Pello Biain Gonzalez • Urretxu
1979-80 ikasturtea zen eta COU (Curso de Orientación Universitaria) egin behar nuen Urretxuko Institutuan, azkena. Oker ez banago, Euskadiko Autonomia Estatutua onartu gabe edo onartzear zegoen eta Espainiako edozein bazterretatik etortzen ziren irakasleak. Urte hartan Leongo tipo bat suertatu zitzaigun Literaturako irakasle, eta bere klaseen onena nobela edo antzezlanen argumentuak entzutea zen, istorioak balira bezala. Gogoan ditut Historia de una escalera (Buero Vallejo) edo Cinco sombreros de copa (Mihura) antzezlanen protagonista etsituak, maite ez zuten errealitatea bizitzera kondenatuta. Beste behin, Kafkaren Metamorfosia irakurri genuen denon artean eta txundituta gelditu nintzen Gregorio Samsa gizagaixoarekin, goiz batean xomorro bihurtuta eta larritasunez beteta esnatzen zela irakurri nuenean. Egia esan, nekez ulertzen nuen obra hauen esanahia, baina susmoa neukan existentziaren korapiloetan sartzen nindutela.
Kontua da literaturako irakasleak antzezlan bat egitea proposatu zigula hainbat ikasleri. Ideia ona iruditu zitzaigun eta El carro del teatro (Vicente Romero) prestatzen hasi ginen, ezkondu behar ziren gizon-emakumearen inguruko komeriak. Entsegu asko egin genituen, batzutan oso astunak baina beharrezkoak eszena batzuk ondo xamar ateratzeko. Gakoa, pertsonaiaren nortasunaz jabetzea zen, alegia, zure identitatea ahaztu eta bestearena hartzea. Esperientzia zaila eta arraroa, baina baita erakargarria ere: momentu batez beste bat izatea! Nire kasuan apaiz baten barruan sartu behar izan nuen. Ez dut gogoratzen nola atera zen, baina ahaztezinak zaizkit hasierako nerbioak eta bukatu ondoko aztoramendu eta lasaitasunaren nahasketa.
Mojaren paperean
Irakasle hori joan zenean, antzerki taldea sortu genuen lagun batzuek eta beste lan bat prestatu genuen: Tu estas loco, Briones (Fermin Cabal, 1978). Oraingoan irakaslerik gabe eta gure kontura. Antzezlan honen protagonista Faustino Briones zen, falangista amorratua. Garai hartako Espainiako trantsizioaren aldaketa politikoetara moldatu ezinik, eroetxe batean sartzen dute Briones eta, han, bera zaintzen duen sor Angustias mojarekin maitemintzen da. Aurrekoan apaizarena egiten banuen, bigarren honetan… mojarena (bietatik zerbait ikusten zidaten seinale!). Apaizarena zaila izan bazen ni orduan nahiko antiklerikala nintzelako, bigarren honetan, zailagoa: moja emakume baten barruan sartu behar eta, hori gutxi balitz, Briones bezalako falangista batek erakarri behar ninduen!
Uste dut lehenengo emanaldia Zumarragako jaietan izan zela eta, gero, ez dakit noren bidez eta nola, Errenteriako Beraun auzoan antzeztu genuen eta 2 edo 3 ikusle bakarrik joan ziren. Entseguak orain dela urte batzuk bota zuten Los Luises etxeko udalaren lokal batean egin genituen. Mojaren abitua mertzedariarrek utzi ziguten, eta argazkian ikusten duzuen Francoren erretratua Zumarragako udaletxean eman ziguten: gela ilun batean zegoen, traste zahar batzuekin. Zirudienez, Briones ez bezala, udalean trantsizio politikora ondo moldatzen ari ziren!