Lur barruko azken meategia izan zen Troia. Exminesa enpresa kanadarrak 1986ko abuztutik 1993ko ekainera ustiatu zuen Mutiloako eta Gabiriako mendi barrutietan.
Aurkitu, ustiatu, hustu, itxi eta ahaztu. Bide hori izan zuen Exminesa enpresaren Troiko meategiak, bere historia laburrean. Aberastasun natural ugari atera zuten zazpi urtean (1986-1993). Ekainean 30 urte beteko dira meategiak behin betiko itxi zituztenetik, eta 150 langile enplegatu zituen langintza bat, dagoeneko ezezaguna, desagertu zen harekin batera. Euskal Herriko lur barruko azken meatzaritza izan zen Troikoa. Gaur arte iritsi diren aldaketa paisajistikoa, ingurumen kaltea eta kutsadura ezkutua ere utzi zituen.
Exminesa meatzari enpresak 1972an aurkitu zuen Mutiloako Peatza-errota inguruan zinka eta beruna, Troi erreka inguruan eta garai bateko meategi historiko den Bernaolatik gorago. Sulfuro polimetalikoen 3,5 milioi tona zeuden. Bigarren mailan, galena, barita eta zilar sulfuroa ere bazeuden. Mutiloa, Gabiria eta Zeraingo udal barrutien erraietan, 200-300 metroko sakoneran eta luzean 2.000 metro eta zabalean 400 metroko eremu bat ustiatu zuten.
Zundaketak 1976an azkartu ziren, lur barrura lehenengo galeria zulatuta. Exminesak Galizian Rubiales meategia zuen, zink ustiapenera zuzendua. 1965ean eratu zuten enpresa, Pedrafita de Cebreiron (Lugo, Galizia). Cominco konpainia kanadarra zen Exminesaren akziodun nagusia (%85), eta munduko zink ekoizpenaren %75 berea zen.
Troiko meategian 1986ko abuztuaren 21ean hasi ziren meatzariak lanean. Goierriko gazteak ziren ia denak, eta langintza hartan esperientziarik gabeak. Zuzendari nagusia Jaime Gonzalez Blasi zen, eta ingeniari, geologo eta bulegari ugarik osatu zuten lantaldea, 150 bat kidekoa.
Hainbat espezialitate lan batean
«Hamabost meatzari hasi ginen lehen egun hartan. Makinak erabiltzen erakutsi ziguten lehenik: jumbo ibilgailuak, zulagailuak, nola zulatu… Pixkanaka meatzari gehiago sartu ziren. Inguruko herrietakoak asko ginen», oroitu du Juan Lobato Juanili ormaiztegiarrak. Historia osoa ezagutu zuen.
Sarrerako galerian behera lurpera sartu, eta mineraletan aberatsa zen filoiari jarraika garatu zuten meategia. «Garai hartarako makinaria oso ona geneukan: bi jumbo zulaketak egiteko, bulonadora bat sabaiari eusteko, kargatzaileak…». Galeriek zabalean 5 metro eta altuan 4 zeukaten. Urtebeterako, gutxi-asko, erabateko errendimenduan ari zen lanean Troiko meategia.
Materiala erauzi bakarrik ez, garbitzeko instalazioak ere Gesaleko zabalean eraiki zituen Exminesak. Meazulotik –bi sarbide zituen Troiak, bat Orue-Peatza aldean, bestea Otsazuloeta sakonean– zuzenean zinta garraiatzaile bidez ateratzen zuten, eta garbilekuraino garraiatu. Labadero deitzen zioten pabilioietan lan egin zuen Jesus Lerma Bolintxe ormaiztegiarrak. Baliabide kimikoen bitartez bereizten zuten mea: zinka, beruna edo zilarra kopuru txikian.
Laneko prozesuan hainbat espezialitatek parte hartzen zuten, eta zeregin jakinetan trebatzen zituzten meatzariak. Astelehenetik ostiralera, zazpi orduko hiru errelebotan aritzen ziren meatzariak, gau eta egun; garbilekuan, zazpi egunetan bost txandara.
Galeriaren hondoko horma prestatzen zen lehenengo. Aurretik, sabaia sendotu behar zen, bulonadorarekin sendogarriak injektatuta. «Gaizki baldin bazegoen, altzairuzko sareta bat jartzen zen; batzuetan, zementua presioz ere botatzen zen», dio Lobatok. Jumboarekin zulatzen zuten horma. Leherkariekin hausten zuten harkaitza, lau metro luzeko barrena-zuloak egin, eta haietan Goma-2 kartutxo bana eta nabolita sartuta. Detonatzaile elektriko bat sarera lotzen zioten. Gallartatik ekartzen zituzten leherkariak.
