Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Maiatzaren 1arekin batera, ganadua larratu dute Aralarren. Ikus, Goierriko Hitzan (2023-04-27an) eman dituzten datuak: «Aurten inoizko ganadu larrien kopuru handiena larratuko da Aralarren: 1.040 behi eta 910 behor. Ardien kopuruak behera egin du, iaz 17.000 pasa eta aurten 16.100. Oraindik ez dago behar adina belar mendian, batez ere 1.000 metrotik gora. Hortik behera, hainbestean dator, azken egunetako giroak lagunduta».
Lehor dauzkagu bazterrak. Aralar penagarri dago. Azken egunetako euriak eta eguzki goxoak hostoa eta belarra pixka bat mugitu dituzte, baina mendi buelta eginda oinetakoak lokaztuta ekartzerik ez dago, nahita ere.
Beraz, egoera horretan dagoen mendian hainbeste ganadu sartuta, zer gertatuko da? Berehala dira belar eta ur faltan. Iaz ere gorriak ikusi zituzten artzain eta ganaduzaleek, ura eta negurako prest zuten bazka, eraman beharrean izan ziren. Aurten, alde batetik, iaz baino lehorrago dagoelako eta, bestetik, ganadu gehiago izango denez, lehenago hasi beharko dira ur eta bazka garraioan. Ikusiko dugu, baina hala dirudi.
Galdera: aztertzen al da mendiaren egoera, ganadua eramateko baimenak ematerako? Alegia, mendia nola dagoen ikusi, zenbat ganadu har dezakeen aztertu eta hainbat baimen eman, halakorik egiten da? Bazkarik eta urik ez badago, ganadu gutxiago igo behar, ala? Ganaduak mendiari mesede egiten dio, neurrian bada; gain populazioak, ordea, kaltea latza. Gainera, ura eta bazka behar dituztela eta mendira eramateak, pistetan gora eta behera autoak ibiltzea esan nahi du, lehenaz gain, gehiago. Horra! Mendiarentzat beste kalte bat…
Ura bizia da. Euskal Herri berdearen eta bizitzaren alde, euria ari duenean eguraldi ona dugula esaten ikasi beharko genuke. Festak, txangoak eta kaleko ekintzak moldatu egin behar: nolako eguraldia, halako plana egin.