Nagore Ozerinjauregi Beldarrain • Psikologian doktorea. Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Esti Amenabarro Iraola • Pedagogian doktorea. Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko kidea. Irakasle-ikertzailea EHUn
Ez dira maisu-maistrentzako garai xamurrak, maisu-maistren profesionaltasuna zalantzan jartzea ohitura bilakatu den honetan. Hezkuntza garaikideak egungo gizarte beharrei erantzuteko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen eraldaketa ekarri du. Hau honela, eskolek eskaera berrietara egokitzeko etengabean dihardute eta diziplinarteko eskaera anitz hauen erantzule nagusiak maisu-maistrak egiten ditugu, onerako zein txarrerako.
Hau honela, gizarte aldaketa azeleratuaren menpekotasunak irakaslearen sarbide eta titulazio formakuntzan eragin nabaria izateaz gain, etengabeko formakuntza, birziklapen eta promozio baldintzak ere ikusmiran jartzen ditu. Izan ere, gauza jakina da egungo maisu-maistren egitekoa ez dela jakintzagaien gaineko ezagutza eta transmisiora mugatzen. Aitzitik, hezkuntza ulertzeko marko gaurkotu baten begiradapean, irakaslea ikaslearen bidelaguna da, bere egiteko nagusia ikaslearen ikaskuntza erraztea delarik.
Lan marko honek irakaskuntza zeregina askozaz konplexuagoa bihurtzen du. Maistu-maistren motibazioa eta etorria behar-beharrezkoak izateaz gain badira ikaskuntza prozesua arrakastatsua izateko beste baldintzak batzuk, eskolaren diseinu eta antolaketari lotutakoak. Eskolak ikaskuntza leku izateko, besteak beste, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak elkarren arteko loturak eskaini behar ditu, modu berean gizarte errealitatearekiko loturak sendotu, irakaskuntza eragile bakarra irakaslea denaren ideia baztertuz.
Hezkuntza erantzukizun partekatua da. Baina denok dakigu maisu-maistrak, su-lerroan lanean diharduten profesionalak diren neurrian, azkar erantzun beharrean aurkitzen direla sarritan. Horregatik, irakaskuntza bokazioz bizi duten maisu-maistren lana balorean jarri beharrean gaude, ogibidea termino hauetan bizi duten profesionalak alderdi pertsonal eta pribatua gaindituz, irakaskuntzaren aspektu etikoak mahai gainean jartzen dituztelako.
Izan ere, bokazioa testuinguru sozio-kulturalean txertatutako bizipen bat da, oso subjektiboa, esperientzia eta bizipenei lotutakoa; beti aldaketan diharduena, baina irakaslearen izaerarekin ere lotura zuzena duena. Maisu-maistren nolakotasun eta dohainei erreparatzeak, beraz, irakasleek bizi dituzten barne gatazkak, krisi eta dilemei aurre egiteko duten gaitasunaren adibide dira, eskola eraldaketa eta hobekuntzarako aukera irekitzeko ezinbestekoa. Honela, Teresa Fuentes-ek azaltzen digun bezala, bokazioa edo deiera eta etika profesionala gauza ezberdinak badira ere elkarren beharra dute. Irakasle on batek bokazioa izan behar du, irakaskuntzarako grina, gogoa, ilusioa eta pasioa. Lanbidearen hautua erabaki pertsonal bat bada ere, norbanakoaren interesak gainditu eta bizi garen komunitatearekiko erantzukizunaren adierazpena ere bada.
Botere gune guztien ikusmiran
Bukatzeko, irakasletza praktika soziala da eta eragin pedagogiko nabarmena du norbanakoongan zein gizarte errealitatean. Irakasletza, botere gune guztien ikusmiran dago baina bere funtzioa gehiago kontrola, jarraibideak, araudiak, betebeharrak zehaztera mugatu da. Irakasletza lanbide estrategikoa da eta irakasleen deiera eta ahalduntzea sustatu nahi baditugu ezinbestean haien identitatean garapena, etengabeko prestakuntza, Unibertsitateak eskaini beharreko ikasketa planen izaera, irakaslearen autonomia eta partaidetza eskolako erabakietan, eskola demokrazia azken batean, aintzat hartu beharreko aspektuak dira.
Maisu-maistren deiera bizirik mantentzeko haien esperientzia eta bizi historiak entzutetik has gintezke, bide berriak arakatzen. Jende eder asko gauza ederrak egiten euskal eskoletan!