Urko Urtaza (Legorreta,1983) 2011tik Villabonan bizi da, baina sarri inguratzen da jaioterrira «Azken hilabeteetan gutxixeago baina bestela, ahal dudan guztietan. Edozein aitzakiak balio dit etortzeko». Azken 16-17 urteetan jaietako asteazkenean egiten den lagunarteko afaria prestatzen aritzen da. Aurten, berritasun bezala, frontoian egin dute afaria. «Azken urteetan 130 pertsona inguru bildu izan gara Bilkoin elkartean, nahiko justu, eta daukan lana ikusita aldaketa bat ematea erabaki dugu. Herriko plazan izanda, festaren barne izateko aukera emango digu». Aurten ere –elkarrizketa aurreko astean egin da– 120-130 lagun elkartzea «ederra izango litzateke, eta hortik aurrera latza».
Zer dira Legorretako festak zuretzat?
Boluntario lanak egin, ekintzetan parte hartu eta parranda eginez bost egun eder pasatzeko garai on bat dira Azentzioak. Baita Korpus eguna ere.
Legorretako jaietako momentu bat?
Bat aukeratzekotan lehenengo afarian daukagun giroa. Eta ez dadila galdu.
Ze zaletasun dituzu?
Bizikleta, mendia… kirola orokorrean. Eta Reala.
Pelikula bat edo telesail bat.
American history X.
Liburu bat.
Ez naiz irakurzalea, egunkariak, kirol gaiak…
Musika talde edo abeslari bat.
Doctor Deseo.
Abesti bat.
Eperrak.
Oporretarako leku bat.
Italia.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesne bat.
Kolore bat.
Urdina.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Ama, etxean berriro bueltan ikusi genuena.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Opari guztiak dira bereziak.
Amets bat.
Ondo bizi ahal izatea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Ospatu dezakezun edozein momentu. Aukera hori izatea da plazera.
Goierriko txoko bat.
Legorreta.
Villabonan biziko ez bazina…
Kar, kar, kar… Legorretan.