‘Barne-bidaia’ liburua argitaratu berri du Iosune Arrondo Areizagak (Segura, 1975). Azken hamarkadan formatzen joan da zaletasuna eta pasioa duen garapen pertsonaleko gaietan, eta autoezagutza liburua atera du, euskaraz. Ane Irizar Arrondo alaba izan du bidelagun.
Askok Segurako kultura eta turismo teknikaria zarelako ezagutuko zaituzte. Orain Barne-bidaia kaleratu duzu. Nolakoa izan da bidaia hori?
Betidanik izan naiz hausnartzekoa, gertaeren arrazoia analizatzekoa eta ebaluatzekoa, azken finean bizitzako erantzun existentzialak aurkitze nahi horrek nire barne-mundua elikatzera eraman nau. Yoga egiten duela 20 urte inguru hasi nintzen, eta duela 10 bat urte garapen pertsonala eta espiritualitatearen inguruan sakontzen, formatzen eta neure burua hobeto ezagutzen; besteak beste, coaching pertsonala, Psikologia Holistikoa, Yoga, Reiki eta Mirari Kurtsoan sartuta nabil. Bizitzeko filosofia hau bizitza osorako prozesu bezala bizi dut.
Pandemia garaian hasi zinen liburuari forma ematen. Aurretik ere idazten zenuen?
Idazten 2017an hasi nintzen eta niretzat bakarrik idazten nuen, nire ideiak, emozioak, sinesmenak, eta azken finean, nire hausnarketak jasotzen nituen. Pandemia garaian lagunek deitzen zidaten, orokorrean ezinegona nabarmenagoa izaten hasi zen eta nire aholkuak eta laguntza ematen hasi nintzen. Orduan pentsatu nuen, etxean dudan material guztia txukundu eta forma emanez gero, gehiago laguntzeko moduan egongo nintzatekeela, eta hemen hasi zen abentura hau.
Zer eman dizu abentura horrek?
Batez ere nire erosotasun eremutik irteteko oparia eman dit. Nire barnean ilusioa eta beldurra nahasten ziren sarritan, baina proiektu hau aurrera eraman behar nuela sentitzen nuen. Bizitzan gure esentziatik zerbait egin behar dugula sentitzean, erabakia hartu orduko nolabait ere dena lotzen joaten da, eta egin gabe utziz gero, frustrazio eta hutsunea geratzen direla iruditzen zait.
Garapen pertsonala landu duzu. Esperientzia pertsonalak azaltzen dituzu liburuan ala kanpotik jaso dituzun esperientziak ere islatu dituzu?
Teoria asko dago gai hauen inguruan eta beharrezkoa da, baina norberak barneratu arte horretan geratzen da. Nire ikuspegitik teoria hori egunero praktikan jarri ezean, ez du gehiegi balio. Norberak bizi ditugun esperientziak interpretatzeko moduak baldintzatzen gaitu eta hori ere ikasketa bat da. Modu sinplean bada ere, zer garen ulertu behar dugu, eta maitasuna eta bakean bizi nahi badugu, gu horixe izan behar gara. Fokua kanpoan jarri ordez, barruan jarri behar da, barrutik kanpora da ibilbidea.
Garen hori jasotzen dugu?
Une bakoitzean barnean gauden bezala ikusten dugu kanpoan dagoena. Triste egonez gero, zaila izaten da dena alaitasunez bizitzea, haserre egonez gero, zaila da ingurukoekin ez haserretzea, eta abar. Kausa-ondorioaren printzipioa izango litzateke. Zer nahi dugun hori izan behar gara, baina lehen pausua konturatzea da, normalean inkontzienteak gidaturik funtzionatzen baitugu.
Euskaraz ez dago horrelako liburu askorik.
Erdaraz material asko eta primerakoa dago, besteak beste, liburuak, hitzaldiak eta formakuntzak, baina euskaraz ezer gutxi aurkitu dut. Liburuan jartzen dut euskaraz argitaratzea kontzienteki hartutako erabakia izan dela. Euskara maite dut eta gai hauen inguruan euskaraz aritzeak betetzen nau. Nire aletxo xumea jarri nahi izan dut.
Autoeditatutakoa da. Nolakoa da autoedizio prozesu hori?
