Mikel Balentziagak (Zumarraga, 1988) Athletic utziko du denboraldia amaitzen denean. Hamabost denboraldi egin ditu talde zuri-gorrian. Bi Superkopa irabazi ditu eta Txapeldunen Liga eta Kopako finalak jokatu ditu. Numancia eta Valladolid taldeetan ere aritu zen. Futbolean jokatzen jarraitzeko asmoa azaldu du, baina oraindik ez du ezagutzera eman non arituko den.
Umea zinela Realaren deia jaso zenuen.
11 urterekin, urte osoa Realarekin entrenatu nuen. Ondoren, Bruneteko txapelketa ospetsua jokatu genuen. Baina Urolara itzuli behar izan nintzen, Realak ez ninduelako haur mailako lehen urterako hartu. Bi denboraldi egin nituen Urolan eta kadete mailan, 13 urterekin, Realera itzuli nintzen.
Dagoeneko atzelari postuan jokatzen al zenuen?
Aurrelari bezala joan nintzen Urolatik Realera, baina Realean ezkerreko erdilari bezala hasi nintzen. Gazte mailan hasi nintzen atzean jokatzen. Eta Realaren bigarren taldean finkatu nintzen atzelari bezala.
Ia postu guztietan jokatu zenuen.
Realean jokatzea eta norberaren herriko taldean jokatzea ez da gauza bera. Realean talentu handiagoko jokalariak daude eta ni bezalako aurrelariak pixkanaka atzeratu egiten dituzte. Atzelari bezala jarri nindutenean, argi nuen beste postu bat zela, baina dohaiak nituela: bai fisikoki eta bai mentalitate aldetik. Lehen mailan jokatzeko talentu handia behar da eta talentu asko ez duenak besteak baino indartsuagoa izan behar du.
Mentalitatea aipatu duzu. Zentzuduna, langilea eta lasaia dirudizu. Dohain garrantzitsuak dira.
Beti moldatu naiz egoera berrietara: postu berrietara, talde berrietara, aulkian egotera… Nire indarguneetako bat burua izan da. Fisikoak ere lagundu dit, fisikorik ez baduzu ezin baituzu elite mailan jokatu, baina buruak lagundu dit batez ere.
Ze oroitzapen duzu Realean emandako urteez?
Realaren harrobian jokatzeko aukera izatea zorte handia da. Pertsona eta jokalari bezala hezi ninduten.
Norekin jokatu zenuen Realean?
Donostiara Xabier Jorgerekin joan nintzen eta 19-20 urte bete arte elkarrekin jokatu genuen. Oso lagun onak gara. Gauza asko bizi izan ditugu elkarrekin. Realaren bigarren taldean Imanol Agirretxerekin, Borja Viguerarekin, Carlos Martinezekin, Dani Estradarekin, Gorka Elustondorekin, Asier Illarramendirekin… jokatu nuen.
Horietako asko Realaren lehen taldera igo ziren. Zu, ordea, Athleticera joan zinen.
Denboraldiaurrea Realaren lehen taldearekin egiten ari nintzen, baina argi utzi zidaten lehen taldean ez nuela tokirik. Bigarren mailako beste talde bat bilatzeko esan zidaten, utzita joateko. Baina aukera gutxi nituen, 2.B mailako jokalaria bainintzen. Athleticen eskaintza iritsi zen, Reala ez zebilen diruz ondo eta Athleticek ordaindu zuen milioia ondo etorri zitzaion. Bai Realari eta bai niri oso ondo iruditu zitzaigun. Realean ez nuen tokirik eta Athleticek lehen mailan jokatzeko fitxatu ninduen.
Nolakoak izan ziren Athleticen eman zenituen lehen pausoak?
Lehen hemezortzi partidak jarraian edo ia jarraian jokatu nituen. Baina lehen denboraldiko bigarren itzulian titular izateari utzi nion. Bigarren denboraldiko denboraldiaurreko lehen egunean, Joaquin Caparros entrenatzaileak niretzat onena utzita joatea izango zela esan zidan. Tristea izan zen, baina ez zitzaidan kostatu erabakia onartzea. Talde bila hasi nintzen eta Soriako Numanciara joatea erabaki nuen. Oso gustura egon nintzen bertan.
Denboraldi ona egin zenuen.
Nire lehen denboraldia zen etxetik kanpo eta kosta egin zitzaidan egokitzea. Hamabost urte daramatzat elite mailan eta gehien kosta zitzaidan urtea izan zen. Baina hamahiru euskaldun geunden aldagelan eta zelaitik kanpo plan asko egiten genituen elkarrekin. Goiria, Lafuente, Barkero, Txomin Nagore, Jaio, Garmendia… esperientzia handiko jokalariak ziren. Eta pertsona onak.
Zergatik kosta zitzaizun egokitzea?
