Euskal drag komunitateko kidea da Xarma Leone. Drag identitatearen atzean, Markel Galdeano (Ordizia, 2003) gaztea dago. Duela urtebete egin zuen bere lehenengo ikuskizuna, Zeid Fest-en ere parte hartu zuen, eta aste honetan, Udaberria Transloratzen zikloaren barruan, ikuskizuna egin du jaioterrian.
Euskal drag komunitateko kidea zara. Noiztik egiten duzu trabestismoa?
Nire trabestismoaren hasiera izan zen txikia nintzenean, 2012 inguruan. Urte hartan, nire urtebetetzeetarako hawaiana mozorro bat eskatu nuen. Jaiak dendara joan ginen erostera, peluka beltz bat hartu zidaten, eta jantzi nuenean zoriontsu izan nintzen. Mozorro lehiaketa irabazi nuen gainera. Hor agian modu ez kontzientean egiten nuen, zortzi urte nituen oraindik. Uste dut orduan ez nekiela erantzuten zergatik egiten nuen. Gustatzen zitzaidan eta kitto!
Nola izan da zure eboluzioa zentzu horretan?
Institutu garaian, horrelako jarrerak edukitzen jarraitu nuen, baina zapalduko ninduten beldur, erreprimitu egiten nuen makillatzeko eta horrela janzteko gogoa.
Iaz, berriz, Bilbora joan nintzen ikastera. Bertan ezagutu nuen Yogurinha Borova, elkarrizketa bat egin niolako unibertsitateko lan baterako. Eta iazko Ordiziako festetan, Albina Sturdust eta Divina Comediak show bat egin zuten, eta beste elkarrizketa bat egin nien beste irakasgai baterako. Haiek ezagutu nituenean, galdetu zidaten ea draga egin nahi nuen. Nik etxean egiten nuen makillajea baina ez nuen full drag egiten. Beraiek animatu ninduten.
Hortik, Albinak eta Yogurinhak atera zuten Tuli Tuli izeneko abestia, eta bideokliparen grabaketan parte hartzeko gonbita egin zidaten. Oraindik ez nuen drag identitaterik, eta Yogurinha Borovaren laguntzarekin, arropak erosi eta izen bat pentsatu nuen. Horrela izan zen jauzia.
Xarma Leone izena hartu duzu. Zergatik?
Karma-rekin hitz jokoren bat sortu nahi nuen. Hasiera batean Karma Leone zetorkidan burura. Karmak badu dualitate bat, ona, txarra. Eta Leone, nire amona Leoren omenez. Kamaleoia gogora ekartzen duelako ere gustuko nuen; naizelako drag aldakorra. Baina izena erregistratuta zegoenez, hiztegiarekin jolasean hasi eta Xarma hitzarekin topo egin nuen. Primeran zetorkidan; Xarma Leone. Xarmak badu ere dualitatea; karismatikotik eta magikotik, bietatik dauka, eta gainera euskal izena izateak ere garrantzia ematen zion.
Azken hilabeteetan ikusi zaitugu loratzen, Zeid fest-en Euskal trabestiek egin zenuten emanaldiaren harira. Nola izan zen hori?
Ez zen urte bat oraindik drag-a egiten hasi nintzela. Maiatzaren bukaeran beteko da urtebetea. Galdakaon egin nuen show bat irailean, eta hori izan zen debuta. Urtarrilean hasi nintzen josten, gurasoek oparitu zidaten josteko makina batekin, eta halako batean Albina Stardust-en dei bat jaso nuen, eta buruan zebilkiona kontatu zidan. Momentu horretan harrituta gelditu nintzen, proposamena oso-oso potentea zelako, oso artista garrantzitsuak zetozen jaialdira. Ni oraindik hasten ari nintzen, eta beldur pixka bat ere izan nuen, ez nekielako nitaz espero zutena betetzeko gai izango nintzen. Baina hori gehiago zen nire buruari jartzen nion muga bat, zeren Albinak askatasun osoa eman eta konfiantza erakutsi zidan.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
Primerakoa! Oso-oso ongi pasa nuen. Jende pila bat ezagutzeko aukera izan nuen. Euskal drag komunitateko jendearekin oso harreman polita sortu da. Horietako batzuk ezagutzen nituen, Iruñean harrotasunaren egunean izan nintzelako iaz.
Zeid Fest izan zen eromena, eta show-a primerakoa. Niretzako oso garrantzitsua izan da bertan izatea; niretzako erreferente ziren haiek ezagutu eta haiekin batera ikuskizunean parte hartzea. Oso berezia izan da!
