Gipuzkoako erroten eguna da bihar, eta hainbat bisita gidatu eta ekitaldi proposatu dituzte antolatzaileek eraikin horiek bertatik bertara ezagutzeko. Aurrekari gisa, errotarien topaketa egin zuten joan den larunbatean Igartzan, eta bertan izan zen Irati Otamendi Irizar (Beasain 1986), Oria arroko errotei buruz hitz egiten.
Errotetan aditua ez zarela esan duzu errotarien topaketako hitzaldian.
Hala delako. Ni arkitektoa naiz, eta doktoretza tesia Oria ibai arroko arkitektura ondare industrialari buruz egin nuen. Industria horren hastapenean errotek duten garrantziaz hitz egin dut.
Doktoretza horrek ikerlari izatera eraman zintuen.
Ikasketaz arkitekto doktorea naiz, eta ikerketaren bidea landu dut gehiago, irakaskuntzarekin batera. Ikerketaren alorrean, ondare inguruan lan egin dut ahal izan dudan guztia, baina dibulgazioaren aldetik. Hirigintzaren eremuko parte hartze prozesuetan ere jardun dut, eta obraren bat edo beste ere egin dut. Ihes egin dut pixka bat arkitekto lanbide horretaz.
Nolatan arkitekto?
Zortea izan dut etxean jaso dudalako txikitatik interes hori. Edozein lekutara joanda, beti esaten zidaten, «begiratu eliza hori», «nolako arkua!»… Gai horrekiko estimulazio eta sentsibilate bat izan da beti etxean.
Zergatik aukeratu zenuen ondarea?
Ondare industriala, gainera. Ni Beasainen jaioa naiz, eta gure testuingurua industriala da. Beti bizi izan ditugu fabrika pila bat, Indar gogoratzen dut bereziki, Olaran… Ume nintzela gauza gris bat zen hura, atentzioa ematen zidana, handia zelako. Baina gero, arkitekturaren balioak eta ezaugarriak ikasten nihoan eran, adibidez, ez dakit nongo arkitektura arrazionalistaz hitz egiten genuen, eta nik hemen bertan ikusi nuen hori, Olaranek ezaugarri horiek zituelako. Horrela, beste ikuspegi batekin hasi nintzen begiratzen industria ondarea, eta Goierri oso eskualde industriala da.
Eta ondare industrialaren inguruan egin zenuen tesia.
Karrera amaierako lana ondare industrialari buruz egin nuen, Legorretako Etxezarreta paper fabrikari buruz. Eta horrekin tesirako eta ondorengo ikerketa ibilbiderako hastapenak finkatu nituen. Ordurako argi nuen irakaskuntza eta ikerketa gustatzen zitzaizkidala, eta nire burua ikusten nuen arkitektura eskolan irakasten eta ikertzen. Tesirako ere, ondare industrialaren gaia aukeratu nuen.
Etxetik hasita, gainera.
Bai, gehien ezagutzen nuenetik hasi nintzen, gehiago ezagutzeko eta ezagutarazteko asmoz. Izan ere, Olaran edo Etxezarreta paper fabrika bezalakoak arriskuan zeuden orduan, eta hala segitzen dute gaur. Errotekin ere gauza bera transmititu dute gaur [Igartzako topaketan, joan den larunbatean]. Lan asko egin beharra dago, eta nire ekarpena elementu horiek ezagutzera ematea da. Erroten kasuan, gizarteak badie horrelako mimo edo kariño bat, eta nahiko errotuta dago kultur ondare gisa duten aitortza, administrazioan eta herrian. Baina fabrikarekin, kosta egiten zaigu, kutsadura, grebak, zikinkeria… etortzen zaigulako burura. Ez da baloratzen ezagutzen ez dugun hori, eta horretan nire ekarpena egitea zen asmoa.
Zer aurkitu zenuen ikerketan?
