Apirilaren amaiera partean, San Prudentzio zubia profitatuta, Amsterdamen izan nintzen. Nieuwezijds Voorburgwal kalean noraezean nenbilela, liburu-denda txiki bat ikusi eta, ez bat eta ez bi, barrura sartu nintzen. Maite ditut oso halakoak. Saltzaile zaharrak zerbait galdetu zidan. Ulertu ez arren, baietz erantzun nion nire holandes traketsean. Orduan, gizonak dendako bazter bateraino eraman ninduen eta liburu bitxi samar batzuk erakutsi zizkidan: bat 1678an Janson eta Wesberg-ek Holandako hiriburuan argitaratutakoa zen eta Athanasius Kirchnerren Erromako museoa erakusten zuen lehen orrian. Beste liburua 1622koa zen eta Museum Calceolarium delakoaren irudiak zekartzan.
Adi, ordea! Museo hitza gorabehera, bi liburuak XVII. mendean hain arruntak izan ziren Wunderkammer edo bitxikeria-kabineteei buruzkoak ziren. Gela horiek Ali Babaren (edo Mariren) kobaren antzekoak izan ohi ziren eta askotariko altxorrez josita zeuden: koralezko erlojuak, Afrikako krokodiloen azalak, Antzinaroko eskulturak…
Arreta eman zidan liburuetako irudiek islatzen zuten horror vacuia, gelak mundu osoko gauzarik exotikoenekin nola edo hala bete behar hori. Altxor arraro haiei begira nengoela, goiz hartan bertan Rijksmuseum-ean ikusia nuen Vermeer margolariaren erakusketa etorri zitzaidan burura: Delft-eko panorama baketsua, koadroetako egongela hutsak, norbaiten edo zerbaiten zain diruditen emakume bakartiak… Izugarria zen liburuetako grabatuen eta Vermerren margolanen arteko aldea, oso garai ezberdinetan sortuak izan balira bezala. Baina ez, garaikideak ziren bi-biak, 1620 eta 1680 artekoak.
Kontraste –kontraesan?– handi horrek XVII. mendearen eta gurearen arteko antzekotasunak iradoki zizkidan. Alde batetik, erretaula barrokoen dekorazio gehiegizkoa gaitzesten dugu, mendi tontorretako lasaitasuna aldarrikatzen, Seneka eta Epikteto eta gainerako estoikoak hobeto ezagutu behar genituzkeela onartzen; bestetik, zarataz inguratuta bizi gara: zarata sare sozialetan, zarata tabernetan, zarata lantokietan… Zarata nonahi.
Vermeerren eta Athanasius Kirchnerren garaian, jendeak beldurra zien ezerezari, hutsari, bakardadeari. Mundua aldatzen ari zen eta iraganak ez zuen inongo kontsolamendurik eskaintzen. Ezta etorkizunak ere. Testuinguru horretan, antzerkiak gorakada ikaragarria izan zuen eta errealitatea fikzio, espektakulu bilakatu zen. Horrek hutsa estali ahalko balu bezala. Horrela ez ikusiarena egin ahalko bagenu bezala. Betiko lotan jarraitu ahalko bagenu bezala.