Oiangu Natur Eskolak 7. ikasturtea du. Ia 500 haurrek ingurumen hezkuntza jaso dute apiriletik. Tartean, bi musker berderekin egin dute topo.
Ordiziako arnasgune bakarrenetarikoa da Oiangu Parkea. Herritarrentzako aisigunea izateaz gain, ingurumen hezkuntza garatzeko modua eskaintzen die ikasleei. 2017an Oiangu Natur Eskola proiektua jarri zuen martxan Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak, Ordiziako Udalaren laguntzarekin, eta aurten Eskolako 7. ikasturtean daude. Urdaneta-Oiangureneko eta Jakintzako ia 500 ikaslek parte hartu dute. Parkeko biodibertsitatea ezagutzearekin batera, hura maitatzen eta zaintzen ikasten jardun dute hilabete batez.
Yoana Garcia Aranzadiko Botanika Saileko kideak azaldu duenez, «berebiziko garrantzia» dauka belaunaldi gazteak naturaren ezagutzan eta zaintzan heztea, «haiek baitira etorkizuneko Ordizia eta bere baliabideak kudeatuko dituztenak». Oiangu Natur Eskolarako diseinatutako metodologia, baliabide faltagatik hezkuntza sisteman ezartzea «zailak» diren printzipio pedagogikoetan oinarritzen da: «Naturarekiko hartu-emana dago uneoro, edukiak in situ behatzen dira, elkarlana ezinbestekoa da, hezkidetza, inklusioa eta integrazioa landu eta sustatzen ditu…». Gaian adituak diren hezitzaileek egiten dute lan Natur Eskolan, kalitatezko hezkuntza izatea bermatuz. Ingurune naturalarekiko errespetua garatzeaz harago, gaitasun motorra lantzen, harremanak sendotzen, kontzentrazioa handitzen eta gaixotasunak pairatzeko arriskuak murrizten laguntzen du ikasketa prozesua gune berdeetan lantzeak.
Oianguko natur gunean murgilduta, hainbat animalia eta landare behatzeko aukera izan dute ikasleek urtez urte. Aurten, argazkia ateratzen erraza ez den musker berdea topatu dute aurrez aurre. Zehazki, bi aleri egin dizkiete argazkiak. Hezitzaileen esanetan, «oso momentu berezia» izan zen guztientzat, animaliaren bat topatzen duten bakoitzean «asko emozionatzen» baitira, «izan zapaburuak, igelak, bareak edo kolore bizietako intsektuak».
Bi ale elkarrekin
Ion Garin Aranzadiko Herpetologia Saileko kideak azaldu bezala, Euskal Herriko zonalde euritsuetako landazaletan topatzen da batik bat musker berdea, «bi habitat mota desberdinen arteko mugan», eta gune eguzkitsuak dituzten zonaldeetan ikusten dira gehien bat. Adituak azaldu duenez, muskerrak orokorrean «nahiko lurraldekoiak» izaten dira, batik bat arrak, eta iztartean izaten dituzte poro femoralen bidez euren lurraldea markatzen dute. «Gauzak honela, ez da oso ohikoa bi ale elkarrekin ikustea, ez bada ugal garaian daudela, kasu horretan ar eta emeak elkarrekin ikusi ohi dira». Kolore berde bizia dute, eta emeek, gorputzaren alde bakoitzean marra zuri bana. Intsektuak dira musker berdearen elikagai nagusiak, tximeletak, burruntziak, sorgin orratza edota matxinsaltoak. Ez omen da espezie arraroa, eta ez da babestutako espeziea Euskal Herriko zerrendetan. Bai, ordea, Europan, Natura2000 sareko Habitat Arteztarauan baitago.