Soriako urteak asko lagundu zidan etorkizunari begira. Aipatu ditudan taldekideek futbola ez dela bizitzako gauza bakarra erakutsi zidaten. Partida txar baten ondoren, etxean gelditzen nintzen. Goiria nire etxera etortzen zen, ate joka: «Benga Balen, jaitsi zaitez!». Elite mailan hiri bat, zalego bat, sentimendu bat… dituzu atzean. Sorian ikasi nuen nola bizi garaipenak eta porrotak.
Valladoliden ere jokatu zenuen.
Hurrengo denboraldian Bilbora itzuli nintzen eta beste urtebete egin nuen Bilbon Caparrosekin. Baina oso gutxi jokatu nuen. Numanciako urte horri esker, Athleticen jokatu nuen hurrengo urte horretan buru aldetik oso indartsu egon nintzen. Nahiz eta ez jokatu, entrenatzera irribarre batekin joaten nintzen eta dena ematen nuen. Oscar de Marcosek ere ez zuen batere jokatu urte hartan eta Gurpegik, Orbaizek eta gainontzeko beteranoek gure jarrera txalotu zuten. «Ez duzue batere jokatzen, baina beti irribarre batekin etortzen zarete entrenatzera eta dena ematen duzue. Atsegina ematen du zuek ikustea», esaten ziguten.
Nolakoa zen Caparrosekin zenuen harremana?
Caparros izan zen Athleticen jokatzeko aukera eman zidana eta eskertzekoa da. Lehen denboraldian 26 partida jokatu nituen, baina ondoren ez nuela asko jokatuko eta utzita joatea niretzat hobea izango zela esan zidan. Eta denborak arrazoia eman dio.
Athleticeko laugarren denboraldian Valladolidera joan zinen.
Lehen urtean bigarren mailatik lehen mailara igotzea lortu genuen eta bigarren urtean mailari eustea. Oso urte onak izan ziren, bai kirol arloan eta bai pertsonalki. Aldagelarekin eta entrenatzailearekin, Djukic-ekin, zortea izan nuen. Ondoren, Athleticera itzuli nintzen eta ordutik 10 urte pasa dira.
Nor zen entrenatzailea Athleticera itzuli zinenean?
Valverderen bigarren aroko lehen urtean iritsi nintzen eta berarekin eman ditut urte gehien. Nire futbol ibilbideko entrenatzaile bereziena izan da. Berarekin bizi izan ditut urte onenak. Superkopa irabazi genuen, Txapeldunen Liga jokatu genuen, lau urtez jarraian Europa Ligan jokatu genuen, Kopako finaletara iritsi ginen… urte oso bereziak izan ziren. Athleticek egun izan dezakeen entrenatzaile aproposena da.
Athleticen tokia egitea kosta zitzaizun, baina 300 partida baino gehiago jokatzea lortu duzu.
Egindako lanaren sari gisa ikusten dut. Ez nuen ilusioa galdu. Egunero barruan nuen onena ematera joaten nintzen eta horrekin lasai sentitzen nintzen, bai jokatzen nuenean eta bai jokatzen ez nuenean. Kuko Zigandarekin ere asko jokatu nuen, baina Berizzorekin eta Garitanorekin minutu gutxiago izan nituen. Urte horietan ere oso ondo moldatu nintzen. Guk astero jokatu nahi dugu, baina rolak aldatu egiten direla ulertu behar da. Buruak asko lagundu zidan. Rola aldatu nuen: astero jokatzeko prest nengoen, baina ez zen tokatzen astero jokatzea. Lasaitasunez eta entrenatzera irribarre batekin joanez, gauzak askoz ere errazago izaten dira.
Zer pentsatzen duzu jokalari bat jokatzen ez duelako haserre ageri denean?
Nik eguneroko lana eta eguneroko bizitza asko baloratzen dut. Une oro futbolaren gainetik egon behar dugu. Futbola oso garrantzitsua da gure bizitzan, gure lana da, baina futbolak ezin du gure bizitza osoa baldintzatu.
Zein izan da zure ibilbideko egun pozgarriena?
Egun bat baino, egunerokoa hautatuko nuke. Beti izango dut gogoan Lezamako egunerokoa: entrenatzera joan, lagunekin gosaldu, entrenatu… Lezamako egunerokoaren falta sumatuko dut. Jokatzen jarraitzeko asmoa dut, Numancian sekulako giroa genuen, Valladoliden ere bai… baina Lezaman dugun egunerokoa ezberdina da.
Arantzatxoren bat ba al duzu?
Athleticekin Kopa ez irabaztea. Jokalari bezala ezin izan dut, ea zale bezala lortzen dudan.
Non ikusten duzu zure burua datorren urtean?
