Auzoaren izenak salatzen du, oraindik. Katea. Antzizar aldean, Beasaingo sarrera nagusietako bat zen lekuan, errepidea katearekin itxita edukitzen zuten, XIX. mendearen azkenera arte. Foruen garaian, herri bakoitzak zeukan merkantziei zerga kobratzeko eskubidea, eta, horregatik, gurdiak gerarazteko, udalerri askok zeuzkaten kateak.
Beasainen, gainera, oso leku gutxitan mantendu den aztarna materiala ere badago: kateari eusteko zutarria. Bi errepidek bat egiten zuten lekuan zegoen katea, Kateko bidegurutzean: San Adriandik behera zetorren bide bat, eta Arlabandik bestea.
Beasaingo herri sarrera zenean, legartegia edo fielato etxea zegoen, merkantziei udal zergak kobratzeko zerga-etxea. Bidea kate batekin aldenik alde itxita egoten zen, eta idi-gurdiak edo zalgurdiak pasatzeko, ordaindu egin behar izaten zuten. Etxearen eta beste aldeko zutarriaren artean teinkatzen zuten katea.
Beasaingo katea, ordea, probintzia mailako aduana edo zerga kobralekua izan zen, 1851tik 1869ra. Estatuak eraiki zuen Etzegarateko errepidea, eta Beasaingo katean kobratzen zitzaizkien salgai zergak. 1856an, Gipuzkoako Diputazioak hartu zuen errepide hori, eta aduana Etzegarate eta Otsaurte gainetara eraman zuten orduan.
Gasparrenea edo Piparrenea etxea
Kateko bidegurutzean –hala esaten zaio oraindik ere–, Gasparrenea edo Piparrenea baserria zegoen. Antzizar kiroldegiaren sarrera dagoen lekuan zegoen. Kiroldegia eraikitzeko, 1985ean bota zuten etxe hura.
Piparrenea baserria bota zutenean, inguruan bizi zen Jose Zelaia Mandiola eraikitzaile gabiriarrak jaso zituen zutarriko piezak etxera. Hondakindegian bukatzea eta betiko galtzea eragotzi zituen. Zutarriaren bi harriak eta katea zati bat etxean gorde zituen.
Foruak deuseztu zituztenetik, tokian bertan botata eta erdi ezkutatuta egonak ziren pieza historiko haiek. Erabateko berreskurapena, hamar urte geroago gauzatu zen. Josetxo Zufiaurre etnografo beasaindarra joan zitzaion Zelaiaren alargunari galdezka, eta hark baieztatu zion artean han zeuzkatela.
Hala, 1995eko urriaren 17an jarri eta inauguratu zuten berriro foru ordainlekuaren berri ematen duen zutarria eta katea zatia, Antzizar kiroldegi ondoko lorategi batean, jatorrizko lekuan.
2009ko udan, Antzizar inguruan birrurbanizazio obrak egin behar zituztela baliatuta, leku ikusgarriago batera aldatu zuten, jatorrizko tokitik gertu.
Beasainen mantentzen den foru garaiko monumentu edo elementu bakarra da katea-zutarria.