Oiangun musker berdea bakarrik dago, baina Euskal Herrian beste bi musker mota ere katalogatu dituzte. «Bitxikeri moduan, Oñatiko Araotz auzoan Euskal Herriko beste eremu batean ikusi ez den fenomenoa atzeman genuen, hiru musker espezieak topatu ziren bertan». Gipuzkoan eta Bizkaian ugariena musker berdea da, Araba iparraldean, Bizkaian eta Gipuzkoa mendebaldean tarteka ikusi daiteke Schreiber muskerra, eta Arabar Errioxa aldean edo Nafarroa erdialdetik behera, gardatxoa.
Natur Eskolako ikasleen bisita jaso arren, ez ziren ezkutatu musker berdeak Oiangun. Baina ez dira bakarrak izan. Izan ere, Yoana Garciak azaldu duen bezala, «animalia zerrenda luzea» ikusi ahal izan dute ikasturte honetan zein aurrekoetan, bertako basoetako ohiko zuhaitzez gain: orkatzak, basurdeen oinatzak, muskerrak, satorrak, baso-igel gorriak, miru beltzak, kattagorriak, garrapoak, paboi handiak edota mikak.
Kudeaketa jasangarria
Parke bizia baita Oiangu, begirada azkar batean agerian ez dagoen arren. 2013tik, Aranzadi Zientzia Elkartea Oianguko kudeaketa jasangarri baterako aholkularitza egiten ari da udalarekin, neurri zehatzak hartu eta bertako biodibertsitatea zaintze aldera. Zuhaitzen biziraupena bermatzeko aholkularitza, intsektuen hotela, sentsibilizaziorako saioak, landare hesiak eraikitzea auzolanean edota informazio panelen edukiak sortu dituzte.
Aurten, polinizatzaileak laguntzeko segabelardien sorrera, espezie inbaditzaileen kontrola edota Altamirako putzuko zubien konponketa dituzte zereginen artean. Goierri eskualdeko haranak industrializatuta daudenez, eta mendialdean ustiapenerako landaketak direnez nagusi, «Oiangu bezalako inguru erdinaturalei arreta jarri eta naturaren kontserbazioaren ikuspegitik zaintzeko» beharra nabarmendu du Garziak. «Aisialdirako parke bat dela ezin dugu ahaztu. Erabiltzaile arruntak zelai zabal, mahai eta parrillak ikusiko ditu, baina Oiangu inguratuz, bizitzaz betetako baso mota ezberdinak, Altamirako putzua eta balio handiko zuhaitz mugarratuak daude».
Aranzadik egiten duen lana, hala, ezinbestekoa da biodibertsitatea bermatzeko. Baita ikastetxeekin egiten duen lana ere. Ordiziako ingurumena babestu nahi bada, «herriko ikastetxeak gako» direlako. «Haurrek gizartea islatzen dute, eta estrategikoak dira gizartean zein herri mailan garatu nahi diren ezagutza eta jokabideak sustatzeko». Oiangu Natur Eskolaren 7. ikasturtea amaitzear dago, eta balorazio «positiboa» egin dute ikasleek zein irakasleek. Etxetik gertu dauden bizilagunak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izan dute, herriko naturgunearekiko erlazio afektibo bat eraikiz.
Musker berdeak egur piletan, eguzkitan
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ordiziako Udalak bultzatutako kudeaketa jasangarrian hartutako neurrietako bat izan da egur-pilak eraikitzea, eta hain justu, horietako batean aurkitu dituzte musker berdeak. Udaberria hasi aurretik erortzeko arriskuan zeuden adarren kimaketak egin ziren. Lodiera handikoak ziren eta usteltzen hasita zeuden. «Ezaugarri horietako egurra da gure basoetan falta dena eta interes handiko intsektu saproxilikoek bere bizi-zikloa osatzeko ezinbestekoa dutenak», azaldu du Aranzadik. Intsektu horiek EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan daude eta basoetako kontserbazio egoera onaren bioindikatzaile kontsideratzen dira. Egur pilen bidez, Oiangun sortutako egurra Oiangun bertan geratzen da, eta intsektu horien kontserbazioan lan egiten da.