Leherketa kontrolatua egunero 14:00etan egiten zen, kanpotik, goizeko eta arratsaldeko lan-txanden aldaketan, eta hautsa ateratzeko ordubeteko tartea utzita. Meategitik langile guztiak atera behar izaten ziren. «Bakoitzak txapa identifikatzaile bat geneukan; ni 21 zenbakia nintzen. Meazulora lanera sartutakoan, bakoitzak bere txapa Meategiko Koadroan jarri behar zuen, eta irteten zenean ohol handi batean utzi. Horrek adierazten zuen zein zegoen barruan; eta ezin zuen, inola ere, beste batek zure txapa mugitu. Hori sakratua zen», gogoratu du Lobatok.
Lehertu ondoren, ureztatu eta «saneatu» egiten zuten eremua. Lanik gogorrenetakoa zuten Fortifikaziokoak sartzen ziren aurrena. Segurtatutakoan, pala mekanikoekin eta kamioiekin meategi sakonean kokatutako birrintzailean edo matxakadoran birrintzen zuten harkaitza, zintaz ateratzeko.
Garbilekuan hurrengo urratsa
Zinta-4 garraiatzailearen bidez, Gesaleko zabaleko pabilioietara eramaten zuten meazulotik ateratako guztia. Piramide itxurako biltegian pilatu, eta tolba batera joaten zen. «Bi xehatzailetatik pasatzen zen, eta ondoren altzairuzko bolak zituen errota batean hauts bihurtzen zen. Menbranadun punpekin zikloi batzuek gelaxketara bidaltzen zuten, eta han bereizten zen mea», dio Lermak.
Erreaktibo kimikoak erabiltzen zituzten zinka eta beruna bereizteko. «Aparra egiten zuen produktu batekin zinka tangan gora igotzen zen. Beruna beste leku batera joaten zen, eta balio ez zuen materiala, ‘esterila’, beheko presara». Erreaktibo kimiko indartsuak eta arriskutsuak erabiltzen zituzten, zianuroa, adibidez. «Ikastaro batean esan ziguten, zianuro biltegia lehertzen baldin bazen, herri guztia hondatuko zuela. Oso-oso-oso arriskutsua zen. Hiruk bakarrik erabiltzen genuen hura».
Jarduera haren ondorenak ez dira oraindik konpondu. Gesaleko bailaran dagoen hondakin-lohien biltegia da arazo larrienetako bat. 39 metro altuko presa eraiki zuten, 1987tik 1992ra, eta 30 metro altuko geruza du ur azalaren azpian dagoen lohitza toxikoak. Milioi bat metro kubo baino gehiago.
Itxiera, espekulazioak akuilatuta
Segurtasun aldetik, meategi «segurua» zela aitortu dute bi meatzariek, «meategi metalikoa baitzen». «Ikastaro asko egiten genituen, eta segurtasun arloa oso zehatz eramaten zen. Zerbait gertatzen bazen, medikua eta erizainak han zeuden, baita anbulantzia eta suhiltzaile kamioiak ere», dio Jesus Lermak.
Bi hildako izan ziren, ordea, Troiko meategiaren zazpi urteko historian. Hiru asteko tartearekin biak, gainera. 1992ko otsailaren 3an Miguel Bote Martin, 28 urteko lazkaotarrak galdu zuen bizia, 181 galerian, leherketa baten ondoren lau mila kiloko harria gainera erorita. Otsailaren 26an, berriz, Felicisimo Riesco Serrano beasaindarra hil zen, 29 urtekoa.
Garairako soldata «onak» irabazten zituztela gogoan dute meatzari ohiek. Londresko metalen burtsak agintzen zuen, ordea, ateratzen zuten mineralen balioa. Hark, eta meategiaren ustiaketa fluktuazioen arabera azkartzeak –gainsari sistema luzerako kaltegarri batekin limurtuta–, aurreikusi baino lehenago agortu zuten Troia. Zazpi urtera itzaldu zen Goierriko azken meatzaritza.
Exminesaren troiko meategiaren Kronologia
- 1965-4-20. Explotación Minera Internacional España SA (Exminesa) enpresa sortu zuten, Pedrafita do Cebreiron (Lugo, Galizia), Rubiales meategia ustiatzeko. Kanadako COMINCO korporazioa zuen akzionista nagusi, baita Asturiana de Zinc eta beste batzuk ere. 1992an itxi zuten meategi hura, eta 317 langile izatera iritsi zen.
- 1972. Zink eta berun ugari zeukan ustialekua aurkitu zuen Exminesak, Mutiloako Troigarakoa eta Troierrota baserrietatik gertu.
