AGIFES-ek Goierrin ere eskaintzen ditu zerbitzuak. Beharraren arabera, laguntza programa ezberdinak lantzen dituzte.
Agifes elkartea 1985an sortu zen, buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien senideei laguntza-guneak eskaintzeko, eta era berean, Gipuzkoako gizartearen buru osasuna hobetzeko. Gipuzkoa mailan egiten dute lan. 1.036 bazkide ditu, eta 52 profesional. Buru nahasmenduarekin 325 pertsona artatu dituzte, eta 122 familia. Buru osasun arazoak normalizatzea eta pertsonak gizarteratzea, kolektiboarentzat kalitatezko zerbitzuak aldarrikatzea, pertsonen eta familien bizi-kalitatea hobetzen laguntzea zein osasun mentaleko arazoak dituztenen eskubideak bermatzea du helburu. Goierrin ere eskaintzen dituzte programa ezberdinak.
Familia eta pertsona bakoitzaren beharrarren arabera, programa ezberdinak eskaintzen ditu Agifesek. Beasainen babes-etxebizitza bat dute. Gainbegiratze jarraia egiten dute bertan. Veronica Pazos elkarteko harrera, boluntariotza eta sentsibilizazio programaren koordinatzaileak azaldu bezala, hamar lagunentzako tokia dago. «Osasun mental arazo larriak dituzten pertsonentzako da, egunerokotasunean laguntza dexente behar duten pertsonentzat». Normaltasunez ateratzen dira, haien eguneroko jarduerak egiten dituzte, eta ateratzen diren guztietan, hezitzailearen eta psikologoaren laguntza dute. Babes-etxebizitzaren xedea da haiek «gune komunitario batean bizi ahal izatea, bizimodu normala izatea, baina aldi berean profesional baten laguntza izatea eguneroko oinarrizko beharrei aurre egiteko». Aurretik Legorretan zegoen babes-etxebizitza, eta Beasainen bost-bat urte daramatzate.
Bizimodu autonomorako laguntza programa bat ere eskaintzen dute Goierrin. Familiarekin edo bakarrik bizi diren buruko osasun arazoak dituzten pertsonen etxera joaten dira hezitzaileak. Hala, haien ingurunean mantentzen dira laguntza duten bitartean. «Bizi-kalitatea dutela bermatzen da, haien beharrak asebetetzen direla, eta kolektiboaren autonomia sustatzen da».
Goierriko datuak
Etxeko laguntzaz gain, Donostian orientazioa, babesa, laguntza taldeak, bakarkakoa…programa ezberdinak eskaintzen dituzte. Donostian egonagatik ere, Gipuzkoako eskualde guztietako herritarrak artatzen dituzte. Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen familientzako laguntza taldeen programaren barruan, %3 goierritarrak dira. Bakarkako laguntzari dagokionez, erreferente den psikologo baten laguntza duten familien %5 dira Goierrikoak. Bakarkako laguntza jasotzen duten buruko osasun arazoak dituzten goierritarrak, berriz, %8 dira.
Berdintasun batetik abiatutako ezagutza eta garapena sustatzeko programa bat ere badute: elkarrenganako laguntza programa. Pazosek azaldu duenez, berdin dagoen pertsona batekin egoteko aukera ematen du. Bizimodu normala daraman pertsona batekin, prozesua landu duena, eta orain laguntza eskaintzen duena, bizipenak elkarbanatzeko, eta errekuperatze- prozesuan lagun izateko. Programa horretako %6 dira goierritarrak. «Buruko osasun arazo bat duen beste batekin, bere ingreso psikiatrikoak izan dituena eta egoerari buelta eman diona».
Estigma eta distantzia
Donostian dauden arren, elkarteak edonori ematen dio arreta. 2022ko datu orokorraren arabera, Donostiara elkartera orientazioa edota laguntza eskatzera gerturatu ziren Gipuzkoako pertsonen %6 izan ziren Goierrikoak. Lurraldeko eskualde batean edo bestean, datuak ezberdinak direla nabari dute. «Batzuetan ikusten dugu gehiago koastatzen dela guregana etortzea, ez dakit estigma den edo distantzia den». Halere, Pazosek argitu du distantzia ez litzatekeela arazo izan beharko, bestelako erraztasunak eskaintzen dituztelako. Online egiteko aukera ematen dute, eta momenturen batean Donostiara joatea eragozpena balitz, profesionalak mugituko lirateke.
Estigmari dagokionez, pandemia garaitik aldaketa txiki bat nabaritu dute. Osasun mentaleko arazoak bisibleagoak izan direla, alegia. Depresioaz gehiago hitz egin da, baina beste buruko osasun arazo batzuez ez horrenbeste. «Oraindik ezjakintasun handia dago. Arazo batzuk beste batzuk baino estigmatizatuago daude. Eskizofreniak edo pertsonalitatearen trastornoak oraindik lanketa handia behar dute». Elkartearen mezua argia da: gertu daude, eta laguntza ezberdinak eskaintzen dituzte osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonentzat zein haien senideentzat. Bakoitzaren bizi-proiektua lantzen laguntzen dute, programa ezberdinekin. Elkartearekin harremanetan jartzea doakoa da. Gero, zerbitzuaren arabera, kostu ekonomikoa izan dezake. Elkarteak dio, baina, arlo ekonomikoak ez lukela galarazpena izan behar. Pertsonak ekonomikoki aurre egin ezin badio ere, arreta emango diotela.
Buruko osasun arazoak ikusarazten, horiek normaltasunez tratatzen eta gizarteratzen, eta errekuperazioa posible dela bermatzen lan egiten du Agifesek. « Beste laguntza batzuen osagarri diren laguntzak eta babesak eskaintzen ditugu, buruko osasun arazoa duten pertsonek eta haien familiek errekuperatu daitezen eta pixkanaka pausoak eman ditzaten, hala bizi-kalitate oparoa izan dezaten».
Zineforuma Beasainen, ekainaren 13an
Sentsibilizazioa da Agifesen beste ardatzetako bat. Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloa antolatzen dute sentsibilizazio programaren barruan. Gipuzkoako hainbat udalerritan zineforum saioak eskaintzen ditu elkarteak. Ekainaren 13an, Beasainen izango da. Palabras en las paredes del baño filma emango dute Usurbe Antzokian, 19:00etan. Eskizofrenia paranoidea duen nerabe baten istorioa kontatzen du. Proiekzioaren ondoren, filmaren mezuaren inguruan hausnartzeko solasaldia izango da. Sarrera doakoa da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira antzokiko leihatilan, ekainaren 6tik aurrera. Zikloaren helburua buru osasuneko arazoak ezagutaraztea eta buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea da.