Buru-belarri lanean ari dira Txolarteko eta Atzegiko kideak Beasaingo festetarako ekintza prestatzen: Loinatz jaietako lehenengo ostiraleko (maiatzaren 19an, 19:00etan) txistor jana. Zubimuzu plazan jarriko dute postua. Dohainik izaten da.
Atzegi, desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea, familia talde batek sortu zuen 1960. urtean, desgaitasun intelektuala duten pertsonen eskubideen alde egiteko. Zerbitzu ugari eskaintzen dizkiete desgaitasun intelektuala duten pertsonei eta euren familiei. Horietako bat da Txolarte, adimen urritasuna duten 16 urtetik gorako pertsonentzako aisialdi eta denbora libreko klubak. Asteburuetan, ekintza desberdinak egiten dituzte boluntarioen laguntzarekin: paseoak, irteerak, festak, zinema…
Lana ere bai. Herrian eta inguruan antolatzen diren ekintzetan parte hartuz, lan ugari egiten dute Txolarteko gazteek: Zegama-Aizkorrin, Ehunmiletan eta San Silvestre lasterketetan, Moherrin, Boluntario egunean… eta Loinatz jaiak antolatzen ere bai. Txolartekoen ardura izaten da, Beasaingo jaietako lehenengo ostiralean, 19:00etan puntuan, txistor pintxoak (ura edo sagardoarekin lagunduta) banatzea. Ilara luzeak sortzen dira Zubimuzu plazako postuan –eguraldi txarrarekin Loinazko San Martin plaza azpian–, Txolartekoek prestatutako txistor pintxoa eskuratzeko.
Herriko parte
Zortzi bat urte badira ardura hori hartu zutela, Beasaingo Txolarteko Goretti Etxeberria Irazuk gogoratu duenez: «Txolarten hasi nintzen semearengatik, eta udaletxera joan nintzen festetako batzordera. Han esan zuten herriko beste talde batek egiten zuela txistor pintxoen antolaketa, baina urte hartan falta zela. Nik esan nuen, Beasaingo Txolarte prest egongo litzatekeela. Txolarteren eta Atzegiren helburua beti izan da beraiek ere herrian partaide izatea, eta ikusgarritasuna ematea».
Esan eta egin. Gustura egiten duten lana da, bai festen lehenengo egunean, eta baita aurretik ere. «Lanak banatu egiten ditugu: aurretik erosketak egin, txistorra eta ogia enkargatu, lanerako nor egongo den prest galdetu… eta egunean bertan batzuk pintxoak prestatu, besteak banatu, edalontziak banatu…». Txistorrari laguntzeko sagardoa eta ura ere banatzen dituzte. «Dohainik izaten da pintxoa eta edaria. Udalak bere gain hartzen ditu gastuak».
Loinatz jaiekin jarraituz, Txolarteko bizpahiru kide ere danborradan ateratzen dira.
Beraz, aurreko lanak ondo eginda, festarako prest dira Txolarteko eta Atzegiko kideak ere.