Igor Susaeta • Kazetaria
Txantxa bat dirudi, baina ez da. Duela dozena bat urte New Yorken igaro nuen urtebetean, aurreneko asteetan gertatzen zitzaidan uste nuela The North Face etxeko –GoiBerri-ko kudeatzailearentzat oharra: etxe horretatik esan didate mezu bat bidaliko dizutela galdetuz ea zenbat ordaindu behar duten publizitate mota honengatik– txamarra jantzita zeramatenak euskaldunak zirela, edo euskal herritarrak, behintzat. Zer diren gauzak: herrimina izango zen. Edo pentsatzen nuela gureetakoak detektatzea erraza zela. Miguel Unamunok esaten zuen nazionalismoa bidaiatuz sendatzen zela, baina, sasoi hartan, inuiten iglu batean dozena erdi bat urtez giltzapetuta egonda ere nekeza zen erraietaraino barneratuta geneukan estetika polarra geure iruditeriatik erauztea.
Orain bestela dira gauzak. Posmodernitatearen ondorioetako bat da ezinezkoa dela itxurarengatik soilik jendea bando batean edo bestean kokatzea; hau da, jada ezin dugula adierazi «Esan nola janzten zaren eta esango dizut botoa zein alderdiri ematen diozu». Ona dela esango du norbaitek. Ez da, ez, nire asmoa eztabaida moral bat piztea… Baina tira, errealitate berri honengatik, a priori, gutxienez, dibertigarritzat jo ditzakedan ezustekoak gerta litezke. Kiroldegian, adibidez, morroi batek mendiko prakekin egiten du kirola. Ez dut bistaz ere ezagutzen, baina, hara non, herriko kafetegi bateko terrazan ikusi nuen behin, eta Espainiako banderaren koloreak zituen eskumuturreko batekin. «Akabo!», pentsatu nuen neure artean.
Eta horrekin guztiarekin lotuta, azkenaldian beste espezie batek pizten du ene kuriositatea: bi sudurzuloen artean belarritako bat daramatenek. Batzuei sekulako flow-a ematen die; hori bai, duela urte batzuk ez bezala, orain ez nuke jakingo esaten zergak igotzearen edo jaistearen aurka dauden, esaterako. Lehen, pertsona baten itxurari erreparatuta, apustu egin zenezakeen EAJri ematen ziola botoa, eta
lepoa jokatu, bai jauna. Orain, goiz horretako ebakia ere zenuke jokatuko.