Leire Garmendia • Laia Ingurumen Zerbitzuak (Beasain)
Klima aldaketa kontuetan aditua den Iñaki Antigüedad geologoak dioen moduan, «amorrua ematen du klima aipagai denean energian zentratzen garela eta ahaztu egiten dela ura» (Uraren kudeaketaren gaineko gogoeta egin zuen NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioan).
Urak eta klima aldaketak lotura estua dute. Klima aldaketak modu konplexuetan eragiten dio planetan dagoen urari. Prezipitazio eredu aurre ikusezinak, izotz geruzen urtzeak, itsas mailaren igoera, uholdeak eta lehorteak: klima aldaketaren inpaktu gehienak urarekin zerikusia dute (Nazio Batuen Erakundea-Ura).
Klima aldaketak ur eskasia eta baliabide horrekin lotutako arriskuak azkartzen ditu (uholdeak eta lehorteak, esaterako), tenperaturen igoerak prezipitazio ereduak eta uraren ziklo osoa aldatzen baititu. (UNICEF).
Ur eskasia munduan
- Mundu osoko bi mila milioi pertsonak, gutxi gorabehera, ez dute gaur egun edateko ur segururik (ODS 2022 txostena), eta munduko biztanleriaren erdiak, gutxi gorabehera, ur eskasia larria du urteko uneren batean (IPCC). Gainera, espero da zifra horiek gora egingo dutela klima aldaketaren bizkortzearen eta biztanleriaren hazkundearen ondorioz.
- Lurrean dagoen uraren % 0,5 baino ez da ur geza (ur erabilgarria) eta klima aldaketak modu arriskutsuan eragiten dio hornidura horri.
- Aurreikuspenen arabera, glaziarretan biltegiratutako ur hornidurak eta elur-geruza are gehiago murriztuko dira mende honetan, eta horrek murriztu egingo du ur eskuragarritasuna aldi bero eta lehorretan mendikate nagusietako ur urtuak hornitzen dituen eskualdeetan, gaur egun munduko populazioaren seirena baino gehiago bizi baita bertan (IPCC).
- Itsas maila handitzeak lurpeko uren gazitzea handitzea aurreikusten da, gizakientzat eta kostaldeko ekosistementzat (IPCC) ur gezaren eskuragarritasuna murriztuz.
- Uraren kalitatean ere eragina izango du klima-aldaketak; izan ere, uraren tenperatura altuenek eta uholde eta lehorte ohikoenek ura kutsatzeko modu asko larriagotuko dituztela aurreikusten da, hala nola sedimentuak, patogenoak eta pestizidak (IPCC).
- Klima aldaketak, biztanleriaren hazkundeak eta gero eta ur eskasia handiagoak presioa eragingo dute elikagaien hornikuntzan (IPCC).
Irtenbideak nondik
Ura zaindu dezagun beraz. Irtenbideak nondik etorriko dira?
Gaur egun uraren murrizketa edo eskariaren arrazionalizatze neurriak ez dira hartzen lehorte garaian ez bada. Ur eskasia arazo larriegirik pairatu ez dugun eremuan bizi bagara ere, beharrezkoa da beharrezkoa da urari duen balioaz kontzientzia hartzea eta uraren kudeaketa eta kontsumoaren gainean arduraz jokatzea.
Uretako ekosistema osasungarriak eta uraren kudeaketa hobea lagungarri izan daitezke berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima arriskuen aurrean babesa eta erresilientzia emateko.
Uraren kudeaketa egoki bat lurraldearen eta ibai arroen kudeaketa egoki batetik hasten da. Horretarako ibai arroaren ikuspegia ibai ibilguaren ikusmenaren gainetik jartzea beharrezkoa da. Lurraldea antolatzen dugunean, helburu hidrologiko batetik eta klima aldaketari begira egin beharko litzateke (Iñaki Antiguedad-en ekarpena).
Ibai ertzeko landarediak eta hezeguneak ere oztopo naturalak dira uholde eta muturreko fenomeno meteorologikoen aurka, gehiegizko ura eta prezipitazioa xurgatzen baitituzte. Era berean, bertan dauden landareen eta mikroorganismoen bidez, ura biltegiratzen eta garbitzen dute.
Bestalde, uraren hornidura sistema zirkular baten alde egin beharko genuke, uraren berrerabilpen eta birzirkulazio sistemak bultzatu beharko litzateke. Ur-hornidurako eta saneamenduko sistema eraginkorrek asko lagundu ahal dute ur kontsumoaren gaineko jarraipenean eta ur galeren ekiditean, baita herritarrei kalitatezko ura eskaintzen ere.
Era berean, ura modu eraginkorragoan erabiltzeko tantaz tantako ureztapena eta beste baliabide batzuk erabiltzen dituen nekazaritza klimatikoki adimentsuak ur gezako horniduren eskaria murrizten lagun dezake.