Ba al zenekien Urretxu mineral eta fosilez beteta dagoela? Iparragirre plazan Urrelur museoa dago, mineral eta fosilen berri ematen diguna. Lurreko altxorrak osatzen duen materiaz, elementu kimikoez eta munduaren bilakaeraz mintzatzen digu, besteak beste. Horrez gain, erakargarria da erabat harri askoren edertasuna.
Museoa kultur etxeko beheko solairuan dago kokatua eta bertan bi zati bereizten dira: bata, mineralei dagokiona, 1.000 pieza inguru katalogatuta dituena eta konposizioaren arabera hamaika taldetan sailkatuak daudenak; bestea, fosilei dagokiona, bost kontinenteetatik jasoak, eta kronologikoki jarriak. Gainera, erakusketa honek badu harkaitzei eskainitako leku berezi bat.
Natur Zientzien mundua
Azken finean, Natur Zientzien mundu interesgarrira hurbiltzeko aukera paregabea izango dute Urretxuko Mineralen eta Fosilen Museora hurbiltzen direnek. Eta agendan apuntatzeko… urtean behin, urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran, Mineral eta Fosilen astea antolatzen dute, azokaz gain, hainbat ekintza eta bisita gidatu egiteko aukera ere ematen duena.