Jon Ordoñez • Beasain
Badatoz Beasaingo Loinatz jaiak, eta aurten urteurren borobil bat dakarte. 1973ko jaietan Beasaingo San Ignacio kalea kuadrillakoek tortilla erraldoi bat egin zuten, eta aurten 50 urte betetzen dira. Tortilla gehiago egin zituzten gero, baina hura izan zen lehena, Espainiako marka gainditu zuen, eta gaurko erretratua 1973ko tortillaren egunekoa da. 1973ko ekainaren 5a zen. Urte hartako jaietako egitarauan dioen moduan, «Olano jaunaren zelaian» egin zuten.
Osagaiak: Segurako Galarza biltegiko 460 patata kilo, Idiazabalgo San Blas haztegiko 2.500 arrautza, Koiperen 120 olio litro eta San Ignacio kaleko kuadrillakoen eskua, burua, indarra eta gogoa. 25 laguneko talde bat ziren. Duela gutxi Whatsappez berriro zabaldu den Espainiako telebistaren bideo zahar batean ikusten diren blusetan ageri denez, ‘San Ignacio kalea’ zuten izena, euskaraz, Beasaingo kale hori ofizialki oraindik ‘calle’ zen garaian. Kale hori eta inguruak auzotzat zituzten. «Poteoan ez ginen auzotik ateratzen: Navarro, Riojano, Chileno, Urbia eta Egoki tabernetan ibiltzen ginen», gogoratzen dute.
1973ko patata tortilla erraldoi horrekin Espainiako errekorra gainditu zuten: 500 kilotik gora pisatu zituen. Marka egiteko zartagia eurek egin behar izan zuten. Txapa Suministros Loinazek eman zien. Krokisa Miguel Angel Mintegik San Ignacio kaleko kuadrillakoak egin zuen, eta horrekin Intsausti delineanteak egin zituen planoak. Ihurreko Construcciones Galarretxe lantegian egin zuten. Denek musutruk lagundu zuten. Eguraldiak, ordea, bizkarra eman zien: euria egin zuen. Tortilla egin baina hamabi ordu lehenago, gauerdian, egin edo ez egin zalantza izan zuten, baina Pedro Inazio eta Jose Agustin Olano okinek, ogia egitera zihoazela, esan zieten lau tanto besterik ez zirela, eta hasteko aidean patatak zuritzen. Aristraingo sukaldeko patata zuritzeko makinan zuritu eta zatitu zituzten, goizeko seitarako.
Auto ilarak errepide generalean
Eguerdian egin zuten tortilla, arraun itxurako pala batzuekin. Tortilla egiteko Jauregiren toldo batzuk jarri behar izan zituen, ez bustitzeko. Baina eguraldia txarra izan arren, jende asko hurbildu zen; auto ilarak izan ziren errepide generalean herrira sartzeko. Eustasio Lopez La Voz egunkariko kronistak ekitaldiari oihartzun handia eman zion. Zartagia estali, Gruas Garrok utzitako garabi batekin altxatu eta zartagiari lotutako soka batzuetatik tira eginez eman zioten buelta tortillari. Balantza CAFek utzi zuen. Artean greban ziren fabrika haundiko langileak soldata igoera bat eskatuz, tartean San Ignacio kuadrillako kide batzuk, bi hilabetez luzatu zen 1973ko greba entzutetsuan.
Tortilla bukatuta Zubimuzu plazara eraman zuten, Pedro Inazio Olanoren ogiarekin batera banatzeko. Eta plazak jendez gainezka egin zuen. Tortillarekin eta Telleriak eta Elosegik emandako ardoarekin herriko jubilatuentzako dirua biltzea zen erronkaren helburua, borondatea eskatuz. Tortilla banatzerakoan, ordea, itxiturarik ez zen, eta jendeari ezin eutsi egon ziren; kaos horretan azkenean 200-300 pezeta eskas bildu zituzten. Ardoa, ordea, hurrengo astebururako utzi zuten, eta zurrakapotea egin eta banatu zuten Andra Mari kaleko Dorronsorotarren lokalean. Orduan bai, jubilatuei bidaia bat ordaintzeko adina atera zuten: 15.000 pezeta inguru.
1973ko tortilla horren argazki asko daude San Ignacio kalekoen etxeetako bildumetan, baina gaurko erretratuko argazkia beste bat da, eta berezia da. Aygues argazkilariak sinatuta dago, eta San Inazio kaleko Chileno tabernan egon zen urte askotan, kuadrilla horretako batena izan zelako taberna hura. Orain, Chileno itxi zutenez geroztik, Guria tabernan dago ikusgai. 50 urte dira.