Zer prestatu zenuen?
Hiru show egin genituen, taldeka, baina norbere tartetxoa ere izan genuen. Euskal folklorea ezin zela falta pentsatuta mashup bat egin nuen. Naia abestiarekin hasi beltzez jantzita, eta gero Sagarra jo kanta entzuten hasi zen, Kalakan taldearena. Hor gainetik jantzita nuen arropa guztia kendu eta azpitik nuena ikusi zen; euskal dantzari arropak ziren baina drageatuta. 10 zentimetroko takoiekin euskal dantzak dantzatzen hasi nintzen. Oso-oso gustura geratu nintzen.
Zero kilometroko trabestiak %100, bertako tradizioa, folkloreari ukitu berri bat ematen beraz…
Tradizioak berritzeko daude. Betiko gaiak, betiko erak… gizartea aurrera doa, eta horrekin batera folklorea eta beste hainbat arlo ere bai. Nire ekarpena izan da puntu berritzaile bat ematea, modu naturalean, dibertigarrian… Bost urte nituenetik euskal dantzak dantzatu ditut, eta urtero, eskenatoki honetan –Ordiziako Herri Antzokian– emanaldia egiten genuen. Nire familia osoa etortzen zen ni ikustera. Zeid Fest-en urteetan ikasitako hura modu berritzaile batean eskaini nahi izan nuen.
Nolakoak izan ziren erreakzioak?
Uste baino hobeak. Jende ugari jarri da nirekin harremanetan asko gustatu zaiela esateko, komunitatearengatik egiten dudanagatik eskerrak emateko… Ezin nuen sinetsi!
Ikuskizun koloretsu, dibertigarri eta zoro hauek aldarrikapenetik ere izan ohi dute.
Bai, hala da! Drag definizio bakarra ez dago, norberak bere draga egiten du, eta horien bidez aniztasuna aldarrikatzen da. Nire kasuan, sistemak ezartzen digun genero bitarretik at sentitzen naiz. Horrekin hautsi nahi dut. Nire bizitzako edozein momentutan, ez bitarra naiz. Aldarri hori daramat oholtza gainera.
Euskal trabestien komunitatea askok uste baino zabalagoa da. Orain arte, Yogurinha Borova izan da erreferente nagusiena Euskal Herrian. Jaialdi horretan parte hartu zuen ere Samantha Hudsonek. Erreferenteak izatea beharrezkoa da?
Bai, noski! Niri txikitan, euskal folklorea eta mitologia asko gustatzen zitzaizkidan, baina hazten joan nintzen heinean, rock erradikala, punka… hor ez nuen nire burua ikusten, baztertuta sentitzen nintzen. Yogurinha, Albina… ezagutu nituenean, orduan ikusi nuen bazegoela euskaldun izateko beste modu bat. Zeren, zer da euskaldun izatea? Uste dut euskaldun izateko modu berritzailea garela, tradizioa berritzera gatoz. Hori ere aldarrikatzen dugu.
Espazio seguruak. Hori entzunda, zuk zer erantzungo zenuke?
Espazio seguruak ez dira bakarrik iristen, horietara iristeko lan egin behar da eta haien alde eta haiek bilatzeko, mugitu egin behar da. Draga egiten hasi nintzenean, hemen inguruan, espazio seguru horien bila-edo hasi nintzen. Azkenean, Albina, Yogurinha eta konpainiarekin familia bat bezala osatu dugu.
Eta gai honi lotuta esan nahiko nuke, oso erraz esaten dela gay, lesbiana, trabestia, transexuala… bazara, esateko lasai. Baina kontuz ibili behar da mezu hori zabaltzen denean, zeren espazio seguruan ez dagoenak asko sufri dezake, gaur egun oraindik.
Nik zentzu horretan izugarrizko zortea izan dut. Etxetik hasita beti sentiarazi naute ongi. Nire anaia da nire fan handiena. Baina denok ez dugu zorte berdina, tamalez!
Ordizia espazio seguru bezala sentitzen duzu?
Urte askoan ez. Niretzat izan zen inflexio puntu bat Bilbora joatea, han guztia delako anonimoagoa. Han askatu nintzen, eta Ordiziara etortzen nintzenean, oraindik erreprimitzen jarraitzen nuen. Baina heldu zen momentu bat, barne elkarrizketa bat izan nuela, eta nire buruari galdetu niola; ‘Zergatik Bilbon bai eta Ordizian ez?’. Oraindik prozesuan nago, baina poliki-poliki, Ordizian ere askeago sentitzen naiz.
