Antton Fernandez Lasa • Dantzaria
Espainiako SGAEren 2023ko arte eszenikoen Max saria Tanttaka Teatroaren Sexberdinak obrari eman diote, ekoizpen lanik onenaren atalean. Sari banaketa ekitaldian, Cadizen, Mireia Gabilondo zuzendariak eskerrak eman zizkien obrako bi aktoreei (Aitziber Garmendia zaldibiarrari eta Telmo Iruretari), eta Fernando Bernues espazio eszenikoaren arduradunak tankera honetako hitzekin jarraitu zion, gaztelaniaz: «Ikuskizun hau Udalbiltzak, euskal udalerri askoren elkartea baita, bultzatutako sorkuntza-proiektu baten esparruan sortu zen. Gure txalo-zaparrada haiei eta sorkuntza garaikidea beren kultura-politiken arrazoi bihurtzen duten erakunde guztiei». Zorionak, beraz, Aitziberri bezala antzezlan hau aurrera ateratzeko Tanttaka Teatroarekin elkarlanean aritu ziren Udalbiltzako langile guztiei ere.
Geuretik Sortuak izena du, hain zuzen ere, Sexberdinak antzezlanari bide eman zion Udalbiltzaren ekimenak. 2021-22an izan zuen lehen aldia; literatura, zinema eta antzerki lanak euskaraz sortzeko, bekak deitu zituzten Udalbiltzako hainbat udalerrik, ahalegin ekonomikoa eginez. Zaldibiako Udala izan zen Goierriko parte-hartzaile bakarra lehenengo edizioan. Horri esker, antzezlan horietako batzuk herrian bertan ikusteko aukera izan zen ondoren.
Martxan da Geuretik Sortuak-en bigarren deialdia aurten, eta, Zaldibiako Udalaz gain, Ataungo eta Segurako Udalak ere parte hartzen ari dira oraingoan. Ea maiatzaren 28tik aurrera osatuko diren udal guztiak lehenik Udalbiltzan eta ondoren Geuretik Sortuak ekimenean ikusten ditugun.