Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Euskal txotxongiloak eman duen pertsonaia mitikoa da Erreka Mari, hamaika urtez, hamaika herritan, hamaika haurrek ikusitako obraren protagonista. Donostian jaiotako Enkarni Genua da haren sortzailea, eta eskerrak ematekoak gara. Kemen izugarriko sortzailea da, kultur eragile euskaldunetan gutxik berdinduko duten arrastoa utzi duena azken 50 urteotan, antzokietan eta liburuetan.
Ideia bikainen jabe, komikietan plazaratu zituen txotxongilo antzezpenak, 1970 eta 1990 hamarraldien artean. Ospetsuena Erreka Mari (1979) izango da, baina dozenatik gora titulu utzi ditu, denak Erein argitaletxearekin: Ipurtargi: hondarrezko gaztelua (1986), Itsasminez (1990), Herensugea (1993), Galtzagorriak (1995)… Hauetako gehienetan Jesus Lucasen ilustrazioak ditugu, Jon Zabaleta eta Karmele Cruzekin batera.
Konturatu bide zen ere haurrei zuzenean istorioak eskaintzeaz batera, haurrekin lan egiten zutenei eskaini behar ziela materiala, eta halaxe argitaratu zituen antzerki zein txotxongilo gidoiak erakunde desberdinekin hasiera batean Amonaren ipuinak: haurrak euskalduntzen bideoaren bidez (1983), Txotxongiloa eskolan (1982), Antzerti 60: Txotxongillo (1983)… eta ondoren bere kasa: Zabaldu oihala! (2001), Zergatik bizi da basoan Txanogorritxoren amona? (2006)… Gidoigintzan ere beste dozena pasatxo titulu bildu arte. Orain da unea aipatzeko, taula gainean, urte hauetan guztietan bere ondoan izan duela Manolo Gomez, biek sortu zuten Txotxongilo Taldean.
Genuaren hirugarren lan esparru nagusia narrazio liburuena izan da. Bost titulu zenbatu dizkiot, tartean bere azken publikazioa: Mahatsak eta neskatilak ondu zireneko uda (2010).
Sarreratxo honi jarraibidea eman nahi dionak Txotxongilo Taldeak bere ibilbidea laburbilduz ateratako liburua eskura dezake: 33+3 urte kontu kontari (Erein, 2007).