Ez dakit, baina emaztea eta biok edonora joateko prest gaude. Nire burua ondo ikusten dut, bai fisikoz bai ilusioz. Gorputzak eta ilusioak esango didate noiz arte luzatu nire futbol ibilbidea.
Ez zara futbol profesionalaz nekatu.
Futbola eta futbolaren egunerokoa asko gustatzen zaizkit. Futbolari profesionala izatea ardura handia da eta Athleticen are gehiago, baina poztasunak eta sentipenak ere handiagoak dira eta horrek egiten du Athletic berezi. Jendeak maitatua sentitu naiz. Badakigu partida txar baten ondoren kritikak izango ditugula, astero azterketa bat dugula, baina naturaltasunez eraman behar da. Gaizki jokatzen dudanean kritikak jasotzeko prest egon behar naiz.
Asko aldatu al da futbol profesionala azken hamabost urteetan?
Futbola baino gehiago, gizartea. Ni ez naiz sare sozialen zalea. Ondo erabiliz gero tresna baliagarria dira, baina beti dago ondo erabiltzen ez dituen jendea. Horrek gizarteari min handia egin dio, futbolari barne.
Nola ikusten duzu Athleticen etorkizuna?
Azken bizpahiru urteetan Bilbao Athleticeko jokalari askorekin jokatu eta entrenatu dut eta talentua dute. Denboraldi hau ez da ona izan bigarren taldearentzat, baina talentua dute eta beteranoon aholkuak jarraitzen dituzte.
Athleticen filosofia ez duzu arriskutan ikusten, beraz.
Athleticek filosofia aldatzen badu, nortasun arazoak izango ditu. Athleticen filosofia guztiaren gainetik ikusten dut.
Etorkizunean zure burua entrenatzaile gisa ikusten al duzu?
Futbolaren egunerokotasuna hainbeste gustatzen zaidanez, jokatzeari uzten diodanean ere nire burua futbol munduan sartuta ikusten dut. Ez dakit gazteekin edo helduekin, baina probatu behintzat egingo dut.
Zeintzuk izan dira zure maisuak?
Ernesto Valverde. Aurten berarekin egon naizen gainontzeko urteetan baino gutxiago jokatu dut, baina inoiz baino harreman hobea eta estuagoa izan dut berarekin. Taldekideei dagokienez, nire maisua Carlos Gurpegi izan da. Lagun mina, berriz, Oscar de Marcos izan da.
Lan gehien eman dizun aurrelaria?
Messi, Joaquin eta Navas.
Messiren aurka lan ona egin zenuen behin…
2015eko Kopako finalean Messik nahi zuena egin zuen, baina abuztuan Superkopa jokatu genuen beraien aurka, gauzak zail jarri nizkion eta Superkopa irabaztea lortu genuen.
Eitzan, Josu Vianarekin
Mikel Balentziaga beti izan da futbol zalea, baina umetan pilotan ere jokatzen zuen. Argazkian Eitzako pilotalekuan ageri da, Josu Vianarekin. Eitzako jaietako txapelketa irabazi zuten, 1990eko hamarkada amaieran. Beraien ondoan, Antxon Biain eta Juan Urbizu antolatzaileak ageri dira. Azken hori apirilean hil zen.
Argazki honek oroitzapen politak dakarzkio. «Futbolaz gain, pilota eta txirrindularitza oso gustuko ditut. Pilotari izandako momentu haiek pozez gogoratzen ditut eta faltan sumatzen ditut. Askotan, futbolaz deskonektatzeko erabili izan ditut bai pilota eta bai txirrindularitza, ikusle bezala. Lehen, ostiralero ETB1eko pilota jaialdia ikusten nuen. Egun, gutxiago jarraitzen dut. Baina txapelketako partidak ikusten ditut. Irujo zalea izan naiz. Oso gustuko nuen. Pena izan zen utzi beharra. Irujo azaldu aurretik, Titin nuen gustuko. Txirrindularitzari dagokionez, Virenque gustatzen zitzaidan».
Pilotari bezala, Josu Vianarekin eta Patxi Baraiazarrarekin jokatu zuen batez ere. «Vianak pilotan jokatzen du oraindik. Tope dabil!».
Urolan hasi zenean, pilota uztea erabaki zuen. «Umetan futbolean eta pilotan aritzen nintzen. Bost-sei urterekin futbol zalea nintzen, baina ez nintzen egunero futbolean jokatzen aritzen den horietakoa. Bederatzi bat urterekin Urolaren txapelketa jokatu nuen eta hortik aurrera futbola, futbola eta futbola. Baina, pilotan ere asko aritzen nintzen. 10-11 urterekin, Urolan hasi nintzenean, pilota utzi nuen. Urolan, Txingu, Karli, Gorka… izan nituen entrenatzaile. Gaur egun oraindik lagunak ditudan askorekin jokatu nuen», gogoratu du.