Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Inoiz baino gaixo mental gehiago dagoela aditu nion aurreko batean horretaz puska bat dakien bati. Bizi dugun garaiak erotzera daramala bat, eta osasun mentala garrantzitsua dela ahozgora esan arren, auzia norbere erantzukizun moduan ikusarazten dela; eromen kolektiboa, erokeria indibidual gisa, alegia. Eta, zer nahi duzue ba esatea, pertsonala den hori erabat inpertsonala den garaiotan, gutxi behar da erotzeko.
Antsietatea, depresioa, desesperantza: ez dira eguneroko gordin baten aurrean ditugun erreakzioak baino. Laneko presioa, behin-behinekotasuna, lana etxera eramatea… Duela hilabete batzuk utzi zuen lana, eromenaren mugan, laneko hiru mobil zituen lagun batek. Eta gero, zer? Kontsumoa, legala edo ilegala, Valiuma –eta alkohola– edo speed-a, biak ala biak neurri paliatiboak. Atsekabea eta amorrua indibidualizatzea da hori, sintomei heltzea arrazoiei beharrean. Oraintsu irakurri dut luzez eserita egoteak osasunean sortzen dituen kalteei erantzuteko, altueran erregulatzen diren mahaiak saltzen ari direla, batek tarteka zutik lan egin dezan. Eta hori, ez al da ba eromena?
Horixe da, hain zuzen, egungo gazteon gaitzik endemikoena: beste zerbait imajinatzeko gaitasunik eza, modu indibidualean bizi dugun depresio kolektiboa. Hainbeste irendu digute imajinatzeko gaitasuna, non horretarako adorea biltzen duenari utopikoa deitzen diogun. Gutxi-asko, nahi ez genuen dena gara.
Litekeena imajinatzea da egun denik eta ekintzarik subertsiboena, horrek, nahitaez, sistemaren aurka antolatzea baitakar. Eta, aldi berean, estrategia eraginkorra da norbere burua zaintzeko; egiari zor, zertan sinetsi ez baneuka, ni ere eromenaren mugan nengoke. Erotuta, edo, Gata Cattanak zion bezala, «oraindik bada zerbaitetan sinetsi eta antolatzen denik; hori ez den guztia, hilda egotea da».