Goierritar askok eta askok izenez bakarrik ezagutzen duten Urtsuarango bailara goenetik zein barrenetik ezagutzeko aukera ematen du ibilbide zirkular honek, baita Iruin ekera aldetik sarbideetako bat duen galtzadan ibiltzeko ere.
Idiazabaldarra ez denarentzat edo hango jatorria ez duenarentzat, Urtsuaran Etzegaratera bidean dagoen errepideko seinale bat besterik ez dela esatea gehiegitxo esatea bada ere, asko eta asko dira auzo-bailara horretara sekula iritsi ez diren goierritarrak. Eta horixe Ibiltari honen asmoa, auzo horren historia eta hara iristeko dauden oinezko bideak ezagutzera ematea, Urtsuarango galtzada tartean. Idiazabal eta Segura arteko mugan dagoen Zorroztarriraino igota (680 metro), lau orduko ibilbidea da, baina erdira ekar daiteke barrenetik egiteko erabakia hartuz gero.
Orain bi urte pasa Idiazabalgo mendietako bira egiteko lagun izan ziren Antonio Berasategi eta Lake Oiarbide izan dira honetan ere gidari lanak egiteko prestutasuna azaldu dutenak. Informazioa eta kontuak soberan, eta giroa hainbestekoa zenez apiril bukaera hartan, hamabost kilometroko buelta azkenean, 600 metrorik gorako igoerako desnibelarekin.
San Estebandik Iruingoenera
Plazatik abiatu eta Karkamo estradea zeharkatuta, Urtsuaran erreka ondoko oinezko bideari heldu behar zaio, bost minutuan mendi bizikletarekin ibiltzeko pump track pistara iritsi arte. Behin han, eskubitara hartu, eta N-1 errepidea azpitik zeharkatu behar da, baserri bidean gora eginez aldapa pikoan. Beste bost minutuan, Lobioko begiratokia, Idiazabalen ikuspegi dotorea eskaintzen duen gaina, eta ezkerreko bidea hartuz, denbora gutxian, San Esteban ermita bide kontra. Haren lehen aipamen garbia 1787koa da; Akutaingo jaunarena zen eta Agirreko maizterrek zaintzen zuten. Ermitas de Gipuzkoa lanean jasoa dagoenez, baliteke erretaula XVI. mendekoa izatea. Azken meza, berriz, 1979an eman omen zen. Urte askoan utzita egonda, Joxe Kruz Aranburuk gorde zituen hango santuen irudiak ganbaran, harik eta 2004. urte aldera diputazioak txukundu eta berritu zuen arte Fermin Leizaolaren eskariz.
Pare horretatik Iruingoenaraino ordu erdi inguru dago baserri-bidean gora. Eskubi aldera, Segura goeneko baserriak eta urrunera Zeraingo kaxkoa, eta parean Santa Barbara eta Aizkorriko gailurreria. Aurrez, Iruinbarrena eta Iruintxiki pasa behar dira Iruingoenera iristeko. Behin hura igarota, bidegurutzea: eskubitara Landarregi baserrirantz, ezkerretara Urtsuarango galtzada aldera.
Zorroztarrira igo gabe, galtzada aldetik joanez eta erreka ondotik Idiazabalera itzuliz egin daiteke Urtsuarango bira
Idiazabalek eta Segurak ‘Bi herrietako Partzoneria’ indarrean izan zuten lau mendez; 1947az geroztik Idiazabalen parte da soilik
Galtzada pasata Zorroztarriraino
Beherantz egiten du bideak hasierako tartean, eta berehala Osiñeta zubia eta erreka. Eta aurrera egin ahala, Urtsuarango galtzadaren harriak oinpean, 350 metroko garaieran eta hiru metro inguruko zabalerarekin. Urte askoan partekatu zituzten bailara horretako lurrak Idiazabalek eta Segurak, baina agintaritza administratiboa bigarrenaren esku zegoenez, Urtsuaran eta Segura lotzeko bidea zen galtzada, baita Nafarroa aldera jotzeko bidea ere.
