Goierrin igandean izango diren hauteskundeak 1977tik 73.a izango dira. Orain arte 46 egunetan joan izan dira goierritarrak botoa ematera: 72 hauteskunde eta lau erreferendum izan dituzte. Baina ez da hori betiko kontua. Hauteskunderik egin ezin zen garaiak izan ziren, Primo de Riveraren diktadurak (1923-1930), Damaso Berenguerrena (1930-1931) eta Francisco Francorenak (1939-1975) eragotzita –militar jeneralak denak–.
Bigarren Errepublikan (1931-1936), bost hauteskunde (bi udaletarako, 1931n eta 1933an; eta hiru Espainiako Gorteetarako, 1931, 1933 eta 1936an) egin ziren. Bereziki esanguratsua suertatu zen 1931ko apirilaren 12ko bozketa eguna; udalak hautatzeko deialdia zen arren, monarkia erorrarazi eta errepublika aldarrikatzea eragin zuen.
Azken 46 urteotan, udal eta Batzar Nagusietako bozetara 11na aldiz (beti egun berean), Eusko Legebiltzarrerako 12 aldiz, Espainiako Gorteetarako 15 aldiz (bi bozketa aldiko, Kongresua eta Senatua) eta Europako Parlamenturako zortzi adiz deitu dituzte herritarrak.
Emakumeak, lehen aldiz, 1933an
Hauteskundeak egitea batere ohikoa ez bazen, oraindik ezohikoagoa izan zen emakumeek ere parte hartzea. Debekatuta zeukaten botoa ematea. Hain justu, aurten 90 urte beteko dira emakumezkoek papertxoa hautetsontzian sartu ahal izan zuten lehenengo alditik.
Euskal Autonomia Estatutuari buruzko erreferendumean joan ahal izan zuten emakumeek estreinakoz bozkalekuetara, 1933ko azaroaren 5ean. Hego Euskal Herri osorako 1931ko Lizarrako Estatutuak porrot egin ondoren, 1933ko abuztuaren 6an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalek batzarra egin zuten, eta estatutu berri baten prozedura hastea onartu zuten: 239 udal alde, 28 aurka eta 15 abstentzio.
Testuari babesa emateko, azaroaren 5erako antolatu zuten erreferenduma, eta orduan bozkatu zuten emakumeek lehenengo aldiz. Estatutu proiektuak abertzaleen, errepublikanoen eta sozialisten babesa jaso zuen, eta kontra jardun ziren tradizionalistak, eskuina eta komunistak.
Goierrin, autonomia estatutuak aldeko botoak jaso zituen. Guztira 17.072 herritarrek zeukaten botoa emateko eskubidea, eta alde bozkatu zuten 13.792k eta aurka 312k (zurian, 10).
Erreferendumean onartu ostean,Espainiako Gorteen onespena behar zuen. 1933ko azaro hartan, hauteskunde nagusietan eskuina gobernura iritsi zen, ordea, eta helegiteen eta luzamenduen linboan geroratu zuten. Harik eta, 1936ko gerra hasita, testuinguru hark eragin zuen arte Gorteen onarpena, urriaren 1ean, hasierako testua oso aldatuta eta denbora laburrerako –1937ko abuztu bukaera– izan zen arren.