Mikel Insausti Murgiondo (Beasain, 1998) mendi gidaritzako ikasketak amaitzen ari da. Betidanik izan du gustuko kirola, eta afizioa ofizio bilakatzeko bidean dago.
Mendi gidaritza ikasten ari zara. Ez da oso ikasketa ohikoa. Zergatik aukeratu duzu ikasketa horiek egitea?
Mendi gidaritza, finean, azken aldian bultzada handia izan duten abentura kirol ekintzen gidari izateko behar den titulua da. Betidanik izan dut gustuko kirola, baina duela urte batzuk afizio bezela hasi ziren arroila jaitsierek, eskaladak eta mendiak motibatu eta bultzatu naute kurtso hau egitera. Hasiera batean ikasteko eta esperientzia pertsonalean hobetzeko intentzioz hasi nituen ikasketa horiek, baina gaur egun, asko disfrutatzen dudan esperientzia hori lan irteera ikuspegi planteagarri bat bilakatu da niretzat.
Zer ikasten duzu bertan eta zein aukera ematen dizkizu lan mundurako?
Ikasketa aukera zabala duen kurtsoa da. Lehenik eta behin, estatu mailan TD1(Tecnico Deportivo) izenez ezagutzen den kurtsoa dugu. Hau, lehen urtean ikasle guztiek egin behar duten derrigorrezko bloke komuna da. Bertan, behe mendiko gidari izateko oinarrizko ezagutza lantzen da, hau da, mapa eta iparrorratz bidezko orientazioa, lehen sorospenak, talde bat segurtasunez gidatzeko baliabideak, jolasen eta naturaren ezagutza, irteera baten prestakutza, eta abar. Behin derrigorrezko lehen kurtsoa egin ondoren, hiru espezialitate ezberdinek banatzen dute bigarren kurtsoa; bertan, arlo bakoitzean behar diren maila handiko ezagutza teknikoak landuz: erdi mailako mendia, arroila jaitsiera eta eskalada.
Orain praktiketan zaude. Nolako esperientzia izaten ari da?
Lehen mailako praktikak egiteko aukera ezberdinak ditugu. Alde batetik, abentura enpresek lan eskaintza zabala izaten dute behe mendiko kirol jardunaldi ezberdinak eskainiz, eta eskola ezberdinetan ekintzak, jolas ezberdinak eta orientazio eta ingurumen tailerrak landuz.
Nire kasuan, herrian dugun mendi taldean egin ditut praktika jardunaldiak, Arrastaka Mendi Taldean. Bertan mota ezberdinetako mendi irteeren prestakuntza eta gidaritza lantzen aritu naiz. Esperientzia bikaina izan da, eta gainera, herriko mendi elkartean nire ekarpena egiteko aukera izan dut modu honetara.
Etorkizunean, zein arlotako zerbitzuak eskaintzea gustatuko litzaizuke eta zein aurreikuspen dituzu?
Jendeak gero eta gehiago aukeratzen dituen ekintzak direla ikusi da azken aldian, gehien bat koronabirusaren pandemiaren ondoren izan den mendi ekintzen bultzada nabarmena da bere alde on eta txarrekin, eta lehen hain ezagunak ez ziren kirol tekniko hauek gorakada handia izan dute. Arroila jaitsiera aukeratu dut gustokoen dudan espezialitatea delako, teknikoki hobetzeko eta ikasteko asmoarekin. Mendi gidaritza arloan lan eskaintza gehien duen espezialitatea dela ikusi da azken urte honetan, eta aukera interesgarria izan daiteke afizioa ofizio bihurtzeko.