Goierri Fagota Goierriko LGTBIQ+ taldea da. Kide gazteak eta eraldaketarako gogoa dituzte bereizgarri.
Nola eta zein helbururekin sortu da Goierri Fagota?
Lazkaoko talde feministak bultzatuta sortu zen taldea, ekainaren 28aren testuinguruan. 2022eko ekainaren 28ko manifestazioa antolatzeko LGTBIQ+ talde bat izaten hasi ginen eskualdean. Denboran zehar talde hau hazten eta garatzen joan da, eta gaur egun Goierriko herrietan LGTBIQ+ komunitateko jendearen artean babes sarea sortzeko helburua dugu. Horrez gain, Goierri Fagota talde gisa herritik herriarentzat eraikitzea proposatzen dugu, jardun politiko guztia hirietara mugatu beharren. Garbi utzi nahi dugu Goierri Fagotak ez duela inongo loturarik talde politikoekin.
Zer da ‘Fagota’ eta zergatik aukeratu duzue izen hori?
Goierri Fagota kontzeptua Lazkaoko gazte talde baten euskal jerga batetik eratorria da, briltegitik hain zuzen ere. Honen zergatia kolektiboko jendeari erreferentzia egiten dio. Fagota hitzari dagokionez, komunitateko jendea zapaltzeko erabili izan ohi den hitza da, eta horri aurre egiteko gure egitea erabaki dugu.
Orain arte zertan aritu zarete lanean eta nola funtzionatu duzue? Aurrera begira zer duzue pentsatuta?
Kontuan izanik duela urte bete sortutako talde bat garela, hasi besterik ez gara egin. Pixkanaka gure bidea irekitzen hasteko, aurtengo Beasaingo festetako txosnan eta bertako protokolo bateratuan parte hartzeko aukera eman zaigu.
Etorkizuneko planei dagokionez, aurten Lazkaon egingo den Ekainaren 28ko manifestazioa antolatzeko asmoa dugu. Hitzaldiak ikastetxe ezberdinetan emateko aukera izanez gero, hau egiteko asmoa ere badugu. Aipatu ziberaktibistak ere izango garela, Twitter eta Instagram sare sozialetan batik bat, honen helburua kolektiboko beharrak asetzea izanik.
Amaitzeko, esan, belaunaldi berriei aurrekoek eduki ez zutena eskaintzea dela gure proposamena. Horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua eta beharrezkoa aurrez aipatutako hitzaldi motak sustatzea.
Nola ikusten duzue Goierriko LGTBIQ+ errealitatea?
Gauza asko hobetu badira ere, nabarmena da gaur egun kolektiboko jende asko baztertua edota lekuz kanpo sentitzen dela bere nortasuna dela eta. Gainera, zoritxarrez oso barneratuta dago gizartean eraso LGTBfoboak modu berbal batean ematea, erasoa ez baita beti zerbait fisikoa. Azpimarratzekoa iruditzen zaigu badaudela haien interesen baitan gure «alde» egiten duten kanpaina asko. Horregatik, garrantzitsua dela uste dugu pinkwashing-a benetako aktibismotik ezberdintzea. Hau esanda, komunitateko arazoei komunitatetik aurre egitea dela biderik egokiena sinesten dugu, elkarlanari esker LGTBIQ+ eskubide asko lor daitezkela helaraztearekin bat.