Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Behin eta berriz entzun dugu teknologiak munduko gosearekin bukatuko duela. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko ere, teknologia berriak eztabaidaren erdigunean ditugu. Bestalde, teknologiak mundua eta natura eraldatzeko gizakion gaitasuna biderkatu du eta azkeneko hamarkadetan horren ondorioz klima aldatzen ari da. Jakina denez, teknologiak, elikagaien negozioa multinazionalen esku egonda, ez du balio izan gosearekin bukatzeko. Are gehiago, lurraren eremu zabaletan klima aldaketaren eraginez elikagaiak sortzeko arazoak areagotzen ari dira, gosea eta migrazioak bultzatuz.
Hala eta guztiz ere, diru publikoarekin garatzen ari den teknologia pribatua etorkizuneko irtenbide gisa aurkezten zaigu. Horren adibidea da elikadura industriarentzako negozio berrien aukerak bilatzen dituen Food 4 Future urteroko erakustaldia, eta datorren astean BECen irekiera izango duena. Xomorroez egindako jakiak, haragi sintetikoa edo/eta edari berriekin etorkizuneko elikaduraren erdigunean, industria oso teknologizatua kokatzen du.
Ikerketak ari dira erakusten belardien gaitasun oso altua, karbonoa zoruan finkatzeko eta urari eusteko, baita baso eremuen gainetik ere. Gure lurraldean, eremu malkartsuetan bereziki, basoarekin tartekatutako espezie anitzez osatutako belardi naturalek, karbonoa finkatzeko eta elikagaiak sortzeko aukera oso ona eskaintzen digute (gure paisaian duten garrantzia ere ahaztu gabe). Horretarako abeltzaintza, abereak eta baserritarrak, eta horren neurriko teknologia beharrezkoak ditugu.
Abeltzaintza ekologikoaren kasuan ez da ez pozoirik, ez ongarri kimikorik onartzen eta materia organikoa konpostatuta erabiltzen da. Honek zoruan are eta karbonoa gehiago finkatzeko gaitasuna ematen du. Horretaz gain, emisioak baxuagoak dira animalien elikadura belarrean (eta ez pentsuan) oinarritzen baldin bada eta animalien ongizatearekin bat datorren ganadu zama errespetatzen bada. Osasunari dagokionez, belarra jaten duten animalien esnea eta haragiak, adibidez, omega3 azido zein kolesterol onaren edukia altuagoa dute. Industrian irtenbidea duten elikagaiak baztertu gabe, gurean eta Goierriko orografiarekin bereziki, ezin dugu tokian tokiko nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorreko aukera gehiagorik galdu. Sortu baizik.
Aldaketa klimatikoari aurre egiteko eta herritarron elikadura osasungarria ziurtatzeko, nekazaritza eta abeltzaintza behar ditugu: lur gehiagorik artifizializatu gabe, banatu, esku gutxietan ez pilatzeko eta baserritar gehiago, duintasunez eredu ekologikoa garatuko dutenak.