Bigarren aldiz jarraian irabazi du June Aiestaran Iparragirrek (Beasain, 2006) Gipuzkoako Eskolarteko bertsolari txapelketa. Euskal Herriko finala jokatuko du ekainaren 3an Iurretan (Bizkaia) . Batxilergoko lehenengo mailako azterketak bukatuta, herriko jaietan du burua jarrita. Hala ere, festa bakarrik ez, lana ere egin beharko du: asteartean, maiatzaren 23an, bertsotan ariko da Amets Arzallusekin, Andoni Egañarekin eta Nerea Elustondorekin batera.
Bigarren txapela irabazi duzu eskolartekoan.
Lehenengoa beti berezia izaten da, lehenengoa delako eta ilusioa handiagoa delako. Baina bigarrena ere ilusioz hartu dut. Nahi gabe ere, iaz irabazi nuenez, beste presio bat edo nuen.
Faboritoa zinelako?
Hori da. Erakutsi behar bat edo. Eta bai, lasaitua hartu nuen.
Lasturren jokatzen da finala.
Kariñoa hartu diot dagoeneko Lasturri. Kanporaketak izaten dira afaldu eta eserita kantatzeko. Finalean, afaldu eta zutik kantatu genuen.
Ezberdina izaten da eserita edo zutik kantatu?
Bai. Beste lurraldeetan antzokietan egiten dira txapelketak. Gipuzkoan afariaren bueltan egiten da eta goxoagoa, gertuagokoa bezala izaten da. Nire kasuan behintzat, onura da hori.
Euskal Herriko Txapelketako finalerako txartela lortu duzu. Ekainaren 3an, Iurretan izango da.
Joan zen urtean ez nintzen gustura aritu, aurten beraz, disfrutatu egin nahi dut, eroso aritu. Presiorik gabe joan nahi dut. Badakit gure adinekoetan ze maila dagoen. Egia esateko, ez daukat irabazteko helbururik. Etorri behar badu, etorriko da. Disfrutatzera noa. Eta behin disfrutatuz gero, nik uste dut bertsotan ondo aritzen garela eta horrek ekarri dezake txapela.
Plazaz plaza zabiltza. Bertso saio gehiago dituzu azken aldian?
Bai, lehenengo eskolartekoa irabazita plaza gehiago izan ditut, hasteko ondo dago. Baina oraindik ez nuke esango serio hasi naizenik plazatan. Gazteen saio informalagoetan ibiltzen naiz.
Beasaingo jaietan, maiatzaren 23an, saio serioa daukazu.
Bai.
Errespetua sortzen du Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Nerea Elustondorekin kantatzeak?
Bai, pixka bat bai. Orain arteko saioetatik diferenteagoa eta potenteagoa. Esango nuke aurrerapauso bat ere badela. Batez ere, bertsolari kideengatik. Aukera bezala hartuko dut. Aurrera egiteko modu bat.
Bezperan kuadrilla eguna da.
Txintxo ibili beharko naiz. Baina mozorro eguna geratuko zait.
Batxilergoko lehen urtea bukatu berritan datoz Beasaingo jaiak.
Oporretan egongo naiz bai. Beasaingo saioa Euskal Herrikorako entrenamendua izango da.
Festetako ze egun gustatzen zaizu gehien?
Bereziena Mari izaten da. Eta mozorro eguna ere bai, festei amaiera emateko.
Mozorroa prest daukazu?
Bai, sorpresa da.
Bertsolari bezala, zein helburu duzu?
Nire buruari ez diot helburu handirik jarri nahi. Horrelaxe jarraitzea. Firmatuko nuke aurtengoa bezalako beste urte bat. Tarteka plazak baldin badauzkat… horrela jarraitzea eskatuko nuke.