Euskal Herriko historian errotek izugarrizko garrantzia izan dute eta gure inguruko paisaian ere eragina izan dute. Erreka bazterretan, XV. eta XVI. mendean, errota ugari eraiki ziren. Gure inguruan gehienak errekako uraren indarrez lorturiko energiaren bidez jartzen ziren martxan. Beste batzuk ordea, marea eta haize-erroten bidez lorturiko energia erabiltzen zuten.
Errota hauek ingurunean ere izugarrizko eragina zuten, izan ere nekazaririk gabe ez baitzen alerik izango errotetan xehetzeko. Eta beraz, ohikoa zen erroten inguruan garia, artoa, arta-txikia edo garagarra landatutako soroak izatea.
Errotetan errota-harriak ere bere eragina zuen, eta horretarako ezinbestekoak ziren harri hauek lortzeko harrobiak, eta baita horiek lantzen eta mantentzen zekiten harginak ere.
Herritarren bilgune
Igartzako errota txintxo-txintxo urteetan zaindu duen Martina Irizarrek duela urte bete egindako elkarrizketan errota hauen garrantzia garbi azaltzen da. Lantokia izateaz gain, herritarrak biltzen ziren gune ere bazirela aipatzen zigun. Izan ere, gerra garaian, arrazionamendu garaian…, herritarrek gosea zutenean bazekiten errotara joanez gero zerbait jateko aukera izango zutela.
Errota hauei loturik erreka bazterretan burdinola ugari ere izan ziren. Eta aurre-industria honi esker, Goierrin gaur egun izugarrizko industria sarea izatea lortu dugula ere esan genezake.
Denbora igaro ahala ordea, eta tresneria modernizatu den heinean, errotarien lanak indarra eta garrantzia galdu zuen, eta pixkanaka, errota horiek itxi egin ziren.
Hala ere, gaur egun errota hauetako asko oraindik martxan daude, eta gure ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira. Mendeetan zehar garrantzi handia izan dute Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Honexegatik, iaz I. Gipuzkoako Erroten Eguna antolatu zen Gipuzkoa osoan antolaturiko hainbat ekintzekin. Lehenengoak izan zuen garrantzia ikusirik, bigarren bat ere antolatu da eta errotarien topaketa Igartzako Monumentu Multzoan izan zen maiatzaren 6an.
Askotan berritu dute
Igartzako errotaren lehen aipamen zuzenak 1432. urtekoak dira, Igartzako Maria andreak errotariari plazan etxe bat eraiki, eta errota jartzeko baimena eman zionekoak. Urteetan zehar askotan berritu dute, baina seguru gaude, bertako turtukiek (hasieran egurrezkoak, aurrerago burdinezkoak), bertako errota-harriek… lan ugari egin dutela.
Eta hau da maiatzean zehar ospatu dugun erroten egunari loturik azaldu nahi duguna. Gure erroten historia, lan egiteko modua, garai hartan izan zuten garrantzia, bertako etnografia, eta abar luze bat. Igartzako errotan, Martina Irizarri egindako elkarrizketaren zati batekin eta Gordailutik ekarritako etnografia piezekin, besteak beste, ikusgai duzue gure errotaren inguruan antolatu dugun erakusketa. Errotako ateak irekita egongo dira uztailaren 2a bitartean, eta errotagintzari loturiko tresneria eta piezak bertatik bertara ikusteko aukera izango duzue.
Errota zahar maitea uraren ertzean,
uraren ertzean da basati beltzean.
Negar egiten dezu aleak txetzean.
Ni ere triste nabil zutaz oroitzean
Lourdes Iriondo – Xabier Lete