Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Hamazazpi buru, ordenagailu portatilak, bost mahai luzetara, kableak, teklatuaren hotsa, boligrafoak tinta gutxirekin, kanpoko zarata, hasperenak, hatz nekatuak, buru nekatuak, azazkal zatiak lurrean, ezina, nekea, koloretako azpimarragailuak, isiltasuna, post-it-ak, inprimatutako apunteak, eskemak, aurikularrak, kontzentrazioa, komunera bi minutu, estresa, agendari begiratua, denbora gutxi, presa, apunte gehiago, ez dut ulertzen hau, beldurra, zerua iluntzen, hogeita bi buru, estuasuna, lurrera erori den mugikor bat, kezka, gainditu beharra daukat, isiltasuna, teklatuaren zarata, seigarren gaia, tipex-a, azterketa ereduak, txikleak, hasperenak, eskumuturreko mina, negargura, beldurra, buruko mina, bizkarreko mina, logura, komunera minutu bat, nekea, puf, ikasleak.
Unibertsitateko gradu bat egiten ari garen denok maite al dugu unibertsitateko gradu hori? Edo gradu horretako irakasgairen bat? Edo gaitegitik eskapatu samar irakasleak klaseratutako azpigai hura? Maite al duzue egiten duzuena? Maite al dugu hau dena? Edo inertziari segika ari gara? Orain pentsatzen dut, unibertsitate-titulu bat ia-ia eskuetan dudala, igual ez nuela erabaki lau urte hauek bizitzea. Igual egin-behar-zelako hasi nuen unibertsitateko gradu bat, eta utzi-ezin-zelako segi dut hor ia bukatu arte. Orain tokatzen dira masterra, langabezia, ordezkapenak, langabezia, oposaketak, langabezia, ordezkapen gehiago, berriz oposaketak eta, zorte pixka batekin, bizitza osorako lanpostu finkoa. Ba erabaki dut oraingo honetan erabaki egingo dudala zer nahi dudan eta zer ez. Ze lan egitea guay dago, eta bizirauteko lain diru izatea ere bai; baina lagunak, eta planak, eta sortzeko denbora, eta elkarrizketak, eta lasaitasuna ere dezente estimatzen ditut.