Goierri Kopa Sprint modalitatean lider doa Maider Unanue (Arama, 1994). Berriro korrika egiten hasteko hasi zen mendi lasterketak egiten, eta denboraldi bikaina egin du. Gaikar Zortzietakoak taldearekin dabil urtarriletik. Bihar Zaldibiako Mendi Lasterketan parte hartuko du. Axari Trail-ean parte hartuz gero, denboraldiko guztiak eginak izango ditu. Egiten duenaz «gozatzea» du helburu.
Zer moduz zaude? Hankak eta burua ondo al dituzu?
Oso gustura nago! Egia esan beti izan dut korrika egitea gustuko, baina nagikeriak gaindituta ez dut entrenatzeko tarterik hartzen. Aurten ordea urte berriko helburu bezala korrika egiten hasiko nintzela esan nion nire buruari eta hementxe nago orain. Etxekoek eta lankideek asko animatzen naute eta horrek lasterketetan gogotsu egoten laguntzen dit. Izan ere, mendi lasterketetan hankak entrenatzea bezain garrantzitsua da burua entrenatzea, azken batean buruak agintzen baitu! Sinesten baduzu ondo zoazela eta ahal duzula, amaierara arte indarrez iritsiko zara,
aldiz burua ezezkoan termatzen bada, ez da zereginik egoten.
Goierri Kopa Sprintean lider zoaz. Puntu dezente ateratzen dizkiezu hurrengoei. Zer moduz sentitzen zara horrekiko?
Lider izateak baditu bere alde onak eta txarrak. Onei dagokienez, indarra ematen dit lasterketan jarraitzeko eta entrenatzeko. Baina lider kamiseta jantzi eta irteera lerroan jartzean, denek begiratzen zaituzte ‘hau ona da’ esango balute bezala, eta hori niretzat presio moduko bat da. Hala ere, lider izateari baino garrantzia handiagoa ematen diot lasterketak sentsazio onarekin bukatzeari.
Probak irabazteko helburuarekin ekin zenion denboraldiari?
Ez, nire helburua berriro korrika egiten hastea zen.
Noiz hasi zinen kirolean?
Betidanik izan naiz kirolaria: atletismoa, igeriketa, dantza egin izan ditut… Baina gehien gustatzen zitzaidana korrika egitea zen. Eskolan patio orduetan hasi nintzen korrika eta ondoren aita zein ahizparekin egin dut ibilbidea, eurak ere korrikarako afizioa baitute.
Eta noiz eta nolatan hasi zinen mendi lasterketak egiren?
Hasiera batean krosak egiten nituen Txindoki Atletismo Taldean, eta gero mendia probatzen hasi nintzen. Zegama-Aizkorri mendi lasterketa da guztiaren gakoa, bai aita eta bai ahizpa atera ziren eta euren ilusioa ikusita, mendian probatzea erabaki nuen.
Zer ematen dizu kirol honek?
Kirol honek gauza asko eskaintzen dizkit: errutinatik ateratzea, arazoak alde batera uztea, naturaz gozatzea, konpainian kirola egitea, zeren bakarrik oso gutxitan ateratzen naiz. Eta batez ere, askatasuna eta lasaitasuna.
Sprint modalitatean zabiltza. Motzean nahiago?
Motza aukeratu nuen, urtarrilean hasi nintzelako entrenatzen. Ordura arte astean behin besterik ez nintzen korrika egitera joaten. Sprint modalitatea aukeratzean bigarren arrazoia denbora izan da, azken batean aurten arte ez ditut 15 kilometro baino gehiagoko lasterketak egin eta hori prestatzeak entrenamenduei denbora gehiago eskaintzea dakar. Hala ere, Mendaron 23 kilometroko lasterketa egin nuen eta oso sentsazio onekin amaitu nuen. Nork daki, beharbada datorren urtean Trail modalitatean proba egingo dut.
Mendi proba faboritoren bat badaukazu?
Ez daukat proba faboritorik ezta gorroto dudanik ere! Probetatik gehien gustatzen zaidana ibilbide berriak ezagutzea da, izan ere, mendi lasterketa gutxi korritu ditut orain arte.
Zer eguraldi nahiago?
Eguraldia, aldiz, nahiago freskoa beroaren aldean. Horregatik nahiago ditut neguko lasterketak. Udan ez ditut lasterketak egiten eta gehienetan deskantsatzeko aprobetxatzen dut.
Bihar Zaldibiako Mendi Lasterketan parte hartuko duzu?
Zalantzan egon nintzen baina azkenean parte hartzea erabaki dut. Ez dut inoiz lasterketa egin eta gogotsu nago ibilbidea ezagutzeko.
Azkena Axari Trail izango da, eta azkeneko biak eginez gero, egutegiko lasterketa guztiak egingo dituzu, irabazita. Hurrengo urterako presioa da?
Egia esan, ez naiz hurrengo denboraldiari begira jarri, baina nahiz eta aurtengoan lehena amaitu, hurrengoan beste lehia bat hasten da. Nirekin batera neska askok korrika egiten dute eta pozgarria da denek afizio berdina elkarbanatzea. Aurten nirekin ibili diren neskak zoriondu nahi ditut. Aurten niri tokatu zai lider izatea, baina eurak ere oso onak dira. Nire asmoa ez da irabaztea, egiten dudanaz disfrutatzea baizik. Horregatik animatzen ditut korrika egin nahi duten guztiak, bizipoza ematen baitu.
Zer helburu dituzu?
Lankide batek animatuta Gaikar Zortzietakoak taldeko kidea naiz urtarriletik. Hasieran presioa zen niretzat, orain aldiz taldekideen animoak entzunda erabaki ona hartu nuela konturatzen naiz. Izan ere, talde batean sartzean, konpromiso bat hartzen duzu, hainbat lasterketetan parte hartuko duzula eta horri esker, nire kasuan, entrenatzen jarraitzeko aitzakia nagusia da. Gomendatzen dizkidaten lasterketak egingo ditut, puntuagarriak zein gozatzekoak direnak. Baina helburu nagusiena eta nire buruari beti esaten diodana da: egiten dudanaz gozatzea. Asmoa mendian korrika egiten jarraitzea da, lasterketa berriak ezagutzea eta distantzia luzeagoekin probatzea.