Jesus Mari Garralda Areizaga • Urretxu-Zumarraga
Iñaki Beitiaren omenezko Mendi Martxaren 25. urteurrena dela eta, bideoak eta argazkiak berrikusten ari ginela, bereziak, bitxiak eta esanguratsuak direnak aurkitu ditugu, besteak beste hau.
Jokinek 2006ko maiatzaren 16an hartu zuen, 10. edizioaren bezperetan. Urretxuko Aizpuru-Enea kultur etxean gaude Hilario, Jenaro, neu, Jose Mari, Alex, Jonmikel, Luis eta, bizkarrez, Gorka. Urte hartan IBMM antolatzeko batzordea osatzen genuen. Argazki hau guztiei eta 25 edizio hauetan batzordearen parte izan direnei egindako esker ona izatea nahi nuke. Eskerrik asko nigan jarri duzuen konfiantzagatik, izan duzuen begiruneagatik eta emandako laguntzagatik.
1997an hasi zen mendi-ibilaldia. Iñaki Beitia adiskidea gogoratzea zen asmoa, urtebete lehenago hil baitzen ustekabean. Zumarragako plazatik irten eta Urretxukora iritsita, bi ibilbide prestatu ziren, 20 km inguruko bat eta 40 km inguruko bestea, 160 mendizaleren parte-hartzearekin. Lehen intentzioa edizio bakarra egitea zen arren, emaitzarekin eta lortutako erantzunarekin gustura, urtero antolatzen jarraitzea merezi zuela erabaki zuten antolatzaileek.
Harrezkero eta gaur egun arte aldaketak izan dira (ibilbide bakarra dago, bataz besteko mila parte-hartzaile inguru izaten dira –edizioren batean 1480 izatera ere iritsi gara–. Baina jatorri, pentsamendu, ideologia, ibilbide desberdineko gizabanakoen eta taldeen elkarlanaz, modu xumean hasi zena nortasun handiko ekitaldi bihurtu da, Urretxu-Zumarragan antolatzen diren jarduera garrantzitsuenetako bat bihurtu arte. Aniztasun horren itsasgarri, Iñaki, bere izaera eta balioak.
Urte hauetan zehar ezinbestekoa izan da boluntariotza. Mila esker hainbat lan egin dituzten ehunka boluntariori, hala nola, bide-ikuskapena, garbiketa, markatzea, markak kentzea, trafikoa zaintzea, izen-emateak jasotzea, erosketak, anoa-postuen eta kontrol guneen kudeaketa. Egin duzuen lanagatik eta erakutsi duzuen prestutasunagatik eta jatortasunagatik ez balitz, ezinezkoa litzateke IBMM arrakastaz egitea: bejondeizuela!
Eskerrik asko, baita ere, urtero, baldintza hobeak edo okerragoak izanda, bakar batean ere huts egin gabe, gure deialdiari masiboki erantzuten diozuen mendizaleei. Zuek ere ibileraren funtsezko parte zarete.
25. urteurrena ospatzeko, Iñakik parte hartu zuen erakunde eta taldeetako kide batzuek nola gogoratzen duten, beraientzat zer izan zen eta aurreko edizioetako irudiak jasoko dituen ikus-entzunezko bat egiten ari gara. Dokumentala maiatzaren 23an estreinatuko da, 19:30ean, Zelai Aristi aretoan.
Gazteen erreleboa
Amaitzeko berri pozgarri bat. Joan den abenduan jakinarazi genuen edizio hau azkena izan zitekeela antolakuntza-batzorderako erreleboko inor agertuko ez balitz. Bada, gazte-talde bat prest agertu da antolakuntza-lanak bere gain hartzeko; beraz, Iñaki Beitia Mendi Martxak etorkizuna du.
Aupa Iñaki!