Prozesua ez da erraza izan, mundu oso bat dago liburu baten atzean. Hasieran argitaletxe batzuekin harremanetan jarri nintzen. Erantzun bitartean liburuaren maketazioa eta barruko ilustrazio batzuk lantzen jarraitu genuen lagun batena den Blai komunikazioa agentzian. Azala eta barruko ilustrazio gehienak Ane alabak egin ditu, eta azkenik, Portugaleteko Rubric-ekin autoeditatzea erabaki nuen.
Garbi izan dudana da, bertako enpresa eta lagun artean aurrera eraman nahi izan dudala proiektua. Garrantzitsua iruditzen zait bertako ekonomia sustatze aldera liburuko aspektu guztiak bertan garatzea.
Zer aurkituko du irakurleak? Barne bidaia bakoitzarena da?
Bakoitza bakarra gara munduan eta ez dut kasualitateetan sinesten. Liburua irakurri behar duenak irakurriko du eta zerbaitegatik izango da. Hausnartzeak eta pentsatzeak beti egiten digu on, helburua norbera ondoen ezagutzea da bizitza ahalik eta modu kontziente eta zoriontsuenean bizitzeko. Norberaren alde iluna eta argia ezagutu behar ditugu, egoa, sinesmenak, mugatzaileak, beldurrak eta abar.
Alde ilunik gabe, ez dago alde argirik?
Txanpon bereko bi aldeak dira. Kontrakoak berdinak dira naturan baina ezberdinak graduan, eta bata bestea gabe ezin dira existitu. Askotan zerbait baloratzen dugu galtzeko arriskuan gaudenean edo dagoeneko galdu dugunean. Bide beretik, gure ahulguneak ezagutu behar ditugu gure indargune bilakatu ahal izateko.
Norberak bere burua hobeto ezagutzeko lagun dezake liburuak?
Bai, hori da nire asmoa, nire ikuspegia eta esperientzia partekatuz norberak bere burua hobeto ezagutzen laguntzea. Kapitulu motzak dira eta amaieran hausnarketarako geldiuneak proposatzen ditut. Lasaitasunez irakurri beharreko liburua da. Denok dugu asko emateko eta hori egitean giza-baloreak sustatzen ditugu.
Liburuan jartzen duzu familia-proiektua izan dela. Zer moduzko esperientzia izan da?
Nire bizitzan garrantzitsuena familia da eta etxekoen babesa eta bultzada ezinbestekoak izan dira. Alaba gazteenari marraztea asko gustatzen zaio eta esan bezala berak egin ditu liburuaren azala eta barruko ilustrazio asko. Maitasun eta energia asko jarri ditugu liburuan, miresmena eta esker ona besterik ez dut. Bizitzako opari benetan ederra izan da elkarrekin sortzea.
Sorkuntza garapen pertsonalerako bidea da, nahitaezkoa?
Sorkuntza hitzak matizazio asko izan ditzake. Nik norberaren barnean sortzen dena elikatzearekin lotzen dut eta horrek norberaren esentziaren zigilua darama. Bakarrak gara munduan, baina denok gara beharrezkoak eta inor ez gaude soberan. Denok elkarren beharra daukagu, bakoitza dagoen lekutik eta denon ongizatea sustatuz denok irabaztea da helburua.
Non eskuratu daiteke?
Gai hauek lantzen diren lekuetan ibiliko naiz aurkezpenak egiten, eta ondoren bertan ere salduko ditut liburuak. Une honetan eskuratu daitezke zuzenean niri eskatuz barnebidaia@ gmail.com helbide elektronikoan, Segurako Ardixarra Etxean, Beasaingo Mirentxu liburu dendan eta Goierri Fisioterapia Zentruan, Ordiziako Elikaleku dendan, Tolosako Guki dendan, Zegamako Ximen zentroan, Azpeitiko Ninaiz Yoga Zentroan edo Internet bidez rubric.es/producto/barne-bidaia webgunean.
Tailerrak egingo dituzu?
Hainbat tailer eta saio egin ditut. Oso aberasgarria da taldean gai hauek jorratzea. Ikasturte honetan liburuarekin ibili naiz eta alde batera utzi ditut, baina laster berriro ere martxan jarriko ditut.