Bigarren denboraldia osatzen ari da Urretxun errotutako Zatika emakumezkoen ziklismo taldea. Ilusioa dute osagai nagusia. Proiektuaren bultzatzaileak eta Goierriko lau txirrindulariak gustura daude lortzen ari direnarekin.
Zumarragako Zatika Bike txirrindu dendan sortu zen duela urte eta erdi emakumezkoen txirrindulari taldea sortzeko ideia eta proiektua, neska txirrindulari baten aitaren eta Zatikako Joseba Irizarren arteko elkarrizketa baten ondotik. Goierri elkartearen babesean eta Urretxuko Udalaren eta beste eragile ugariren laguntzarekin, bigarren denboraldia dute hamazazpi neskek (hiru mailatan) errepidean Zatikaren izenean. June Maiz eta Oneka Sanchez beasaindarrak, Arene Perez mutiloarra eta Lur Zufiria ormaiztegiarra dira Goierriko txirrindulari ordezkariak.
Irizarrek aitortu duenez, beti izan du «ilusioa» neskez bakarrik osatutako txirrindulari talde bat izateko, «esklusiboki neskena izango zena, beraiengan pentsatutako taldea izango zena». Ametsa egi bihurtu du eta urte eta erdiko balorazio oso positiboa egiten du. «Gipuzkoa mailan ez zegoen horrelako talderik; Espainia mailan bazeuden talde batzuk. Laboral Kutxa profesionala da, baina beste proiekzioa bat du. Ez da kategoria txikietatik gora ateratzeko talde bat». Beraz, baliabideak eta bitartekoak aurkitu eta «maila ez profesional batean, konpetitzeko aukera» izango zuen Zatika taldea osatu zuten iazko denboraldian. «Aurten aukera edukiko dugu hiruzpalau karreretan profesional mailako neskekin (Movistar, Education First…) lehiatzeko. Aukerarik ez dugu edukiko kirol arloan, baina bai ikusgarritasuna eta esperientzia, eta ilusioa sortzeko oso garrantzitsua da».
Izan ere, Irizarrek garbi du «proiektu hau dena ilusiotik» sortu zela: «Neskei laguntzeko ilusioarekin, nesken txirrindularitza indartzeko ilusioarekin, geroz eta neska gehiago erakartzeko ilusioarekin». Emaitzak egunero ikusten ditu: «Dendan ikusten dugu gero eta neska gehiago dabiltzala txirrinduan, bai lehiaketetan eta bai zikloturista bezala. Egiten dugun guztian, neska txirrindularien egoera nola hobetu izan da ardatza».
Elkarrengandik asko ikasiz
Irizarrek aitortu duenez, bidea egiten ari dira elkarrekin ikasiz: «Oso-oso gustura nago. Asko ikasi dugu, asko erakutsi digute neskek». Esate baterako, «marka batekin hitz egin nuen eta nesken ezaugarrietara egokitutako arropa eta oinetakoak egiten hasi ziren, neskengan pentsatuz. Nesken beharretara edo ezaugarrietara egokitutako materiala sortzen ari dira gero eta marka gehiago. Bai arropa, bai bizikletak». Kasko eta betaurreko enpresa bat ere harremanetan jarri da proiektuaren parte izan nahi duelako. «Markak deika ari zaizkigu, eta horrek gauzak ondo egiten ari garela adierazten du. Kanpotik ere ondo ikusten ari direla dirudi».
Hilekoak emakumezkoei nola eragiten dien ere ikasi dute, «hilekoren zikloak kirol emaitzetan zein eragin dezakeen».
Pixkanaka, gainera, gero eta lasterketa gehiago dituzte. Espainiako Kopa lehiatzen ari dira. Zatikako Oneka Sanchez beasaindarrak lehenengo proba irabazi zuen Nojan (Kantabria) eta liderraren elastikoa jantzi zuen; bigarrena izan zen Arene Perez mutiloarra. «Beti gehiago lortzea nahi izaten da, baina iaz Gipuzkoako txapelketako maila desberdinetako txapelak irabazi genituen. Ia gehienak aurrean ibiltzen dira karreretan, aurpegia emanez».
Irizarrek argi du Zatikaren proiektua luzerako izatea nahi duela: «Proiektua ahalik eta gehien luzatu nahi dut. Hasierako proiektua hiru urtekoa zen, babesleekin horrela hitz egin genuelako, baina babesle gehiago ere baditugu ate joka». Irizarrekin batera, Aitor Chico presidenteak eta Marcelo Favre zuzendariak eta mekanikoak osatzen dute proiektua. Eta jakina, gurasoen laguntzarik eta inplikaziorik ez zaie falta, eta nesken ilusiorik eta motibaziorik ere ez.
Neskak oso gustura
Zatikaren elastikoa harro eta ilusioz daramate errepidean Goierriren ordezkari diren lau txirrindulariek. Lur Zufiria ormaiztegiarra, Oneka Sanchez eta June Maiz beasaindarrak eta Arene Perez mutiloarra oso pozik daude Zatikaren proiektuarekin. Lehenengo denboraldian hamar txirrindularik osatu zuten taldea, eta aurten hamazazpik. Sanchezen esanetan, «ekipoan gero eta neska gehiago gara. Aurten Arabako eta Bizkaiko jendea ere etorri zaigu». Zufiriak gehitu duenez, «forma hartzen ari da taldea. Azken batean, ekipo potente bat da Zatika». Erreferentzia bihurtzen ari dira. Hasi berria da txirrindularitzan Maiz, eta oso eskertuta dago Zatikak eman dion aukerarekin: «Niri pertsonalki izugarrizko aukera eman dit Zatikak. Ni iaz hasi nintzen txirrindularitzan eta aukera eman didate. Esperientzia handia daukaten Oneka, Arene eta Lurrekin ibiltzea izugarria da. Gero eta jende gehiago dator gainera».