Gaur egun bide zatirik gehienean galduta dago galtzada: batetik Idiazabalgo Ergoeneko Lertsundi eta bi Goikoetxeak, eta Urtsuaran barrutiko Ugarkazabaleta eta Galtzadasasieta baserrien uzteek galtzadaren erabilera gutxitzea ekarri zutelako; bestetik, Segurarekiko harremanak eten eta Idiazabaldik Urtsuaranera bidea egin zelako; eta baita pinudien ustiapenak galtzada hondatzea eragin duelako ere. Bi zatitan nabarmentzen da batez ere galtzada, ez oso tarte luzeetan.
Bidean behera eginez gero –ordubete inguru oinez orain arte–, Urtsuaranera iristeko beste 20-30 minutu beharko lirateke, baina bailararen osotasuna erakusteko Zorroztarrira igotzeko plana dute gidariek. Horretarako, eskubitara zabaltzen den baso-pistan gora egin beharra dago 30-40 minutuz, ia atsedenik gabeko maldan. Segurako Santa Barbara-Unamendi mendien Idiazabalgo magalera iristen da lehenik, eta handik ordu laurden batean-edo, Zorroztarriko trikuharrira, bi udalerrian arteko mugan. Gain airosoa da. Aizkorri begi-bistan, baita Idiazabal eta Ataungo mendiak ere, eta urrutirago Aralar. Bigarren ordua osatuta.
Bailaran behera errekaren ondotik
Urtsuaran behean dago zain. Horretarako, Zorroztarriko harpasoa igaro, eta otadi arteko bidezidor garbiena hartuz eta amezti txiki bat pasa ondoren, Antzurruntzaga pabiloi txikira iristen da oinezkoa 15-20 minutuan. Jaitsiera guztian bezalaxe, Etxeberri baserria ageri da parez pare, etxe handia, baina hara ailegatzerako eskubitara hartu beharra dago, landare-hesi baten ondoko bidean behera eginez Pagoeta baserrira iristeko. Asfaltozko bidea berriz, eta haren ondoan, eskubitara, Urtsuaran erreka.
Behera eginez, Elizalde baserria –garai baten taberna zuen–, eta eskubitara Santa Engrazi apaiz etxea eta haren ondoko plazatxoa. Idiazabal alderantz ezkerretara jo beharra dago, eta hantxe, bakarti, beste baserri handi bat: Olea. Pare horretan sumatzen dira dagoeneko N-1aren motor zaratak. Olaberrietako bidegurutzean erdiko bidea hartuz, Urtsuaran erreka ondoan dela bide atsegina dator aurretik. Goiburura igo, Makinetxeko zubia pasa, Olegira igo, Gaztelu jatetxearen atzetik Azpikolaundira jaitsi, eta Jaso lantegitik aurrera herrira itzulera. Pena bakarra, bideko kontu denak lerrootara ekarri ezina.
Kontuan hartzeko
- Errogatibak maiatzean. Garai batean, beste ermita batzuetara bezalaxe, Agirreko San Estebanera ere errogatibak egitera joaten ziren baserritarrak maiatzean, euri eskean. Gorrin meza (Gorriaren meza) ere ematen zen, gaitz horren kontrako konjuruak botaz.
- Galtzada galzorian. Urtsuarango galtzada edo Urtsuarango Bide Zaharra galzorian dagoen bide bat da, bere horretan. Urtsuaran erabat Idiazabalen parte izatera pasa zen 1947an, eta Segurara joan behar ez izanak, baserriak hustutzeak eta pinudien ustiaketak eragin du egoera.
- ‘Bi herrien partzoneria’. Asun Urzainkik jasoa duenez, Idiazabalek eta Segurak Bi herrien partzoneria osatu zuten eratu zuten Urtsuaranen 1409. urtean. Idiazabalek Seguraren menpeko izateari utzi zionean ere (1615) partzoneriak jarraitu zuen, eta 1825ean desegin zutenean, herri bakoitzak berak erabiltzen zituen mendi aldeko lurrak hartu zituen. Lau mende pasako historian gorabeheratsua izan zen partzoneriaren kudeaketa.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Lau ordu
- Luzera: 15 km
- Gorakako desnibela: 619 metro
- Beherakako desnibela: 615 metro
- Zailtasuna: Ertaina
- Oharrak: Urtsuaranera iritsi arte ez dago iturririk bidean.