Yoana Garcia Mendizabal • Aranzadi Zientzia Elkartea
Loreak organo sexualak dira; emeak edo arrak, edo biak batera. Kolore bizietakoak, apalak, erraldoiak gure antipodetan, gurean berriz, ñimiñoak dira nagusi. Guztien forma eta egitura kapritxosoek liluratuko gaituzte handipen handiko lupa batekin begiratuz gero. Sofistikazio altuko atalak dira.
Eboluzioari erreparatuz, landare loredunak, loregabeak baina modernoagoak dira, izan ere, polinizatzaileak behar dituzte ernaldu ahal izateko. Landare loredunak eta polinizatzaileek elkarrekin eboluzionatu dute, eta ondorio ekologiko garrantzitsuak ekarri. Ophrys generoko orkideen loreetan ikusiko dugu erlazio estu horren adibiderik garbiena.
Badakigu, naturan ematen diren harremanek, erlazio kate luzea ekartzen dutela ondotik, katea baino, sare korapilatsu konplexua. Motzean, intsektu polinizatzaileak (ez bakarrik erleak, baita tximeletak, euliak, kakalardoak, liztorrak eta inurriak ere) loreetara jotzen dute nektar edo polen bila, eta haien ernalketa ahalbidetzen dute. Intsektuek, beste hainbat animaliren dieta osatzen dute: suge, sugandila eta muskerrena, katagorri eta muxar grisena, hegazti espezie ugarirena… eta tiraka eta tiraka, ezagutu ere egiten ez ditugun elkarrekintzetara iritsiko gara. Landareek, bere aldetik, lurra babestu eta elikatzen dute, lehortea, erosioa eta elikagai galera ekidinez.
Baina non daude lore horiek? Azken urteetako moda dirudi parke eta lorategietako belardiak etxeko zorua bezain «garbi» izatea. «Txukun», kolore zipriztinik gabe, txiribita bakarra orban zikina bailitzan. Ez txiribita, ez txikori-belar, ez milorri, ez asun, ez orkidea.
Baina non arazoa, han erronka. Oiangu Parkeak bioaniztasunaren aurkako ohitura horiei aurre egiteko aukera paregabea eskaintzen digu. Oianguko bereizgarrietako bat zelai zabal eta lauak dira, eta inguruko basoak herriko fauna eta floraren gordailu dira. Oianguko ohitura aldaketa txikiek mesede handia eragiten dute inguruko bioaniztasunean.
Beraz, Oiangu baserriaren pareko zelaia hesola eta sokekin ixtearen arrazoia hango natura ondarea babestea da. Sega-belardi bezala kudeatuko da. Segabelardiak, bereziki anitzak dira landare eta animalia espezieetan. Noski, kudeaketa motak garrantzia izango du, bereziki, ebaketa aldiak, denborak eta ongarriketak. Geroz eta ongarri gehiago, geroz eta aniztasun baxuagoa.
Sega-belardi horrek harremanak zentzu guztietan indartuko dituela esan daiteke. Bere mantenurako, Ordiziako Udala, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Almitza Sega Elkartea jarri baitira elkarlanean. Almitza Sega Elkartea ebaketez arduratuko da, Aranzadi aholku jasangarriez eta udala ekimenari bidea irekitzeaz. Onura, guztiontzat izango da.