Perezen ustez, «garrantzitsuena da, oso giro ona daukagula, elkarrekin oso ondo moldatzen gara. Denok elkar laguntzeko gaude. Pozik gaude bertan».
Limousin taldea utzita iritsi ziren laurak Zatikara. «Talde mistoa» zen. Aurretik Ampon ibili ziren; hori ere talde mistoa. «Orain arte neskek ez dugu eduki horrelako aukera zabala txirrindularitzaz gozatzeko edo hainbeste karreretan parte hartzeko edo talde bat edukitzeko. Nesketan zentratutako ekipo bat da Zatika». Txirrindularitzan aritu nahi duten neskek mailaz maila lehiatzeko aukera daukate orain: kadete –aurten sortua–, jubenil, sub23 eta elite mailetan. «Afizionatu maila ere badago, eskailera osoa daukagu orain. Lehen jubenilek zuten hurrengo pausoa profesionaletako maila zen. Baina denek ez zeukaten profesional maila eta hor hutsune bat geratzen zen. Zatikak aukera hori sortu du».
Maizek azpimarratu duenez, «Zatikak denontzat dauka eskua zabalik. Ez bakarrik onak direnentzat. Denoi ematen digu aukera. Izugarrizko laguntza daukagu atzetik. Beti daude hor behar dugunerako».
Presiorik eza nabarmendu du Sanchezek: «Ekipo indartsuetan beti dago lider bat eta liderrentzako lana egin behar izaten denez, askotan ez da gozatzen. Zatikak aukera ematen digu bakoitzak ahal duen moduan gozatzeko, elkar lagunduz, eta presiorik gabe. Bakoitza bere mailan». Ingurukoak izanda, entrenamenduak elkarrekin egiten dituzte, eta mutiloarrak gogoratu duenez, «bidaietan harreman estuak sortzen dira. Ez da bakarrik txirrindularitza, elkarbizitza ere oso polita izaten da. Ez da bakarrik pedalei ematea».
Gainera, emakumezkoen txirrindularitza indarra hartzen ari denaren seinale da, neskenak bakarrik diren gero eta lasterketa gehiago dituztela inguruan. «Aurten adibidez nesken Itzulia jarri dute eta horrek ilusio handia egin dit. Urtero mutilena egiten da, eta urtero hor izan naiz mutilen lasterketa ikusten, inbidiarekin. Oso aberasgarria da ezagutzen dituzun errepideetan lehiatzea. Horrek konfiantza ematen du, babesa. Telebistan gero eta lasterketa gehiago ematen dituzte».
Beasainen jokatu zuten adibidez Igartza Saria martxoaren 19an. «Ezagunak ikustea animatzen… Oso polita izaten da», aitortu dute Maizek eta Sanchezek.
Errepidean zenbat eta kilometro gehiago egin, zenbat eta lasterketa gehiagotan lehiatu, kirol mailan hobetzeko aukera handiago izago dute. «Emaitza hobeak lortzeko gakoetako bat motibazioa da. Ulertzen gaituen jendea daukagu inguruan, esperientzia desberdinak bizitakoak», dio Perezek.
Zufiriak gehitu duenez, «neska batzuk ekipoetan bakarrik daude, inoren babesik gabe. Gu elkarrekin gaude bai entrenatzeko eta bai lasterketetarako. Babes hori edukitzea garrantzitsua da». Maizen esanetan, «entrenamenduak elkarren artean barruak husteko ere balio izaten dute, eta elkarri erakusteko. Badakizu ondokoak bajualdi momentuak eduki dituela, eta hortik atera dela… Elkar animatzeko oso baliagarriak dira».
Eta lanaren ondorioz, emaitzak ere iristen dira. Espainiako Kopako Nojako (Kantabria) lasterketa Oneka Sanchezek irabazi zuen eta haren atzetik sartu zen Arene Perez. Mutiloarraren esanetan, «beti izaten da polita emaitza on bat lortzea, baina horren guztiaren aurretik gauza asko daude. Talde osoaren garaipena izaten da, ekipo osoak laguntzen duena». «Taldeak ez digu ezer ere exijitzen, gozatzea, bakoitzak bere maila ematea eta ahal duena egitea. Baina ikusten dugu aurten talde indartsua daukagula maila guztietan. Horrek animatu egiten gaitu», dio Sanchezek.
Etorkizunari begira
Etorkizunaz galdetutakoan, laurek garbi dute erantzuna. «Egunean egunekoa egiten zentratzen naiz, helburu bezala asteburuko lasterketak jartzen. Eta gero etorriko da etorri behar dena», adierazi du Perezek. Maizek «oso urruti» ikusten du profesionalen mundua, «baina espero dudana eta helburu bakarra da, hemendik urte batzuetara ere bizikletan ibiltzea».
Zufiriak eta Sanchezen helburua urtetik urtera hobetzen joatea da, «helburu handirik gabe jarri gabe, egunerokoa eginez. Gero gerokoak».
Pedalkadaz pedalkada, kilometroz kilometro, lasterketaz lasterketa, bidea irekitzen ari dira Zatikako kideak.