Oria ibaiaren ardatza hartu nuen, eta ikerketa zabal bat egin ondoren, bost kasutan zentratu nintzen. Bukaeran konturatu nintzen aurretik gai hori asko maite banuen, oraindik gehiago maite nuela, gehiago ezagutu nuelako. Baina arazoak ere nabarmenago ikusi nituen, uholdegarritasunak eragindakoak, adibidez, eta errotarien topaketan presak botatzen ari direla eta kezka agertu dutelako aipatzen dut hori. Ur saltoak erroten aztarnak dira gehienetan, eta nik tesia 2019an aurkeztu nuenean, Oriak dituen 65 kilometrotan 45 salto inguru zeuden. Gaur gutxiago daude, desagertzen ari direlako, uholdegarritasunagatik eta arrazoi ekologikoagatik.
Errota haietako batzuk industria bihurtu ziren gerora.
Aurrekariak izan ziren. Ezin da ulertu industria modernoa errotarik eta burdinolarik gabe. Errotak eta burdinolak lehen fabrikak izan ziren, helburu ekonomiko batekin produkzioa sortzen zuten egiturak ziren, eta atzean gizarte mota bat zegoen, eta egiteko modu bat. Industria modernoa iritsi zenean, teknologia berria sartzen joan zen, baina energia iturria lehengo bera zen, ura, eta haien azpiegiturak baliatu zituzten, eta horrekin batera, eskarmentua, ofizioa eta jakinduria ere eraman zituzten industriara.
«Erroten azpiegiturekin batera, eskarmentua, ofizioa eta jakinduria ere eraman zituzten industriara»
«Igartzan egundoko altxorra dugu, egurrezko presa. Bakarra da, eta Europan gutxi egongo dira garai berekoak»
Adibide batzuk aipatu dituzu.
Antton Agirre Sorondok idatzitako Tratado de molinologia aipatu dut lehenik, 600 errota katalogatu zituelako Gipuzkoan 1988an. Serapio Mujikak idatzi zuen Geografia general del Pais Vasco-Navarro liburua ere ekarri dut gogora. bertan zerrendatutako erroten artean, Altzibar errota aipatzen duelako, eta esaten duelako ez duela dagoeneko ehotzen, baina bere indarra erabiltzen dela alpargata prentsa egiteko. Hortxe dugu salto hori, errota jardueratik industriara pausoa. Arrabiolako errota ere aipatzen du, argindarra ematen diona Segurari.
Garai bateko errotetatik batzuk desagertu egin dira, beste batzuk jarduerarekin jarraitzen dute, eta erabilera aldatu dutenak ere badira, Igartzakoa bezala, orain kulturara dedikatzen delako.
Errotak ondare historikoa, teknologikoa eta etnografikoa direla argi dago. Ondare arkitektonikoa ere bai?
Dudarik gabe. Eraikinari begiratuta, herri arkitekturari erantzuten dioten ezaugarriak dituzte, eta alde horretatik badira herri ondarearen eta herri arkitekturaren erakusle. Normalean eraikitzen dira inguru horretan eraikitzen den modura, inguruko harriarekin… Eta eraikinez gain, edukiari ere begiratu behar zaio, teknologiari… kanala, presa bat, horma bat… zer dira ba? Hori dena arkitektura da, dudarik gabe.
Eta hori guztia zaindu beharrekoa da.
Eraikina bera, eta barrukoa eta ingurukoa ere bai. Errota bat ez da ulertzen toberarik edo errotarririk gabe, eta toberak eta errotarriak ez dira ulertzen ura iristeko modua ulertzen ez bada. Igartzan egundoko altxorra dugu, egurrezko presa, eta pena da bere jatorrizko lekuan ez egotea. Bakarra da, eta Europan gutxi egongo dira garai berekoak.
Behar duen balioa ematen al zaie horrelako elementuei?
Oso kanpora begira ohituta gaude, eta bertakoa ez dugu asko baloratzen. Bertakoa ezagutzera eman behar da, gehiago baloratzeko. Transmisio horretan gabezia handia daukagu, ondarearen transmisioan ere bai. Eskoletatik hasi beharko litzateke.
Errota eguna bezalakoak nola ikusten dituzu?
Beharrezkoak dira, transmisio horren parte direlako.