Ion Fontenla Sukia • Landarlan Ingurumen Elkartea
Dotore geratu da Lazkaotik Atauna bidean dagoen industrialde berria. Ikaragarrizko lana egin dute nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lur apartak zirenak industriarako solar hutsak bilakatuz. Gauza bera esan genezake Ormaiztegin egiten ari diren Irai-Errotako poligono handiaz.
Garbi dago batzuen ikuspegitik nekazaritza eta abeltzaintza ez direla industria bezain errentagarriak. Gainera, zertarako behar ditugu landa lurrak, Mercadonak behar ditugun elikagaiak eskeintzen badizkigu?
Zoragarria baita ere, besteak beste Itsasondon, Legorretan, Beasainen edota Ezkion egin diguten ingenieria lan erraldoia. AHTaren ibilbidea eta berau jasango duten zutabeak eraikitzeko, beste behin, baserritar ugariren lurrak expropiatu dira. Gainera, azken egunetan irakurri dugunaren arabera, Aralarko mendikatearen zundaketa lanekin hastera doaz. Badirudi Abiadura Handiko Trenak Ataun eta Idiazabal arteko mendia zeharkatzeko aukera indarra hartzen hasi dela. Bilioika euro kostatzen ari den obra honekin goierritarron ur biltegiak suntsitzen baditugu ere, Donostiatik Bilbora 5 minutu lehenago iritsiko bagara, ongi justifikaturik dago.
Azkenik, Goierriko erreka edo ibaiek ere aipamen bat merezi dute. Presak erauzteko lanak txalogarriak iruditzen zaizkigun arren, Goierrin dauzkagun erreka eta ibai gehienak ia erabat kanalizatutako ubideak dira eta «garbi» mantentzeko ohitura zentzugabeak hauen naturalizazioa oztopatzen du. Hori gutxi ez, eta Beasaingo Igartza Oletan, errepidean autoentzako bi norantzak mantentzeko, ibaiaren gainera zabaldu da pasealekua. Ur geldo eta garbiak gogoko dituen martin arrantzalea Beasainen ikustea ez da erraza izango, baina lertxuna herrian dabilenez, horrekin konformatuko gara.
Neolito garaitik hasi eta gaur arte, gizakiok Goierriko paisaia eraldatu dugu. Azken hamarkadetan ordea, paisaiaren artifizializazioak goia jo du. Basoak zuhaitz exotikoen monolaborantza landaketa bilakatu ditugu, errekak berriz horma arteko kanal eta zelaiguneak poligono. Badirudi naturala den guztia ezkutatu edo ordezkatu nahi dugula, bere horretan baliorik ez baleuka bezala.
Hauteskundeak bertan izanik eta bizi dugun krisi ekosozialaren aurrean, ingurumen gaiek lehen lerrora bueltatu beharra daukate. Eta datozkigun aldaketa sakonen aurrean erresilienteago izateko politikak aplikatzen hasi beharra daukagu, zementuan oinarritzen den politika zaharkiturik baitago. Landa lurrak zaindu, natura eremuak kontserbatu eta ondasun material gutxiagorekin baina osasuntsuago bizitzen ikasteko garaia iritsi da.