2022ko urriaren 31n Legorretako Arregi okindegia itxi zuten, herriko dendarik zaharrena zena. Azintzio jaietan, maiatzaren 17an, festen hasierako suziria jaurtiko dute Patxi eta Marivi Goiak.
Urriaren 31n, duela sei hilabete, etapa bat itxi zen Legorretako merkataritzan. Arregi okindegia itxi zuten, ordura arte herriko dendarik zaharrena izan zena. Familia negozioa izan da, eta belaunaldiz belaunaldi pasa da. Zehazki, hiru belaunaldik izan dute dendaren kargua.
Azken hamarkadetan Patxi eta Marivi Goia izan dira arduradunak. Aurretik, haien aitona-amonek ireki zuten lehendabizikoz okindegia eta denda, eta ondoren haien gurasoek jarraitu zuten negozioarekin. Erretiroa hartzeagatik erabaki dute ixtea.
Ez dakite zehatz-mehatz zenbat urte egon den zabalik, baina ia mende bat izan dela badakite. Juan Arregi errezildarrak eta Tomasa Elosegi beizamarrak jarri zuten martxan okindegia, Marivi Goiak azaldu bezala, «duela 90 urtetik gora». Haien jaioterrietatik Ordiziara joan ziren lanera. Juan Arregik okin bezala egin zuen lan bertan, baina haien okindegia irekitzeko asmotan, Ordiziatik Legorretara joan ziren bizitzera. «Aitona-amonek okindegi propioa nahi zuten eta Legorretara etorri ziren horretara, Etxezarreta paper fabrikako nagusiak aholkatuta». Izan ere, ez zegoen okindegirik herrian garai hartan, eta aukera ona izan zitekeen negozioa hasteko. Etxea erosi eta bertan jarri zuten labe bat lehenengo aldiz. 1953. urteko uholdeen eraginez, etxean zuten labe hori hondatu egin zen, eta beste etxe bat eraiki behar izan zuten.
Orduan gaur egunera arte denda egon den lekuan jarri zituzten okindegia zein saltokia. «Aitona oso gazte hil zen, eta orduan amonak jarraitu zuen lanean, seme-alabekin eta langile batzuekin». Juan Arregi hil zenean, hala, Tomasa Elosegi emazteak hartu zuen dendaren kargua, Ramon semearekin. «Urte askotan amak eta osaba-izebek eraman zuten. Osaba Ramon okina zen, eta izeba Isabelek eta ama Rosariok laguntzen zioten, dendan». Bere osaba Ramonek ogi «oso ona» egiten zuela du gogoan Marivi Goiak, «lehengo eran egina». Hura hil zenean, ogia bertan egiteari utzi zioten, baina dendarekin jarraitu zuten, eta ogia kanpotik eramaten zuten saltokira.
Okindegiaz harago, janari-denda
Okindegia izan da sorreratik, baina ez zuten ogia soilik saltzen. Denetik saldu dute beti: ogia, fruituak, edariak, kontserbak, lekaleak, garbiketako produktuak… Okindegia izateaz gain, janari denda izan da. Garai batean erosketa ia denak herrian egiten zituzten herritarrek. «Herri txikietako dendetan denetik izaten zuten, jendea ez zen kanpora ateratzen erostera». Goiatarren ama eta izebak erretiroa hartu zutenean, hirugarren belaunaldiaren esku geratu zen denda. Patxi Goiak hartu zuen kargua, iazko urrira arte. Bera izan da arduradun nagusia azken hamarkadetan, eta Marivi Goiak lagundu egin dio. «Nik irakaskuntzan egin izan dut lan, baina ahal izan dudanean esku bat bota dut dendan».
Erretiroa hartzeko garaia
Hala, Patxi eta Marivi Goia arduratu dira dendaz azken urteetan. Iaz ixteko erabakia hartu zuten, «erretiroa hartzeko garaia iritsita». Aldaketa batzuk nabaritu dituzte sektorean, tartean Ticket Bai-a, eta adina dela-eta eta aldaketa horiek egiteko asmorik ez zutenez, 90 urtetik gorako familia-negozioaren ibilbideari agur esan diote. «Jubilatzeko unea iritsi da, eta egin beharreko aldaketak bultzada bat izan dira ixteko. Gazteagoa balitz aldaketak ere egingo lituzke, baina jada garaia da erretiratzeko».
Abuztuan behin-betiko erabakia hartu zuten, eta irail bukaeran hasi ziren jakinarazten ixtera zihoazela. Legorretako dendarik zaharrena izanik, ezaguna da herrian. «Batzuk harrituta geratu dira, beste batzuk penarekin herriko dendarik zaharrena ixtera zihoalako, eta beste batzuk ohituta zeudelako hemen erostera».
Urte asko eman dituzte dendaren bueltako lanetan. Aitona-amonak eta gurasoak bertan ezagutu dituzte, lan horietan, eta haiek ere bertan ibili dira denbora luzez. Mariviren hitzetan, «bizimodu berri batera egokitzeko momentua» iritsi zaie orain. Nahiz eta gauza batzuk faltan sumatuko dituzten, beste era batera gozatuko dute. «Hainbeste urtetan komertzio batera eta eguneko errutina jakin batera lotuta egon ondoren, bizimodu berri batera moldatzen ari gara, eta ondo kudeatzen ari gara». Hasieran faltan sumatu zituzten eguneroko interakzio eta harremanak, bezeroekin eta baita komertzialekin edota hornitzaileekin. «Haietako batzuek urte askoan bisitatu gaituzte».
Suziri jaurtitzaileak
Arregi okindegiak ia mende bat bete du Legorretan. Okindegi bezala edo janari denda bezala ezagutzen dituzte. Herriari egindako ekarpena aitortzeko, aste eta erdi barru ospatuko diren Azintzio jaietako suziria botako dute dendako ordezkariek, maiatzaren 17an. Legorretarrak izanik, gogoz helduko diote zereginari, herritarrak festa giroan murgiltzeko gero. Suziri jaurtitzaileak izateko gonbidapena «pozik» jaso zuten.
«Legorretar bezala, oso eskertuta gaude gurekin akordatu direlako herriko festa nagusien hasierako suziria botatzeko. Legorretar guztiei festa zoriontsuak opa dizkiegu».
Odol emaileen elkarteko kolaboratzaile
Odol emaile elkartearekin elkarlanean aritu da Arregi okindegia aspalditik. 1974an sortu zen Legorretako odol emaileen elkartea, eta garai hartan hasi zen kolaborazioa. «Urte dezente badira, osaba okina zenetik kolaboratzaileak izan gara, hasieratik», azaldu du Marivi Goiak. Hori dela eta, urte horietan egindakoa itzuli nahi izan zien iaz elkarteak.
Urtero odol emaileei intsigniak banatzen dizkiete herriz herri. Azaroan Legorretan egin zuten ekitaldia, eta berezia izan zen. Intsigniak banatzeaz gain, Marivi Goiari eta Patxi Goiari omenaldia egin zieten, ia 50 urtetan laguntza eskaintzeagatik.
Odol emateak egiten zituzten egunetan, odol emaileei mokadu bat ematen zieten odola eman ondoren, indarrak berreskuratzeko.