Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Platano azal bat espaloian. Nire etxeko ataritik irten, ezkerretara egin eta bart kotxea aparkatu nuen lekura bidean, hantxe ikusi dut. Noan tokitik hogei bat pausora. Pauso bat gora, pauso bat behera. Ez, barkatu, pauso bat aurrera, pauso bat atzera. Hor noa. Abilezia berezia daukat begia non jarri eta hortxe jotzekoa. Ikusi ahala pentsatu dut, «hara, platano azala! Ez ote dut zapalduko, ezta?» Ba nire abileziak horretan datza: ikusi, saihestu nahi eta ttak! Platano azala zapaldu. Horixe da nire patua hogei pauso barru, platano azal batekin irrist egin eta pirueta barregarri baten ondoren bizkarrezurra espaloian haustea. Baina ez. Hor dago bera. Goizero bezala.
Goizero bezala etxetik irten eta berehala ikusi dut. Ni lanerako bidean eta bera lanean dagoeneko. Langarra, txingorra, hego haize edo bero kiskalgarria. Guk kalea zapaldu orduko bezperako gure utzikeriak ezabatzen. Elkarri agur egiten diogu. Agurtzen dudan lehen pertsona izaten da. Poza ematen dit hura agurtzea. Zergatik? Ez dakit ba, baina poza ematen didala bai.
Platano azalak, ogi muturrak, zigarro-puntak, paperezko mukizapiak, txakur-kaka, musuko bat edo beste, zigarro-puntak berriro ere, pipa azalak, gusanito pakete hutsak, berriro zigarro-puntak, txurreriko paperezko baso huts zikinak… Ah! Eta beste zigarro-punta bat edo beste. Bai, zuhaitzen hostoak ere bai, baina hauek ez daude gure esku, besteak bai ordea. Jakina, lurrera axolagabeki botatzen, erortzen uzten ditugunean badakigu berak hurrengo goizean, gu oraindik ohean goxo gaudenean edo gosaldu bitartean irratian bezperako zaharkitutako berriak entzuten gaudela, erratza eskutan hartuta lurretik ezabatuko dituela. (Arropa diseinatzaileei proposamena: zabor-patrika. Kalean gaudela sortzen dugu zaborra pilatzeko poltsikoa. Etxera iritsi eta bertan hustekoa.)
Ederra da kalera irten eta dena txukun eta bere lekuan ikustea, ezta? Bai, sanjuanen ebanjelioan aipatzen den moduan, bekatutik libre dagoenak bota dezala lehen harria. Baina nik egunero barren-kezkarik gabe agurtzen jarraitu nahi dut. Norberak egin dezala kontzientzia azterketa eta lotsarik gabe kale garbitzailea agurtzea nahi duen erabaki dezala.
Gogoan dut pandemia garaian, fruta-dendara sartzeko ilaran nengoela palan jasota zeramatzan lauzpabost musuko erakutsi zizkidala. «Hau posible al da?» Bai, berak ere ederki daki hori posible dela. Bizilagun axolagabe kuadrilla bat garelako.
Gaur azoka eguna da, goizean agurtu dut. Bihar goizean ere egun on esango diogu elkarri, Xabier!