Goierriko udalek eta Goiekik onartu dute dagoeneko Goierriko Energia Mahaiak aurtengo izango duen ekintza plana: energia bulegoaren irekiera eta pobrezia energetikoari aurre egitea. Teknikari bat ere kontratatu dute zeregin horietan bidelagun izateko.
Goierriko Energia mahaia eskualdeko energia plana sustatzen eta garatzen duen mahaia da, Goierriko udal ordezkariek eta Goieki Goierriko Garapen Agentziako kideek osatua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren eta Goiekiren artean sinatzen den hitzarmenaren ondorioz, eskualdeko energia-plana garatzeko baliabideak lortzen ditu mahaiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontu parte-hartzaileen prozesua jarri zuen martxan Goierrin 2015 urtean zehar, eta bilera horietan energia gaien inguruan zuten kezka plazaratu zuten herritarrek. Goierritarrek argi adierazi zuten energiaren planifikazio eta kudeaketa publiko baten beharra, jasangarriagoa eta sozialagoa izango den eredu baterantz joateko beharra.
Energia planaren sorrera
Ondorioz, 2017. urtean zehar Goierriko Energia Plana (2018-2025) garatu zen, Aldundiak bideratutako diru laguntza bati esker. Plan horretan eskualdearen diagnostikoa irudikatu zen, eta hurrengo zazpi urteetarako lerro estrategikoak eta ekintza zehatzak definitu ziren eskualdeko eragile ezberdinen artean. 2018az geroztik, energia planaren ekintzak gauzatzeko lankidetza hitzarmenak sinatu izan dituzte Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamentuak eta Goiekik.
2017an Goierriko energia plana definitu zenean, eskualdeko udal ordezkariek beharrezkoa ikusi zuten 2017-2025 epearen erdialdean planaren berrikusketa egitea, eta 2021ean eskualdeko energia planaren eguneraketa egin zen.
Eguneraketa hark hainbat gai eta behar jarri zituen agirian, energia zaurgarritasunaren eta pobrezia energetikoaren eraginak esate baterako. Azken hilabeteotako energiaren gorabeherak biztanlerian eta ekonomian ondorio nabarmenak eragin ditu.
Mahaia indartzeko urratsak
Energia mahaiari indar eta jarraipen gehiago emateko helburuarekin, Administrazio publikoetako lehen esperientziak programaren esparruan, gazteak klima-aldaketan eta energia-aldaketan trebatzeko programan parte hartzen ari da Goieki. Horren helburua hezkuntza formala amaitu duten gazte langabeei administrazio publikoan lehen lan-esperientzia eskaintzea da. Programa hori Europako Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana-ren barruan dago.
Programa horrekin batera, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, Novia Salcedo Fundazioak, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko prestakuntza-programa bat jarri dute abian, gazteak gaitzeko eta euskal udalerriek trantsizio energetikoarekin eta klima aldaketarekin lotutako erronkei aurre egin diezaieten errazteko.
Programa honen bidez, tokiko administrazioan klima aldaketa eta trantsizio energetikoko teknikari bat kontratatu ahal izan da. Praktikaldiko kontratua izango da, eta hamabi hilabeteko iraupena izango du.
Aipatutako prestakuntza-planerako, EEEk eta Ihobek 60 orduko prestakuntza-plana egin dute. Klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren teknikariak programa horretan parte hartuko du kontratatu diren gainerako teknikariekin batera, trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren arloko prestakuntza jasotzeko.
2023ko ekintza plana
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Goiekik sinatutako azken hitzarmena ekintza planean berrikusitako ekintzak indartzera dator. Hauxe da 2023ko ekintza plana.
Energia bulegoa
Jasangarritasunak eta klima politikak berebiziko garrantzia hartu dute, eta inpaktu handiak ditu egunerokotasunean. Bestalde, energia gaietako kontestua ezegonkorra da: Energia prezioetan igoera nabarmenak izaten ari dira, energia hornikuntza bera zalantzan jarriz.
Faktore horien guztien nahasketak kontestu berri bat ekarri dute gizarte mailako eragile guztientzat, bai fakturan duen inpaktu izugarriagatik, bai eta energia erabilpenean datozen aldaketengatik ere. Horrek guztiak gai berrien sorrera eta eboluzioa suposatzen du (pobrezia energetikoa, tokiko energia sorkuntza, sektorearen digitalizazio azkarra, mugikortasun eredu berriak planteatzea…).
Testuinguru horrek guztiak eskualde mailako energia politiken eta ekintzen garrantzia eta urgentzia nabarmendu zituen. Horren ondorioz, 2022an Goierri mailako energia bulego baten ereduaren azterketa eta bideragarritasun plana bultzatzea eta lantzea onartu zen.
Energia bulegoaren ereduaren azterketa eginda, 2023an energia bulegoa abian jartzea aurreikusten da. Hasiera batean pobrezia energetikoa eta fakturen azterketa eta energia kontratazio gaiak landuko ditu.
Pobrezia energetikoa
Atal honen helburua energia pobreziari aurre egitea da. Horretarako, eta 2021. urtean eskualdean egin zen pobrezia energetiko diagnosian oinarrituta, urrats bat gehiago eman nahi da eta eskualdeko udalerriei aholkularitza espezifikoa eskainiko zaie pobrezia energetikoa murrizteko. Gaur eguneko energia gastuaren 100 kasu larrienak aztertuko dira eskualdeko gizarte-langileekin koordinatuta, eta egoera hobetzeko esku-hartze fisikoa egiteko aukera ematen duten eredu errepikagarrienak bilatuko dira, 20 kasu hautatuz.
Lehenetsitako ekintza guztien jarraipena eta koordinazioa egiteko energia mahaia osatzen duten kideak urtean lau alditan lan saioak egingo dituzte.