Odoljarioak geldiarazteko eta beherakoaren aurka erabili izan da. Zauriak orbaintzeko ere balio du.
- Izen herrikoia. Zaingorria.
- Izen zientifikoa. Geranium robertianum L. (Geraniaceae).
- Ezaugarriak. Landare oso ugaria da Euskal Herriko lurretan. Oso adartsua da, eta kolore gorrixka hartzen du, batez ere zurtoin aldean. Loreak lilak izan ohi dira, bost orrikoak. Landarea 5 eta 50 cm artean haz daiteke, eta urtarriletik irailera bitarte loratzen da. Paretetatik gertu hazten da, bide-ertzeetan, eta baita leku heze eta ospeletan ere, itsas-mailatik hasi eta 1.800 metrora bitarte. Mando-perrexila izenez ere ezaguna da.
- Atal erabilgarriak. Zurtoinak, loreak eta hostoak erabiltzen dira.
- Propietateak eta erabilpenak. Zikatrizantea da, odoljarioak geldiarazteko ere egokia da, eta beherakoaren aurkako lehorgarria.
- Kataplasma: Azaleko arazoetarako erabili ohi da kataplasma. Horretarako, landare freskoa txiki-txiki egin, gasa batean jarri, eta beharrezko lekuan aplikatu. Egunean bizpahiru aldiz jarri behar da, zauria dagoen gorputz-atala ondo orbaindu dadin.
- Infusioak eta dekozioak: Hortzoietan sor litezkeen odoljarioetarako, ultzeretako edo anginen kasuetarako erabiltzen dira. Horretarako,
30 gramo landare litro bat uretan egosi behar da bost minutuz, eta ondoren, gargarak egin egunean hiru aldiz. Beherakoari aurre egiteko eta barne hemorragietarako infusio berbera edan daiteke egunean hirutan. - Tinturak: Angina, afta edo ahoko gaitzetarako erabiltzen dira. Tintura egiteko, 40 gramo landare 70 graduko alkoholetan beratzen –mazeratzen– jarri behar da. Tintura horretako hogei tanta baso bat uretan bota, eta egunean hiruzpalau aldiz hartu.
- Kontraindikazioak. Gastritis kasuetan, eta urdail eta duodenoko ultzeretan, zaingorriak dituen taninoak mukosak narrita ditzake. Bigarren mailako efektu hori arintzeko malba bezalako muzilagodun landare batekin nahas daiteke.