Oier Markotegi Zubillaga (Legazpi, 2002) ‘Bakarr¿k’ film laburraren gidoilaria eta zuzendaria da. Ikus-entzunezko komunikazioko graduko 3.mailako ikaslea da eta bere lehen film labur profesionala ekoitzi du, beste bost ikaskiderekin batera. Deskonfiantzaren mugak marra gorriak ditu eta hauek zeharkatzearen ondorioak erakusten dituen film laburra da ‘Bakarr¿k’. Crowdfunding kanpaina ireki berri dute, interesa dutenek ekarpenak egin ditzaten.
Nola sortu da proiektu hau?
Proiektu honek unibertsitatean du erroa. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari gara eta unibertsitateko lan bat da Bakarr¿k film laburra. Hala ere, gure lehen film labur profesionala da eta ilusio handiz hartu dugun proiektua. Lehenik eta behin gidoiaren lehen bertsioa idatzi nuen, hau da, istorioaren ideia nagusiak, eta ondoren, lantalde guztiaren artean gidoia gehiago definitzen joan ginen. Behin gidoia definituta eta istorioak eskatzen dizkigun faktore guztiak kontuan izanik, grabaketarako prestaketa lanetan hasi ginen eta joan den asteburuan grabatu genuen film laburra, Legazpin.
Zer da Bakarr¿k?
Bakarr¿k konfiantzaren mugak zalantzan jartzen dituen film laburra da. Familia baten egunerokoa aldrebesten duten zenbait gertakari tarteko, tentsiozko afari batean mahaigaineratuko dituzte familia perfektu itxurako haren trapu zaharrak. Istorioaz gaindi, Bakarr¿k talde oso baten lanaren emaitza dela esango nuke, hasi Bakarr¿k-eko lantaldetik eta azken aktoreraino. Bestalde, oso berezia den zerbait da niretzat, zuzendari eta gidoilari bezala lehen aldiz mota honetako nire sorkuntza bat gauzatuta ikusi ahal izango dudalako eta ilusio handiz nagoelako estreinaldiaren esperoan.
Zein gai landu nahi izan dituzu film laburrean?
Hainbat gai landu nahi izan ditut gidoia egiterako garaian. Azken finean, istorio honek intimitate urraketa bat du abiapuntu eta tentsioa du ardatz. Horrez gain, kontrola eta konfiantza falta ere islatzen direla esango nuke, gai hauek zentralidade handia hartzen dutelarik film laburrean. Gurasoek alabarekiko kontrola eta deskonfiantza dute eta hau hala izanik, zenbait gertakariren bitartez, itxuran familia perfektua dirudien horren errealitatea azaleratzen da, familia hausturaren mugetara eramanez. Beste gai garrantzitsuetako bat faltsukeriarena da. Jokabideak aldatu egiten dira pertsonaia bakoitza norekin dagoenaren arabera, izan ere, faltsukeriazko harremanak eraiki ditu Itsasnek, protagonistak, bere gurasoekin.
Aurrera begira zenbateko proiekzioa izango duela uste duzue?
Ez dakit zenbaterainoko ibilbidea izan dezakeen filmak baina ikusleen gustukoa izan dadin gustatuko litzaiguke eta hala izanik, jendeak disfrutatzeko film bat izatea, elkarri gomendatuko lioketen filma.
Hala ere, faktore hau ez dago gure esku, guk jada egin dugu egin beharrekoa eta orain harro sentituko garen emaitza batekin amaitzea dagokigu. Egindako lanaz harro gaude oraingoz behintzat eta hala izaten jarraituko duelakoan gaude. Hau guztia posible egin duten aktore, kide zein irakasleei eskerrak eman nahi dizkiegu.