizketak zeudelako. Gero automozioaren iraultza etorri zen, eta kotxeen pieza asko Legazpin egiten hasi ziren 1956an, aitzurra edo mailua fabrikatzen ziren bezala fabrikatuta, hau da, beroan forjatuta. 1963an erremintentzako egurrezko kirtenak egiteko lantegi bat ireki zuen Nafarroan eta aurrerago, Amerikako merkatuak hornitzeko bi lantegi ireki zituen: 1978an Venezuelan, eta 1987an Kolonbian.
Krisia etorri zen gero, eta harekin, enpresa handiaren gainbehera eta negozioaren zatikatzea. Erremintaren negozioan zentratu ziren batez ere, eta horrenak ez ziren zatiak, hau da, altzairugintza eta forja, saldu egin zituzten eta hiru zati sortu ziren: 1993an sortu zen Aforasa taldearen GSB Forja eta GSB Acero enpresen esku geratu ziren forjatze eta altzairugintza negozioak, eta Bellota erremintenak Etxeberria familiaren eskuetan jarraitu zuen. 2002tik CIE Automotive da forja lantegiaren jabe, eta altzairugintzakoa, Sidenorrek erosi eta Legazpitik kanpo eraman zuen haren ekoizpena. Bitartean, erremintaren negozioa hazi egin zen atzerri mailan, eta hainbat enpresa erosi eta sortu zituen kanpoan: Brasilen, Frantzian, Mexikon, Amerikako Estatu Batuetan eta Indian, erremintaren alorrean talde handi bat sortzeko asmoz.
Hori guztia 2000. urte hasieran gertatu zen. Garai hartan bertan, anai txikia zen nekazaritza alorreko negozioa, sektore hori industrializatzen eta mekanizatzen ari zelako, pisua hartzen hasi zen eta mundu mailan lekua irabazten hasi zen, beti ere, Bellota markaren ospeak babestuta eta hauspotuta. Horrela, Patrizio Etxeberriaren hirugarren fasea hasi zen: Agro edo nekazaritza negozioa hazten zihoan eran, traktore ekoizleetatik gertu fabrikak egiten hasi zen. Horregatik joan ziren Chicagora, edo Brasilera. Hazkunde bat gertatu zen orduan, nekazaritzaren munduan gertatzen ari zen garapenarekin lotutakoa. Indiara ere joan ziren. Orduan, erremintaren hazkunde fasea gelditu egin zen, eta Agro saila hazten hasi zen.
Nekazaritza alorrean ondo posizionatzen hasi zen Bellota, eta horrek erakarrita, bi negozioak Ingersoll nekazaritza alorreko marka lehiakidearen jabe zen Venanpri Group talde kanadarrak erosi zituen 2014an. Orduz geroztik, lau kontinentetan banatutako hamar lantegi eta 120 herrialdetan sakabanatuta dauden 2.166 langile dituen enpresa talde handi horretako parte da Bellota.
Gaurko Bellota, bi negozio nagusi
«Venanpri taldeko zati bat gara, baina marka komertziala mantentzen dugu, Bellota da oraindik, eta Legazpin jarraitzen dugu», gogoratu du Salegik.
Venanpri talde barruan, bi enpresatan banatuta dago Bellota, Bellota Herramientas S.L.U. eta Bellota Agrisolution S.LU., baina horiez gain, Bellota Polonia, Bellota India, Bellota Brasil, Bellota Alemania eta Rozalma ere badaude. «Bi produktu multzo handi egiten ditugu: eskuko erremintak, eta agro».
Eskuko erreminten artean sartzen dira «igeltsero batek edo nekazari batek erabiltzen dituen erremintak». Igeltsero batek, adibidez, Bellotako palak, paletak, azulejuak moztekoak, mailuak… erabil ditzake, eta nekazariak eskuz egiten dituen lanekin zerikusia duten erreminten artean daude aizkorak, inausketarako artaziak, esku-zerrak, aitzurrak… «Negozio lerro honetan industriara bideratutako atal bat ere badugu, eta segurtasun eta lanerako oinetako asko ere egiten ditugu», zehaztu du Salegik. «Katalogoa oso zabala da, 18.000 erreferentzia daude, eta batzuk Legazpin bertan egiten ditugu, baina beste batzuk taldeko beste enpresetan egiten dira. Legazpin paleta, aitzurra, mailua eta zizel asko egiten da».
Agro edo nekazaritza negozioa «oso inportantea» dela azpimarratu du Salegik. «Makinetan, lurrarekin kontaktuan dauden piezak dira, higadura piezak, batez ere lurra prestatzeko erabiltzen diren makinetakoak. Orain uzta biltzearekin ere hasi gara». Bi negozioetarako piezekin fabrikazio teknika bera erabiltzen dela azaldu du, «beroan forjatzen oso onak gara, eta tratamendu termikoetan ere bai, hau da, produktuari gogortasun, erresistentzia eta iraunkortasun propietateak ematen dion tratamenduan».
