Joxe Castillo Cauvilla zuen grazia, eta Urrestillan (Azpeitia, Gipuzkoa) munduratu zen 1912ko martxoaren 18an. Sei urterekin umezurtz geratu zen, aita-amak hilda. Hamasei urterekin, halabeharrak eta beharrak Donostiako Hotel La Urbanara eraman zuten, sukaldari aprendiz. Lehen hartu emana orduan izan zuen lapikoekin, eta Goierriko ostalaritza, sukaldaritza eta gastronomia eraldatuko zituen hurrena.
Gastronomo eta sukaldeko langile ezezik, sukaldaritza-errezeta liburuen idazle bezala egin zen ospetsu Joxe Castillo. Ostalaritzako enpresari modura, aztarna utzi zuen Ordizian (Zubizarreta hotela) eta Olaberriko Ihurren (Castillo hotela, oraindik haren izenarekin).
Donostiatik Madrilgo Ritz hotelera joan zen, gerra aurrean. 1936ko gerran ere ez zen sutokietatik aparte ibili: Itxarkundia gudari batailoi abertzaleko sukaldari izan zen. 1943an, Bermeoko Kasinoan jatetxea ireki zuen –herri hartan jaio zen Jose Juan Castillo Mateos semea, 1945ean, aitaren pausoei jarraitu zien beste sukaldari handi bat–, eta 1949an Goierrira iritsi zen.
Errepide ertzean beti
Zubizarreta jatetxea orduko N-1 errepide zaharraren ertzean zegoen, garai hartako Ordizian. Errepide nagusia herritik aparte eraman behar zutela jakin zuenean, saihesbidea eginda, Olaberrian lur sail bat erosi zuen, enpresa-ikuspegi ezin zorrotzagoarekin. Erosketa ordaintzeko, urtebetean Hondarribiko Jaizkibelgo Paradore Nazionalean ere aritu zen lanean.
Castillo Hotela 1957an zabaldu zuen, N-1 berriaren ertz-ertzean. Urkola arkitekto ospetsuak diseinatu zuen eraikina, eta han kontsakratu zen Castillo. Lehenik, Espainia frankistaren nazioartekotze-irekiera xumea baliatu zuen, 1960an. Frantziatik hasi ziren bidaiariak iristen, eta errepide-bidaietan ezinbesteko geraleku bihurtu ziren Castillo hotela eta jatetxea.
Bestetik, 1957tik 1970era bitarteko urteak izugarri mugituak eta aberatsak izan ziren; hazkunde ekonomiko ikaragarriko urteak. 1963an hotela handitu zuen, hogei logela gehiago eraikita. 1971n, kafetegia ireki zuen. Michelin izar bat ere izan zuen, bolada batean. Goierriko familiak oturuntzak eta ezkontza-otorduak han egiten hasi ziren.
Ez zion muzinik egin aurrean aurkeztutako aukera txikienari ere. Euskaraz eta gaztelaniaz bai, baina frantsesez ez zekien arren, Ordiziako jatetxean ‘On parle française’ (Frantsesez egiten dugu) kartela jartzeko erreparorik ez zuen izan. Izaera irekia eta ikasmina zituen hizkuntza.
1979an erretiratu zen sukaldetik. Baina idazten jarraitu zuen, baserrietako amonekin hitz egin, haien errezeta zaharrak jaso eta liburuetan ondare baliotsua utzita, Viejas recetas de nuestros caserios (1977), esate baterako.
Donostian hil zen, 1993. urtean.