Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Eusko Trenen, igande goizean, Donostiatik Debara. Beteta doa trena, mota guztietako jendearekin: kanpoko eta bertako motxiladunak, batzuk bizikleta eta guzti; gaupasa egindako itxuran erdi lotan doazen hiruzpalau neska; lanerako prestatua dirudien emakumea, erlojuari sarri begiratzen… Halako batean, aurpegiera asiarra duen mutilak ekin dio telefonoz hitz egiteari, eta ezin antzeman zein hizkuntzatan ari den, ezta arrastorik ere. Laster soinu bandak aldaketa bat izan du, eta Lluis Llachen L’estaca entzuten da, bere «tomba, tomba»-rekin. Hura bukatzean, Eusko gudariak hasi da, txistuz jota. Gogora Jose Artetxeren Mi viaje diario liburua (Itxaropena, 1950), tren honetan astegunetan Zarauztik Donostiara –lanera bidean– egiten zuen bidaian oinarritua. Artetxe bat beharko genuke 73 urte geroago kostako trenean egosten den giroaren kronika idazteko.
Debara iritsi eta kafe bat hartuz, tabernako telebistan Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Ene! Beldurra ematen du aldapan behera lokatzetan irristaka doan neska horrek! Gerora ikusi nuen Goierriko Hitza-k zabaldutako bideoa, hainbat lagun ipurdi gainean jaisten direnekoa. Izan ere, Berria-ko kronikan Unai Ugartemendiak zioen bezala –Manuel Merillas eta Daniela Oemus irabazleak aipatuz–: «Haiek biak izan ziren protagonista nagusiak, baina baita lokatza, hotza eta euria ere».
Ez zait ahazten Zegama-Aizkorri maratoiaren berri izan nuenekoa. ETB-1eko Bertatik Bertara saioa egiten genuen orduan, eta lankide zegamar bat etorri zitzaigun esanez ze asmo zeukaten herrian: Zegamatik Aizkorrirako lasterketa antolatzea, joan eta etorri. Bertatik Bertara-n primizia modura eman genuen albistea. Baina niri barru-barruan erokeria izugarria iruditzen zitzaidan, zegamarrak haize zororen batek jo izan balitu bezala. Aizkorrin ibilita nengoen, San Adriango tunela pasa eta gora, handik gertu samar utzita autoa betiere. Ibilbide horri Zegamarako joan-etorria gehitzea, askotxo zen nire kalkuluetan, eta gainera hori dena korrika egitea… Eta zer esango dizuet, agian inbidia pixka bat ere izango zen barruan mugitzen zitzaidana, gertuko herrien artean sortzen den lehia hori.
Bistan da, hori bai, ez nintzela igerletarako jaio. Zegama-Aizkorrik mugitzen duen jendetza, bezperatik hasita; tabernetan usaintzen den mendizale giro hori, kosmopolita gainera, hainbat herrialdetako jendea erakarriz; maratoiak nazioartean hartu duen sona. Eta horrelako antolakuntza bati bi hamarkadaz eusteko gai izatea… Zumalakarregik ere erantziko luke txapela horren aurrean.