Eta hori da stagment politikoagatik. Hemen ez dagoenez queer kultura hori, kosta egiten da. Nik behintzat ez dut egiten arreta emateagatik edo transgresoreena izan nahi dudalako. Ni horrelakoa naiz, eta ni naizena horixe izan nahi dut. Eta horrek laguntzen badu beste pertsona batzuk ere aske bizi daitezen, ezin hobeto!
Hain zuzen ere Ordizian debutatzeko aukera izan duzu aste honetan. Nola jaso zenuen proposamena?
Ba hasiera batean pentsatu nuen… ‘ostras Ordizian!’. Plaza Nagusian askotan dantzatu izan dut, baina dantza taldean nengoenean, eta bat-batean, soka dantza tradizionala dantzatu dudan espazio berean, ‘brilli-brilli’ mordoa izango duen ikuskizuna egingo dut. Ba begira, lehen esandakoaren haritik, tradizioa berritzeko lagungarri izango da eta aurrera.
Horretaz gain, pentsatzen nuen ere, jende askok ez duela jakingo zer egiten dudan, eta ziurrenik, harritu denik ere egongo da. Bai, hitz egin dezatela nahi duten guztia!
Homofobiaren aurkako nazioarteko egunean izan zen ikuskizuna, Udaberria Transloratzen zikloaren barruan.
Oso egun garrantzitsua da eta zikloaren barruan, oso egitarau interesgarria antolatu dute. Egun horretan aurkeztu zen LGTBI diagnostikoa eta bertan azaleratu ziren dauden hainbat problematika. Brillantina bai, baina errealitatea zein den ere erakutsi zen.
Zer sentitzen duzu draga egiten duzunean?
Prozesu bat da. Makillajea jartzea prozesu luze bat da, eta bitarte horretan, nire drag identitatea ere azaleratzen doa poliki-poliki, ispilu aurrean, jolasean. Eta nola sentitzen naizen, guztiz aske. Jende askorentzat hau izan daiteke pertsonaia bat, baina nik ez dut horrela bizi; niretzako Xarma da, Markelen parte bat, momentuoro ateratzen ez dena, baina hortxe dagoena. Nire alderdietako bat maximora eramatea da. Draga egiten dugunok horixe nahi dugu, aske bizi, pozik bizi, zeren ez diogu inori minik egiten.
Badaukazu beste proiekturik?
Pertsona sortzailea naiz, eta nahiko nuke abestiak sortu, edo film labur bat egin, programa original bat… Ideia asko ditut.
Eta agenda aldetik nola zaude?
Maiatza bete-betea doa eta ekaina ere hala dator. Harrotasunaren hilabetea da ekaina, beraz, esandakotik. Data hori gertu dela aldarrikatu nahiko nuke, eta gure espazioak izatea hilabete horretatik kanpo ere.
Xarma Leone loratu zen eguna
Atal honetarako aukeratutako argazkia, Markel Galdeanoren parte den Xarma Leone draga lehenengoz atera zueneko egunekoa da. Albina Stardust euskal drag ezagunarekin agertzen da. «Iruñean da, duela urtebete, Tuli-Tuli abestiaren bideogklipa grabatu genuenekoa», azaldu du. Ordura arte, «nire intimitatean, nire etxeko gelan makillatu-eta egiten nintzen, baina argazkian ikus daitekeen moduan, takoiak, peluka, arropak… jantzita ez nintzen sekula atera, hau da full drag egin nuen lehenengo aldia». «Ilusio bereziarekin» gogoratzen du egun hura. «Esanahi handiko» eguna baita. Drag identitatea sortu eta Xarma Leone loratu zen eguna baita. Lehenengo aldi hura, «oso berezia» izan zena, «guztien artean bereziena» nabarmendu du talentu ordiziarrak. Drag familia eta bere espazio segurua eraikitzen hasi zen eguna ere bada.
Eta ondoren gertatutako guztia, «eromena» eta «batere ez arrunta». Ikus-entzunezko ikasketak utzi zituen, nahiz eta aitortzen duen, «datorren urtean berriro helduko diot horri». Zeid fest, publiko masa erraldoiaren aurrean jarri zen lehenengo aldia, jaioterrian debutatu duen lehenengo aldia… Urtebeterako, lehenengo aldi asko. Hain bereziak diren lehenengo aldiak. Inoiz ahazten ez direnak, eta bidea hainbeste markatzen dutenak. Xarma Leoneren lehengo aldiak izan dira, xarmaz beteak, magikotik eta xarmangarritik asko izan dutelako.