- 1976. Zundaketarako galeria nagusiaren 60 metro zulatuta zeuzkan Obras Subterraneas SA enpresak. Mineraletan 1.000 milioi pezetako balioa eta 30 urteko ustiapena zegoela kalkulatu zuten.
- 1982. Meategiko instalazioak eraikitzen hasi zen Exminesa: tentsio altuko argindar lineak, lur espropiazioak (1983), zubi, errepide eta pabiloi eraikuntza… Bi meazuloetan pabiloiak, garbilekua, zinta garraiatzailea, kamioi kargalekua, argindar zentrala eta hondakin lohientzat biltegi presa ere egin zituzten, Mutiloako eta Gabiriako lurretan.
- 1984. Exminesak 2.200 milioi pezetako kreditua sinatu zuen Banco Urquijorekin, Donostian.
- 1985-11-12. EAEko Meatze Barrutiko Gipuzkoako meategi arloak 159,6 hektarea gehiagoko azalera ustiatzeko baimena eman zion Exminesari. Bi kontzesio batu zizkioten lehendik eskuratuta zeukan ‘Troya’ kontzesioari. Denera, 11.077,5 hektareako azalera.
- 1986-5-2. Espainiako Lan Zuzendaritzak ezezkoa eman zion Exminesaren Piedrafita do Cebreiroko (Lugo, Galizia) Rubiales meategitik Gabiria-Mutiloako Troira 75 meatzari lekualdatzeari.
- 1986-8-21. Lehenengo 15 meatzariak lanean hasi ziren.
- 1989-2-6. Meatzarien greba mugagabea hasi zuten, soldata igoera eskatzeko. Itxialdiak egin zituzten meazuloetan, errepidea moztu… Martxoaren 2an bukatu zen, lan ituna adostu ondoren.
- 1990-6-5. Bigarren greba mugagabea hasi zuten langileek.
- 1992-2-3. Miguel Bote Martin meatzari lazkaotarra, 28 urte, hil zen, 181 galerian leherketa egin ondoren lanean hasitakoan harri bat erori eta zapalduta. Joxe Mari Torregarai billabonarra ere zauritu zen. Egun bateko geldialdia egin zuten biharamunean, protestaz.
- 1992-2-25. Felicisimo Riesco Serrano meatzari beasaindarra, 29 urte, hil zen Troiko meategian, lan istripuan. 22 egunean bigarren hildakoa.
- 1993-5-19. Exminesak kapital soziala murriztea erabaki zuen.
- 1993-6-11. Ordainketa etena agindu zuen enpresak. 19an itxi zuten, eta 23an kaleratu zituzten langileak, 125 bat guztira.
- 1998-4-25. Aznalcollarreko hondakin-urtegiko presa lehertu eta lohi toxikoek Doñanako parke naturala kutsatu zuten. Alarma piztu zuen halako instalazioetan. Troiko lohitegi-presa ere berdina zen.
- 1998-5-27. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako aldundiaren Ingurumen sailak ziurtatu zuen Troiko presa «erabat bermatuta» zegoela. Baina gehiago ikertzea agindu zuten. Hango lohi pozoitsuekin zer egin bihurtu zen eztabaidagai.
- 1999. EHUko irakasle Vicente Iribarrek eta Iñaki Antiguedadek Troiko meategiko akuiferoaren kutsadura aztertu zuten.
- 2015. Doktoretza tesi batek meatzaritza jarduerak akuiferoetako animalia ornogabeen taxozenosian utzitako ondorioak argitaratu zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutenseak. Maria Jose Marques Perez ikertzaileak 1997an ikertu zuen, tesian.
Meatzari ohiek bazkaria dute ekainaren 17an
Ehunka goierritarrek lan egin zuten 1986tik 1993ra Troiko meategietan. Gazteak ziren; meatzarien batez besteko adina 26 urtekoa zela gogoan dute oraindik batzuek. Itxi zela 30 urte bete direnean, meatzari ohien lagunarteko bazkari bat antolatu dute.
Ekainaren 17an izango da bazkaria, Lierniko Mujika jatetxean. Dagoeneko lankide izandako askok eman dute izena, baina antolatzaileek ahalik eta meatzari gehienengana iritsarazi nahi dute deialdia. Izena emateko, 635 202 977 (Juanili) telefono zenbakira deitu edo idatzi behar da.
Meategiaren historia osatze aldera, bakoitzak eduki ditzakeen argazkiak, irudiak, mineralak, objektuak edo dokumentuak ere bildu nahi lituzkete, oroitzapenez gain, noski.
Lehenago ere egin izan dituzte juntadizoak, Santa Barbara meatzarien zaindarien egunean (abenduak 4). Aspaldian elkartu gabe daude.