Zaldibia Aralar Pottoka Elkarteak mende laurdena darama oraindik ere desagertzeko arriskuan dagoen pottokaren arraza berreskuratzeko lanean.
Lagun talde baten ekimenez sortutako elkartea da ZAPE Zaldibia Aralar Pottoka Elkartea. Animaliekiko, eta bereziki behorrekiko, zuten interesak elkartu zituen orain 25 urte. Orduan jakin zuten Euskal Herrian eta Aralarren bazela desagertzeko zorian zegoen zaldi arraza bat: euskal pottoka. Aralarren, esaterako, XX. mendearen bigarren erdialdean galdu zen espezie hori. FAO erakundeak 1996. urtean desagertzeko zorian zegoen arrazatzat izendatu zuen euskal pottoka. Harrezkero, lan mardula egin du elkarteak euskal zaldi hori berreskuratzeko lanean, eta gaur-gaurkoz, «pottoka multzo ederra» daukate Aralarren magalean. Zeregin horretan «disfrutatu» egiten dute, Aitor Iraeta elkarteko kideak adierazi duenez. 1998ko maiatzean erregistratu zuten elkartea.
Hasierako urteetan egin zuen «inbertsiorik garrantzitsuena» elkarteak, jatorrizko pottoken aztarnen bila Euskal Herri osoan barrena ibiliz. «Oso-oso zaila zen pottokak bilatzea. Euskal Herriko lau gunetan zeuden gutxieneko arraza purutasunarekin. Leku gehienetan beste zaldi arraza batzuekin nahastuta zeuden. Adarra mendian, Foru Aldundiak Pagoetan zuen sailean, Karrantza aldean eta Ipar Euskal Herrian aurkitu genituen. Gure ustez egokienak zirenak aukeratu genituen, eta poliki-poliki genetikoki hobetu ditugu, lehen zuten purutasuna berreskuratuz».
Genetikoki hobetzeko lana
Berreskuratze plana osatzeko bidean, informazio bila ibili ziren batetik, eta bestetik, behorrik onenak bilatzen eta erosten. «Zaldien kasuan ahalegin berezia egin genuen, semental onek baitute garrantzirik handiena arrazaren nondik norakoan eta garapenean». Hazitarako zaldi onenak «botatzen» saiatu dira urteotan guztiotan ZAPEko kideak, «hala eginez gero suposatzen baita umeak beti gurasoak baino hobeak» izan behar direla. «Esan genezake egin dugun lana ona izan dela, eta emaitza ikusi egiten dela. Orain 25 urte arraza nahasketa zegoen, eta zeuden akatsak hobetu ditugu. Gaur egun, orokorrean, oso animalia egokiak dauzkagu».
Lagun arteko elkartea sortzeaz gain, Gipuzkoako Pottokazale Elkartea sortzeko sustatzaileak ere izan ziren ZAPE elkartekoak. «Batzar bat egin genuen pottokak hazteko gogoa genuenon artean, eta hor atera zen elkartea sortzea. Eta gero Euskadiko Pottoken Federazioa sortu zen, eta horren bidez mantentzen dugu harremana Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hazleekin».
Gipuzkoako elkarteko idazkaritza arduratzen da gaur egun pottoken kontrol lana egiteaz: jaiotzak, osasun-agiri ofizialak, identifikazio zenbakiak… «Odol laginak ere hartzen dizkiete pottokei, gero aitatasun-amatasun frogak eduki ahal izateko. Pottoka guztiak liburu genealogiko batean sartuta daude». Eta egindako lan horrek guztiak utzi du bere arrastoa, nahiz eta FAOk oraindik ere galtzeko arriskua duen arrazatzat jo. «Asko hobetu da egoera. Baserri askotan ikusten dira orain pottokak. Orain 25 urte berrogei pottoka egongo ziren Gipuzkoan, orain laurehun bat buru egongo dira. Lanketa baten ondorio izan da, Europatik diru-laguntzak ere iritsi ziren…».
Pottoka Gunea erakusleiho
Berreskuratze lan horren barruko beste urrats bat Pottoka Gunea sortzea izan zen. «Zaldibiako Udalarekin hitzarmen bat egin genuen, eta herri lur zati batean prestatu genuen gunea, jendeak pottoka zer den ezagutu dezan». Egileor auzoan, Artxabal izeneko parajean (Olakosoiko atsedenlekutik gertu), dago Pottoka Gunea, Aralarko Parke Naturalaren barruan. Han, pottokak behatu eta haien haziera fase ezberdinak ezagutzeko aukera dago, hasi moxaletatik eta helduetara arte. «Erakusleiho baten funtzioa du, eta sarrera librea da. Hori bai, edozein lur-sailetan edo natur eremutan bezala jokatu behar da: ingurunea eta animaliak errespetatuz, eta langak itxiz». 2016an informazio panel berriak jarri zituzten eremuan.
Erreportaje hau egiteko garaian, Iparragirre baserriaren zelaietan zuten ganadua. «Neguan eta udaberrian sail ezberdinetan edukitzen ditugu, batez ere moxalak leku kontrolatuan jaiotzeko, eta ziurtatzeko sementalak behor denak estali dituela mendira joan aurretik». Maiatz bukaeran edo ekain bukaeran bidaliko dituzte pottokak Igirua mendira, Ausa-Gazteluren barrenera, eta han biziko dira hainbat hilabetez egoera erdi-basatian. Umeak aurrerako uzten dituzte, eta behorrak, zaharrenetatik hasita, saldu. Salmenten bidez zein sarien bidez lortzen duten dirua elkartean bertan inbertitzen dute. Zaldi gazteak, berriz, debalde uzten dituzte hazitarako urte bat edo birako.
Ospakizun eguna kalean
Bihar, maiatzaren 13an, ZAPEren 25. urteurren ospakizuna egingo dute Zaldibian. Goizean pottoka guztiak jaitsiko dituzte plazara haien umeekin, eta argazki zahar eta berriekin osatutako erakusketa bat jarriko dute. Urteotan elkartean ibili diren kideak zein hala nahi duten herritarrak, bazkari baten bueltan elkartuko dira ondoren.
Ezaugarriak
Pottoka gorputz gihartsu eta sendoa duen zaldia da, proportzio orekatuak dituena –garaiera eta luzera antzekoak ditu–, eta klimatologia aldakorrera eta erliebe malkartsura egokitua.
- Burualdea. Buruak soslai subkonkaboa du. Sudurzulo zabalak eta ezpain lodiak ditu pottokak. Begiak biziak ditu, almendra kolorekoak, eta belarriak, txikiak.
- Zurda. Luzea du, eta gehiena alde bakarrera eroria.
- Lepoa eta bularra. Lepo eta bular sendoak eta indartsuak ditu.
- Hankak. Hanka finak ditu, baina indartsuak, eta ile oso gutxirekin.
- Atzea. Atze sinplea du, eta ipurdi estua, ez haragitakoek bezala bi konkorrekin.
- Isatsa. Behean hasten zaio.
- Bizkarra. Buruak bezalaxe, soslai subkonkaboa du pottokaren bizkarrak, zertxobait zelatua.
- Garaiera. Soin gurutzeko altuera 1,15 eta 1,30 metro artekoa du.Kolorea. Beltza, gaztain kolore ilunekoa.