Horiek dira, hain zuzen, Bellota markaren propietate eta ezaugarri nagusiak, eta horiei esker iritsi dira produktuak merkatuan duten tokira. «Agro, adibidez, erremintarena baino negozio txikiagoa da, merkatu-hobi bat bezalakoa, baina munduko liderrak gara pieza tipologia batzuetan, erreferenteak gara, eta oso handia da gure presentzia merkatuan». Erreminten sektorean, berriz, «garrantzitsuak gara Espainian eta Europan, baita Hego Amerikan ere, baina mundu mailan lehiakide handiak ditugu, batez ere amerikar multinazional handiak».
Fabrika Irekia proiektua
Venanpri taldearen barruan egon arren, Bellotak Legazpin jarraitzen du, «sortu zen herrian», baina nortasuna nolabait galtzen hasia zela eta, «markaren harrotasunari, markaren parte izateari eta hemen ehun urtetik gora lanean izan diren 9.000tik gora langileri aitortza egin behar zitzaiola ikusi genuen». Izan ere, «gu orain gara eta orain gaude, aurretik beste batzuek egin dutelako».
Ildo horretan kokatzen da, baita ere, lantegiko industria ondare arkitektonikoa berreskuratzeko proiektua. Ezagutzera eman nahi dute, eta horregatik parte hartu zuten duela hilabete batzuk Legazpin burutu ziren industria turismoari buruzko jardunaldietan. «Kontatzeko eta erakusteko asko dugu, baina asmatu behar dugu nola».
Gainera, «Europa mailan forjari eta fabrikatzaile gisa dugun ospeari heldu diogu», eta aspaldiko partez inbertsio handiak egin dituzte Legazpiko lantegian, «izan ginenaren zati handi bat eta oraindik garenaren zati handi bat ezaugarri garrantzitsu bat delako bezeroarentzako eta erabiltzailearentzako, hau da, forjari izatea eta altzairuaren lanketa ezagutzea». Aitzurren linean egin dituzte inbertsio handienak, ekoizpena azkartzeko eta handitzeko asmoz, baita beste zenbait prozesu industrialetan ere. «Markak merkatuan duen posizioari inbertsioekin laguntzen badiozu, lehiakortasuna mantentzea lortzen da eta etorkizuna bermatzen da».
Eta Salegik azpimarratu duenez, etorkizun hori «oso itxaropentsua» da. «Gauzak ondo egiten ari gara azken urteetan, eta inbertsioekin batera, marka balioan jartzeko helburuz ekintza komertzialak ere gauzatzen ari gara». Hor kokatzen da Fabrika Irekia izeneko egitasmoa. Bezeroei ez ezik, lantegiko instalazioak beste interes talde batzuei irekitzen hasiak dira, «talentua, unibertsitatea, ikasleak… erakartzeko asmoz.
Enplegu Egunak egiten ditugu, adibidez, ikastetxeei begira. Gazteek lantegi bat zer den, industria zer den, enpresa batean lan egitea zer den, metalaren arloko lantegi batean lan egitea zer den… eta gure kasuan, Bellota zer den erakustea da helburua».
Amaitzeko, Bellotak 115 urte dituela nabarmendu du Salegik, baina lehen aipatutako ekintza horiei guztiei esker, «une honetan marka gaztetzen ari da, hori bai, bere ikur diren kalitatea, iraunkortasuna eta erresistentzia mantenduz».
Bellota izena, Gipuzkoako basoen omenez
Patrizio Etxeberriak berak aukeratu zuen Bellota hitza (ezkurra, euskaraz) eta horren irudia bere erreminten markarako.
Izen horrekin, garai hartan haritzez beterik zeuden Gipuzkoako basoei omen egin nahi izan zien. Haritzen egurra haizeoletan ikatza egiteko erabiltzen zuten, eta, gainera, estimatua zen gogorra eta erresistentea izateagatik. Zuhaitz haien fruituaren izena hartuta, ezkurrarena, ezaugarri horiek transmititu nahi zituen enpresariak: kalitatea, gogortasuna eta erresistentzia.
Baina marka erregistratzeko oztopoak aurkitu zituen Etxeberriak. Izan ere, 1834tik Ingalaterrako Shefield hiriko Henry Taylor enpresariak bere erremintetarako ere izen bereko marka eta antzeko logotipoa lehenagotik erabiltzen zuen, eta bi enpresariak tirabiran ibili ziren gai horren kontura, harik eta akordio batera iritsi ziren arte: Patrizio Etxeberriak Bellota marka erabiliko zuen Taylorren erreminten konpetentzia ez ziren erremintekin. Azkenik, legazpiarrak lortu zuen markaren erabilera esklusiboa.